Festetako egitarau zaharrek herriari buruzko informazio asko ematen dute. Batetik, herriko merkataritzaren bilakaera, iragarkiak ikusita; eta bestetik, hainbat ekitaldiri buruzko informazioa. Beasaindarrek ahaztuta duten ekitaldia da erreportaje honetan jasotakoa.
Duela 50 urteko Loinatz jaietan, emakumezkoen futboleko euskal selekzioak Frantziaren aurka jokatu zuen, festetako lehen igandean, 1974ko maiatzaren 26an, 17:30ean, Loinazko futbol zelaian. Frankismo beteko garaia zen oraindik, eta euskal selekzioa eta emakume futbola uztartu zituen Beasain Kirol Elkarteak.
Ikuskizun handia
Lazkaoko Beneditarren artxibategiko altxortegian 1974ko maiatzaren 23ko El Diario Vasco egunkariaren 17. orriko kronikako titularrak «Emakumezkoen futbolaren nazioarteko lehen partida» zion. Azpian, «Beasain izango da eszenatokia, datorren igandean» gaineratzen zuen. «Dakigula, oraindik ez da jokatu Gipuzkoako inongo jokalekutan nazioarteko emakumezkoen futbol partidarik. Gerraosteaz ari gara, noski. Lehenago ere, Atotxan, eman zitzaion Donostiako publikoari horrelako gertakariren bat. Gero, dakigula, ez da kirol-programa hau errepikatu», zioen artikuluko lehen lerroek.
«Baina, gure probintzian baloi borobilaren jarduera emakumearengan oraindik errotu ez den arren, Beasainek beste era batera ulertzen du, eta, bere jai egitarauaren barruan, emakumeen nazioarteko match bat sartzea pentsatu du. Beasain Kirol Elkarteak, zailtasun ugari gaindituta, Loinazko Udal Futbol Zelaian Frantziako eta Euskal Herriko emakumezkoen futbol selekzioak aurrez aurre jartzea lortu du».
«Taldea jokalari bizkaitarrez osatuta dago euskal selekzioa (…). Logikoa denez, interes handia dago emakumeen talde horiek futbolaren teknika eta indar fisikoa noraino iristen diren egiaztatzeko, ahalegin handia eskatzen duen kirol batean lehiaketa-partida oso bati eusteko».
Nahiz eta futbol partida hura arrakastatsua izan, beasaindarren oroimenean geratu ez den ekitaldia da.
Beasain Kirol Elkartearen lana
Beasain Kirol Elkarteko orduko presidentea zen Miguel Angel Leon ekimena izan zen emakumezkoen futboleko euskal selekzioaren partida antolatzea, eta bera bai, oso ondo gogoratzen da partida hartaz. «Entzuna neukan Bizkaian, eta Eibarren ere bai, emakumezkoak futbolean zebiltzala. Federazioko presidentea ezagutzen nuen eta hari galdetu nion ea euskal selekzioaren partida bat antolatzeko aukera izango ote genuen Beasainen. Oso ondo iruditu zitzaion». Frantzia aukeratu zuten euskal selekzioren aurkari. «Euskal selekzioa batez ere bizkaitarrek osatu zuten, eta Eibarko jokalariren batek ere bai. Hemen ez zegoen futbolean jokatzen zuen neskarik».
Emakumezkoen munduko futbol txapelketa iragartzen zuen kartelak egin eta Gipuzkoa osoan jarri zituen kartelak Leonek. «Erotuta nengoela esaten zidaten. Berritasun handia zen. Orain ere komentario matxistak egiten badira emakumezkoen futbolarekin, pentsa duela 50 urte».
Loinatz futbol zelaia «lepo» bete zela gogoratzen du Leonek, «arrakasta itzela izan zuen partidak. Loinatz futbol zelaia bete egin zen eta jendea harrituta gelditu zen, nola jokatzen zuten futbolean, batez ere frantziarrekin». 5-1 irabazi zuten frantziarrek. Hurrengo urtean, Belgikaren aurkako lehia antolatu zuten. «Orduan ere zelaia beteta. Orduan ez nuen jarri munduko txapelketa kartelean, munduko txapelketa lau urtean behin jokatzen da eta», dio irribarrez. Elkarteko lehendakaria aldatu zenean bukatu ziren euskal selekzioaren partidak.
1974an ikurrina ere jarri zuten
«Arrisku» gehiago ere hartu zituzten Beasain Kirol Elkartean, frankismo beteko garai hartan. «1974an ikurrina jarri genuen Loinatz zelaian, Iribarrek eta Kortaberriak 1976an Atotxan baino bi urte lehenago», dio Xanti Enparantza orduan Beasain taldeko futbolaria izan zenak. «Juanito Jauregiri esan nion Zaldibiatik ikusteko adinako ikurrina egiteko», gogoratu du Leonek.
Ikurrina [eta pankartaren bat] jarri eta hurrengo egunean Ordiziako Guardia Zibiletan koartelera joan behar izan zuen Leonek. «Guardia Zibiletara deitu ninduten deklaratzera. Ardura nirea zela esan nien, ez nuen elkartea inplikatu nahi. Horretan gelditu zen».