Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Jakineko politiko baten gainbehera bultzatu nahiko banu, eta modu anker samarrean egin, Atauni eta ataundarrei buruzko gezurrak eta zikinak zabalduko nituzke sareetan. Hasteko, kontu faltsua sortuko nuke, profil sinesgarria duen bat. Esaterako: «Arima Beltza Iztueta, ama etxarriaranaztarra eta aita lazkaotarra dituen bide-ingeniari donostiarra. Kultura zalea, hala ere».
Hasierako mezuetan zintzo jardungo nuke. Polemikara eramateko zail diren gaiak argitaratuko nituzke eta, astegarrenera edo, ataundarrei buruzko gezur txikiei ekingo nieke: diosala eginez gero ez dutela erantzuten, harro puntua dutela, ez direla benetako abertzaleak…
Aurrerago, lau digituko jarraitzaile kopurura heldutakoan, gezurragotzen eta zikinagotzen hasiko nintzateke: zabor bereizi gabea, gauez kamioietan eramanda, Sakanako herrietako soroetan sakabanatzen dutela, neronek ikusia dela nire begiekin; Barandiarangalparsorodorronsorotarrek, Erdi Aroan, jatorrizko ataundarrak sutan erre zituztela, eta eurek hartu zutela euren bizilekua; esaera ez dela Ataunen eta Zegaman, ataundarrek Zegaman baino; Apalategibegiristainaierbetarrek, basajaunak eta lamiak ehizatzeko uxaldiak antolatzen zituztelako, erreala zena mitologia bihurtu zutela; eta besteren batzuk, On Joxemiel tartean sartzeko tentazioari iskintxo egin gabe, eguneko bateko edo biko maiztasunarekin, betiere.
Potoloenak bota ondoren, hasieran eginez gero zentzugabekoa izango zatekeenen bat botako nuke: aguazila erresumako errege ustelaren koinatu ustelaren familia usteleko kidea dela edo, biztanleko, Goierriko Hitzaren harpidedun gutxien dituen herria dela.
Hortik aurrerakoa oso erraza litzateke. Nahikoa litzateke politikariaren eta Ataunen arteko loturaren bat aurkitzea.