Ikerketen arabera, garuna, gorputza eta arima osasuntsu mantentzeko bitartekoa da musika, haur, gazte zein helduentzat. Kohesiorako eta sozializatzeko erreminta ere bada taldekako musika. Bizitzaren parte da musika.
Era batera edo bestera, musikaz inguraturik bizi gara. Jaio orduko, sehaska kantak direla, oroitzapen edo momentu bereziak gogorazten dizkiguten kantak direla, bikotearekin egindako lehen dantzaren doinua, bazkal eta afal ondorenetako kantu saioak, herriko jaietako dantzaldiak, kontzertuak… Bizitzako momentu desberdinen parte da musika.
Izan ere, adina edozein dela ere, musikak aldarte eta emozio positiboak sustatzeko gaitasuna dauka. Taldean egiten denez, pertsonen arteko komunikazio gaitasuna, gizarte integrazioa, talde lana, atxikimendua, harremanak eta loturak suspertzen ditu musikak, ikerketen arabera. Azken batean, garuna, gorputza eta arima osasuntsu mantentzeko tresna ezin hobea da musika.
Kantujira taldeak, abesbatzak, batukadak, musika eskolak… musikarekin lotuta bizitzeko modu asko daude. Erreportaje honetan, musika eskoletara gerturatu direnen esperientziak jaso dira, adinean aurrera joanagatik ere, musika instrumentuak hartu eta oholtzetara eta plazetara atera direnena.
Beste edozein arte diziplina bezala
Gero eta gehiago dira, musika eskoletara joaten diren helduak, musika ikastea ez baita haurren kontua bakarrik. Helduen talde horietako bat gidatzen du Ainhoa Enatarriaga legazpiarrak. Zegama, Zerain, Segura eta Mutiloako Tobera musika eskolako irakaslea da. «Arte diziplina guztietan bezala, musika ikasteko aukera ere badago. Instrumentuak jotzen ikasi daitezke adinekoak ere. Zergatik ez!».
Enatiarragak gehitu duenez, egunerokotasuna alboratzeko modua ere bada batzuentzat. «Instrumentuekin hasten direnean, taldeak egiteko aukera ere egoten da. Helduentzako terapia bat ere izan daiteke, ihes balbula bat bezala. Buruarentzat oso ondo etortzen da. Musikak alaitu egiten du pertsona. Oso motibagarria da».
Eta sozializatzeko ere bai, taldean aritzeko aukera ematen duenez, oso arte diziplina egokia baita musika buru osasunerako. Horixe da Toberako Zegama-Segurako musikariz osatutako taldeko, Ordiziako Bosswing jazz band taldeko eta Legazpiko Loak taldeko musikarien sentipena. Musikak elkartu ditu, bizitzaren parte dutelako musika.
Zegamar eta segurar taldea
Tomas Lasa (68 urte), Eugenio Galdos (58 urte) eta Jexux Otaegi (70 urte) zegamarrak eta Julen Telleria (57 urte) segurarra asteazkenero elkartzen dira Tobera musika eskolan, instrumentuak hartu eta elkarrekin jotzeko. «Denon artean lortzen dugu zerbait ateratzea. Kalean ere jo izan dugu musika eskolarentzat, baina guretzat gure momentua hau da, asteazkenetako entsegua. Gure artean elkartu eta aukera hau izatea izugarria da. Giro oso polita daukagu», dio Lasak. Telleriak txistua jotzen du eta abesbatzan ere kantatzen du. Orain, beste pauso bat eman eta gitarra jotzen ikasten ari da. Galdos ere antzera dabil duela lauzpabost urtetatik: «Niri gaztetatik gustatu izan zait gitarra, baina orain arte ez dut aukerarik eduki ikasteko, gure garaian Zegaman txistua jotzen zelako bakarrik. 14 urtetatik gitarra baneukan etxean, baina ez nuen aukerarik izan ikasteko. Nire inguruan ere inori ez zitzaion gustatzen. Orain, jubilatuta nago eta ikasten hasi naiz. Gustatu egiten zait eta taldean ere oso giro ona daukagu».
Otaegi hasi berria da bateria jotzen musika eskolan. «Lehen txistulariekin jotzen nuen danborra. 50 urtean ezer ukitu gabe egon naiz eta Tomasekin Jo Moteill! txarangaren kontuarekin hasi ginen, eta bateria jotzen ikastea probatzea erabaki dut». Hiru hilabete daramatza eta gustura dabil zegamarra. Lasak bonbardinoa jotzen du, eta ahoko soinuak ere bai. «Piezak aurrera ateratzea asko kostatzen zaigu, baina ateratzen dira», nabarmendu du Lasak.
Oso gustura
Asteazkenak oso bereziak izaten dira laukotearentzat, oso ondo pasatzen baitute elkarrekin musika joaz. «Ilusioa edukitzeko ondo pasatu behar da, eta guri musika gustatzen zaigu. Gustuz elkartzen bagara, hurrengo astean ere berriz elkartzeko gogoa sartzen zaigu. Eta etxean ere gehiago saiatzen gara».
Lasak, Galdosek eta Telleriak hirugarren urtea dute elkarrekin. «Eta hemen jarraitzen dugu. Zerbait badauka. Jexux ere etorri zaigu eta Jexux animatzen baldin bada, pixkanaka joango gara. Guretzat inportantea da bloke bat mantentzea». Hala ere, instrumentu jotzaile gehiago ere «hartuko» lituzkete, eta «abeslaria ere bai».
Klikatu erreportajea irakurtzeko