Ordiziako Musika Eskolatik plazara atera dituzte boss, swing eta jazz doinuak.
Duela 5 bat urte Ordiziako Musika Eskolan sortutako taldea Bosswing jazz band musika taldea. Musika eskolako ikasle helduekin osatutako taldea, Edorta De Pedro irakaslearen gidaritzapean. Datorren ostiralean, maiatzaraen 31n, 17:30ean, Ordiziako udaletxe azpian elkartuko dira Bernar Garmendia (saxoa), Iker Aierbe (tenor), Fermin Ibeas (tenor), Aizpea Oiarbide (tronpeta), Xabier Razkin (tronpeta), Urtzi Etxeberria (tronpeta), Iñaki Aierbe (tronboia), Olatz Oiarbide (tronboia), Kati Ormazabal (pianoa), Andoni Unanue (baxua), Joserra Isasti (bateria) eta Ainhoa Gonzalez (ahotsa) ikasturte amaierako kontzertua emateko. Goierriko Jazzaldian ere joko dute uztailean, Ordizian.
Edorta De Pedro, Ordiziako Musika Eskolako tronpeta irakasleak eta taldeen arduradunak argi dauka: «Entseguak oso ondo daude, baina egiten den lana erakutsi egin behar da. Eta gustatzen zaigu. Lana ondo eginda badago, gozamena da. Oso motibatzailea da. Zuzenekoak egin egin behar dira».
Musikaren onurak
Eta noski, horretarako ez dago adinik. «Musika umeen edo gaztetxoen kontua dela uste da. Baina ez. Helduek ere musika instrumentuak ikasi ditzakete eta taldeetan ere jo dezakete. Jende asko harrituta geratzen da gure taldea entzuten dutenean. Musika jotzeak eta musika entzuteak onurak ditu. Ez da beldurrik eduki behar». Boss, swing eta jazz doinuak uztartzen ditu Bosswing jazz bandak. «Jazz estiloa planteatu nien, estilo modernoa. Jazza izan daiteke, edo swing, pop… Nahaste-borraste bat egiten genuen eta ez genekin zer egiten genuen. Eta azkenean izenak uztartu ditugu taldearen izenean: Boss, swing, jazz», zehaztu du De Pedrok. Hamalau kantuz osatutako errepertorioa daukate dagoeneko.
Big Band taldea da, «ezaugarri bereziak dituelako instrumentu aldetik. Batetik, sekzio erritmikoa dauka: bateria, pianoa, baxua eta gitarra. Eta beste aldetik, haizezko instrumentuak: saxoak, tronpetak eta tronboiak. Eta guk lortu dugu ahotsa sartzea, Ainhoa Gonzalezekin».
Adin desberdinetakoak
Ikerketa guztiek diote musikak onura fisiko eta psikiko ugari dituela, eta De Pedrok bat egiten du baieztapen horrekin: «Osasunarentzat oso ona da musika». Are gehiago, elkarbizitzarako eta sozializatzeko tresna oso eraginkorra dela uste du musika taldea. Ordiziako kasuan, adin desberdinetako musikariak elkartzen dira. Musika eskoletako geletan entseatutakoa plazara ateratzea oso gustuko dute Ordiziako musikari beteranoek. «Oso ondo pasatzen dugu».
Musika eskoletako ateak irekita daudela gogorazi du, eta probatzera animatu ditu goierritarrak.
Helduen musika taldeak, bizitzaren musika
Klikatu erreportajea irakurtzeko