Doinua musika eskolatik plazetara, Loak musika taldearekin.
Legazpiko Loak taldeko boskoteak Doinua musika eskolako gelak utzi eta herriko taldeentzako Subeltza lokaletara jauzi egin zuen duela lau urte. Kantuak sortu eta dagoeneko hamahiru kantuko errepertorioa osatua dute. «Letrak eta musika guk sortzen ditugu», dio Loak taldeko Joxe Arizkorretak. Plazara ere atera dituzte, lehenengo Legazpira, eta ondoren iritsi dira Andoaingo eta Ordiziako kontzertuak. Gehiagorako ere, gogoz geratu dira Jose Llamazares gitarra jotzailea, Edu Gil gitarra jotzailea eta ahots nagusia, Joxe Arizkorreta bateria jotzailea, Asier Diez baxu jotzailea eta Txutxi Calvo saxo jotzailea (gehienek sartzen dute ahotsa ere).
Lehendik ere musikaren munduan ibilitakoak dira. Ibilbide luzeko musikariak dira gehienak. Llamazares eta Gil Insanos taldean ibilitakoak dira, Calvo Taudete eta beste hainbat taldetan jotakoa da eta bandako kidea da, eta Arizkorreta gitarra jotzen aritua da urte askoan. Diez lehen aldiz ari da musika talde batean. Bizitzak musika eskolara eraman ditu; han elkartu eta proiektua garatu dute. Arizkorretak instrumentu berria aukeratu du, gitarra jotzen zuen eta orain bateria. «Musika Eskolan konbo taldeak sortzen dira eta hiruzpalau elkartu ginen. Aldaketa bat edo beste egon da tartean, baina geroztik, bosgarren kide bat ere sartu da saxoarekin. Abiapuntua musika eskola izan da. Konboko formatuan abiatu ginen eta gero Legazpiko Udalak dituen lokaletara pasatu ginen. Hortik joan gara garatzen proiektua».
Kantuak sortzen
Kantuak beraiek sortzen dituzte, letra zein doinua, pop-rock estilokoak. «Adinean sartuta gaudela argi dago, baina musika mota nahiko modernoa da, pop-rocka». Euren artean moldatzen dituzte abestiak. «Proposamenak eramaten ditugu, eta denon artean lantzen ditugu. Tartean, bertsio bat daukagu, 80ko hamarkadako talde batena, Jotakie taldearena. Beste hamabiak guk sortutakoak dira». Euskaraz sortzen dute, eta abestietako letrek, kritika soziala (gerrak, etorkinak…), egunerokoaren kontakizunak (heriotza, alzheimerra…), sormen prozesuaren inguruko gaiak… lantzen dituzte. Loak taldearen bost abesti, adibidez, Spotify-en entzun daitezke: Behelaino artean, Garraren bezero, Loturak ez ditut maite eta Iluntasunaren argia kantak.
Taldearen izenak esanahi berezirik ez du. «Bi aukeren artean bati lehentasuna eman genion, eta hartuta zegoen. Deskartez Loak aukeratu genuen».
Gustura, gozatzen
Alegia, loak hartu gabe dabiltzala Legazpiko musikari beteranoak, musikak ematen dien plazeraz gozatuz. «Oso gustura gabiltza. Gure helburua da kantuak sortzea, eta gure artean entseguak egin eta joz disfrutatzea. Sortzen dugun prozesu horretan ahalik eta gehien disfrutatu eta sortzen duguna ahal den neurrian eskaini».
Helburu nagusia kontzertuetan jotzea ez bada ere, argi dute: «Kontzertuak sortzen badira joaten gara, horretarakok entseatzen dugu, jotzeko sortzen zaizkigun aukera guztiei irekita gaude. Baina lehenengo asmoa gure artean musikarekin disfrutatu, gure artean ondo pasa eta sortzea da».
Helduen musika taldeak, bizitzaren musika
Klikatu erreportajea irakurtzeko