Gorka Salmeron argazkilari eta irakasleak (Legazpi, 1969) «opari ederra» jaso du San Telmo museoaren eskutik, bere argazkietako batzuk ‘100 urte. Modernoa eta /edo garaikidea’ erakusketan sartu dituztelako. ‘Leaxpi, industri paisaiak’ bildumako hainbat lan dira, zuri beltzekoak. Aurten 40 urte dira legazpiarra argazkiak egiten hasi zela, Ikatza elkartean lehen urratsak egin eta gero. Irakasle ere bada gaur, eta proiektu berrietan murgilduta dago.
Argazkilaria, ala irakaslea?
Argazkilari, irakasle, aita, artista… 1969ko uztailaren 19an jaio nintzen, gizakia ilargira iritsi zeneko bezperan, eta horregatik esaten dut harreman berezia dudala ilargiarekin. Artistok eta argazkilariok ilargiarekin lotura bat dugu, ilargiak gauza asko baldintzatzen dituelako, baita gure inspirazioa ere.
Inspirazio horren emaitza San Telmo museoan dago ikusgai orain.
Apirilaren 12an inauguratu zuten 100 urte. Modernoa eta/edo garaikidea erakusketan nire lanetako batzuk sartu dituzte, industrializazioari eskainitako atalean. 1989tik 2014ra bitartean osatu nuen Leaxpi, industri paisaiak bildumaren zati bat dira, 46 argazkiko karpeta batekoak, zehazki 1990 eta 1993 artean egin nituenak. Bitrina batean dago karpeta, eta hortik ateratako hamaika irudi ikusten dira. Opari bat izan da erakusketarako aukeratutako 83 lanen artean nirea sartzea. Carlos Canovas, Aurelio Arteta, Nicolas de Lekuona, Oteiza, Txillida… horien lanen pare jarri dute.
Zer sentitu duzu?
19 urte nituela egin zidaten elkarrizketa batean nire izena ezagun egiteko helburua nuela esan nuen, eta argazkietatik bizi nahi nuela. Esan behar dut urte askoan aitortza bilatu izan dudala. Baina denboraren poderioz, aitortzaren premia hori albo batera uzten duzu, eta nahiago duzu lanarekin gozatzea, denbora izatea gustatzen zaizun hori egiteko. San Telmoko erakusketa etapa horretan nagoenean iritsi da, eta bilatu ez dudalako, txundituta nago, eta indartsu, datozen proiektuei aurre egiteko.
Zein proiektu dira horiek?
Oraindik ez dago dena lotuta, baina horietako bat nazioarte mailako lana izango da, handia eta garrantzitsua.
Noiz hasi zinen argazkiak egiten?
Familiatik dator pixka bat. Nire aita Manolok Kodachrome diapositibak egiten zituen. Errebelatzera karta azal hori batean bidaltzen zituen bobinak, eta handik hilabetera etxean postaz jasotzen genituenean, irrikan egoten nintzen diapositibak proiektatuta ikusteko. Ni 1985eko oporretan hasi nintzen argazkiak egiten. Askok pentsatu zuten nire beste burutazio bat izango zela, mineralak, zigiluak edo ikastolako laborategian produktu kimikoekin egiten nituen esperimentuak bezala… Baina argazkien mundua barruraino sartu zitzaidan, eta 15 urterekin, aitarekin argazkigintzan ari zen Julian Auzmendirekin harremanetan jarri, eta Ikatza elkartera iritsi nintzen. Institututik irten eta Kultur Etxeko lokalera joaten nintzen zuzenean, Jose Mari Urcelay arduraduna zenean. Asko lagundu zidan gero bere egunkari kroniketan.
Etxean jarri zenuen gero estudioa.
Nire gelan muntatu nuen estudioa, errebelatua gona mahai baten gainean eginda, handitzailea horma armairuan sartuta… 16 urte besterik ez nituen, eta nik erosi nuen ia dena… Ez nuen diru asko, pagak bakarrik, baina lehentasunak markatzen ikasi nuen. Ordutik, argazkigintzan inbertitzen nabil.
Nondik nora ibili zara ordutik?
Donostiara joan nintzen ingeniaritza ikastera. Ordurako hasita nintzen emultsioekin esperimentatzen, eta 1989an, Aldundiak Gipuzkoako Bost Argazkilari Gazte sarirako aukeratu ninduen. Haren ondotik Arteleku arte zentrora joan nintzen serigrafia ikastera. Han artisten mundua deskubritu nuen, eta artista izan nahi nuela erabaki nuen. Aldundiak beka bat eman zidan gero, antzinako argazkien teknikak ikertzeko, eta ingeniaritza utzi nuen.
Argazkiaren munduan murgildu zinen esklusiboki orduan?
Bai, eta argazkiak egiten eta argazki munduan ikasten jarraitzeaz gain, erakutsi ere egin nuen, eta hainbat tailer eman nituen Zumarraga-Urretxun, Tolosan, Hernanin, Donostian…
Lan ugari egin zenuen garai haietan.
Aipagarriak dira 1991 eta 1992an Patrizio Etxeberriaren lantegian egin nituenak. Ignacio Arbideren bidez lortu nuen baimena, eta industrializazio eredu haren mende bateko ibilbidearen amaiera dokumentatzeko zortea izan nuen. Ordukoa da Leaxpi industria paisaiak, eta hura izan da nire lanik esanguratsuena eta gehien mugitu dena, atzerriraino. Gariren lehen diskorako azala ere egin nuen 1995ean. Hertzainak taldearen jarraitzaile amorratua nintzen, eta hura egitea ikaragarria izan zen, baita prentsan irakurtzea ere «musikari irudia jartzea» lortu nuela.
Zeintzuk izan dira zure ibilbideko beste mugarriak?
Asko izan dira! Elgoibarko Ongarri argazki taldearekin izan dudan harremana da bat. Euskal Herriko argazkilarien lanak bultzatu ditu, eta haien bidez erakusketa pila bat egin ditut, katalogoak eta liburuak argitaratu dizkidate… Ongarrik eman didana ez dit beste inork eman. Jesus Mari Sarasua izan dut bidelagun Ongarrin.
Zarauzko Photomuseuma ere aipatu behar dut. Han egin nuen argazkiak berreskuratzeko eta kontserbatzeko ikastaro bat Leopoldo Zugazarekin. Asko ikasi nuen, eta hari esker, duela 30 urte errebelatu nituen argazkiak lehen egunean bezala daude. Oso inportantea da argazkiak ondo prozesatzea, denborarekin kalitatea galdu ez dezaten.
Txo kolektiboak ere izan zuen bere lekua zure ibilbide horretan.
Hala da. Carlos Ausserdlascheider margolaria aitaren bidez ezagutu nuen, eta aurrerago, Zurrantegin zuen etxean elkartu nintzen eta han sortu genuen Txo! artisten kolektiboa, 1990-1993 urte bitartean indar handia izan zuena.
Izen batzuk aipatu dituzu. Ba al dituzu gogoratzeko gehiago?
Errenteriako Gaspar galeriako Pepa Makazaga, harekin egin nuelako lehen erakusketa serioa; Edorta Kortadi kritikoa, urte hauetan asko lagundu didalako; Esteban Lozano, Gasteizen erakusketa batzuk mugitu dizkidalako… Nire gurasoak eta arreba, Susi nire emaztea izandakoa, Pelu, Tobaritx, Rober Oria koinatua… eta argazkigintzari esker ezagutu ditudan abeslariak, musika taldeak, idazleak eta abar. Asko izan dira!
Nolakoak dira zure argazkiak?
XIX. mendean bezala, kamera handiak erabiltzen ditut, eta zuri-beltzeko argazkiak egiten ditut batez ere. Kamera handiak erabilita, negatiboak edo plakak ere handiak dira, eta kalitatea ere, halakoa. 1995ean hasi nintzen kamera horiek erabiltzen eta plaketako batzuk 20×25 zentrimetrokoak dira. Pentsa zer kalitatea izan dezaketen horiek 35 milimetroko negatibo txikiekin alderatuta.
Errebelatua ere zuk egiten duzu?
Neuk errebelatzen ditut, bai, prozesua eta materiala asko zainduta: emultsioak, biratuak… Errebelatuaren prozesu hori gustatzen zait, ukitu, sentitu, disfrutatu, saltseatu, esperimentatu egin behar dut. Negatiboak hor ditut gordeta, apaletan, «kozinatzeko zain».
Nola esperimentatzen duzu?
Beti saiatu naiz eboluzionatzen eta esperimentatzen, bai. Argazkiekin batera asko jorratu dudan beste arlo bat, serigrafia bezalako beste teknika batzuen bidez irudiak manipulatzea da. Gaur, Arte Ederretan graduatua naizela, esango nuke saiatzen naizela argazki lengoaiaren aukerak ikertzen. Nire lan horren pisua argazkian dago, baina beste teknika batzuk ere erantsi dizkiot.
Eta argazki digitalik egiten al duzu?
Nik digitala bakarrik erabiltzen dut argazkien erreprodukzioak egiteko, ordenadore pantailan ikusi ahal izateko. Mugikorrarekin egiten ditut argazki digitalak. Bestela, soinean kamera txiki bat daramat beti, baina karreteduna.
40 urteren ondoren, ondare ederra izango duzu.
Bai, eta gehiengoa ineditoa, negatiboetan dago. Lehen gehiago sartzen nintzen laborategira orain baino. Laborategian sartzeak ikaragarrizko kostua dauka, materiala lehen baino garestiagoa da, eta eskasagoa. Nik zilarrarekin egiten dut lan, urrearekin… XIX. mendean egiten zuten bezala.
Argazki komertzialak ere egin dituzu.
Bai. 1993an Zum Edizioak enpresa muntatu nuen Ritxar Tolosarekin, argazki komertzialak eginez irtenbide ekonomiko baten bila. 2005era arte egin nuen lan komertziala. Ondoren, tailerrekin eta ikastaroekin atera nuen bizimodua, unibertsitatera itzuli nintzen arte.
Arte Ederrak ikasi zenuen orduan?
Hura beste mugarri bat izan zen. 2006 urtean hasi nintzen, eta lau ikasturtetan atera nuen karrera, 41 urterekin. Hasi nintzenean emaztea nuen, eta familia handitu genuen Lexurirekin eta Amets jaiotzean. Familia apustu bat egin genuen, eta Susi izan zen gure sostengua. Amaitzean masterra egin nuen, eta gero klaseak ematen hasi nintzen alor publikoan, Nafarroan. Ikasturte honetan Gasteizen nabil, IDarte Euskadiko Arte eta Diseinu Goi Eskolan.
Baina argazkigintzara ere itzuli zara.
Bai, seme-alabak nagusitzen hasi zirenean, ni ere hasi nintzen berreskuratzen nire denbora, nire gauzak.
Zer egin duzu azken aldian?
Azkenetariko proiektua, eta oso polita, pandemian Donostiako Eliz Museoan Joxan Izarekin egin nuen erakusketa da.
Izan dira proiektu aipagarri gehiago.
Politak izan ziren baita ere 1996ean 1996 Imajina Ezazu Euskadi argazkigintzako lehen saria irabazi eta gero Jose Luis Padronekin eta Andoni Salamerorekin egin nituen kolaborazioak. Lehenago, 1992an Rwandan Jokin Otaegirekin bitartez nire aita Manolorekin egin nuen hilabetea ere ez dut ahazteko, hango eskola batean argazki klaseak ematen egon ginen. Beste lan bat da 2003an hasi nuena, GI-632 , errepidea eta Deskargako tunela egiten ari zirenean egindako argazki pila batez osatutakoa. Eta Diputazioak enkargatuta egindako Arrantzaleak ere berezia izan zen; hura koloretan egin nuen.
Legazpin segitzen duzu.
Beti egon naiz Legazpin. Beste lekuren batera joan izan banintz, agian nire lanak beste bide bat jarraituko zukeen. Ni hemen geratu naiz. Nire inguruneko istorioak eta ni zuzenean ukitzen nauten gauzak lantzen saiatu naiz beti.
Eta Burdinola elkartean kolaboratzen duzu, gainera.
Bai, ikerketa lanak egiten. Txinpartak aldizkarian, adibidez, lehengo argazkilarien inguruko artikuluak argitaratu ditut, eta beste argitalpen batzuk ere egin ditut, 2016ko Argitara altxor ahaztua bezala, Patrizio Etxeberria lantegiko argazki zaharrekin osatuta batez ere. Lan horren harira, kritika batean argazki historialari gisa jarri ninduten, eta hura pizgarri handia izan zen.
Argazki zaharrekin liluratuta
Gorka Salmeronek, argazkiak egiteaz gain, beste argazkilari batzuen funtsak berreskuratu ditu, Gerhard Bähr familiaren argazki bilduma, Ignacio Agirre Montegirena, Urretxuko Udalarena eta PESAko argazkilarienak bezala. Horietako bat da argazki kuttun gisa aukeratu duena, Agirre Montegik Marsellan (Frantzia) 1906 urtean egindakoa. «Argazkia ikusi nuenean, argazkigintzaren historian oso ezaguna den irudia etorri zitzaidan burura, Alfred Stieglitz argazkilariarena, 1907 urtean New Yorken atera zuena (bigarren irudia)».
Bien artean paralelotasun bat aurkitu zuen Salmeronek. «Eta bitxiena zera da, Ignacio Agirrek urte bat lehenago egin zuela bere argazkia».
Stieglitzek «bi klase sozialen arteko ezberdintasuna adierazten digu bere argazkian, goian klase altuko jendea eta beheran pobreak azaltzen dira». Agirreren argazkiak «beste zentzu bat» zuten. «Bere begirada ezberdina zen, lotsatia eta urruna. Garai hartako jendearen bizimodua jaso zuen argazkietan, kutsu kostunbrista dute bere argazki askok».
Salmeronek ondo ezagutzen du argazkilari legazpiar horren lana. Legazpiko argazki zaharrena berak egin zuen, 1902 inguruan. Afrikako iparraldea, penintsula ia osoa eta Europa erdia zeharkatu zituen, Gerrate Zibila eta bi Mundu Gerrate aurretik, eta argazki ugari atera zituen.
Bere lan gehiena Legazpiko Burdinola elkarteak du gordeta. Bildumako lehenak haren etxe zaharrean Jose Luis Ugartek eta Batis Otaegik jaso zituzten kristalezko xafla negatiboak dira. Salmeroni berari etxe horretan zegoen material gehiago helarazi zioten herritar batzuek, eta aurrerako argazki gehiago ere bildu zituen, koloretako hainbat irudi horien artean.
Agirre Montegiren argazkien inguruan hainbat lan egin dira: batzuk Salmeronek berak. Erakusketak, egutegiak, hitzaldiak, komunikazioak… Hurrengoa ere presatzen hasiak dira, orain arte ikustera eman ez diren argazki batzuk ere jasoko dituen erakusketa, alegia, Legazpiko Kultur Etxean udazkenean egingo dena.
Argazkilari horren irudiekin bere saltsan ibiltzen da Salmeron, irudi zaharrak eta garai bateko argazki kamerekin ateratakoak direlako gehien gustatzen zaizkionak.