Izena frantsesa, abizena alemaniarra eta nortasuna, izaera eta orain mintzaira euskaldunak ditu Jean-Jules Flesherrek (Salt Lake City, Utah, AEB, 2000). Zortzi hilabete igaro ditu Lazkaoko Maizpiden euskara ikasten, Ateak Irekin iazko udan bisitan etorri eta bertan geratuta. Aitona-amonak euskal herritarrak ditu. Euskalkiak ikasi nahi ditu orain.
Lazkaon pertsona herrikoia bihurtu zara. Zeure burua aurkeztuko duzu?
Jean-Jules izena frantsesez da, eta Flesher abizena Alemaniakoa da; ‘harakina’ esan nahi du. Ez dakit alemanieraz, baina abizena hala dut. Utah-koa naiz. Salt Lake City hiriburuan sortu nintzen. 24 urte ditut orain. Unibertsitatea bukatu nuen; Zientzia Politikoak ikasi nuen, Utahko Unibertsitatean. Txikitatik gustatu izan zait politika eta historia, II. Mundu Gerrako liburuak irakurtzen nituen, eta interesa piztu zidan. Munduko politika konpontzeko ideiak baditut, baina ez dakit onartzen diren. [barrez]
Jatorri anitzak dituzu. Euskal adarra nondik norakoa duzu?
Bi aldeetatik daukat euskal jatorria. Aitaren ama Ezterenzubikoa (Nafarroa Beherea) da, eta amaren aita Arhantsusikoa (Nafarroa Beherea), Zuberoako mugan. Amaren aldeko amona Ortzaizekoa zen, denak baxenafarrak. Aitona-amonak joan ziren AEBetara, 1950eko hamarkadan. Amaren aitak Frantziako Armadan zerbitzatu zuen, II. Mundu Gerra ondoren. Txakurrak entrenatzen zituen. Aljerian ere egon zen. Zortez, ez zen Vietnamera joan.
Lanera joango ziren AEBetara, noski.
Artzain izateko joan ziren, baina iritsi eta gero patroiak beste norbaiti emana zion lanpostua, eta lanik gabe geratu zen aitona. Baigorriko familia batek lagundu zion, eta nekazaritzan hasi zen. Orduan ez zekiten, baina lehengusuak ziren elkarren artean. Lagun min bihurtu ziren. Ingelesez ez zekien tutik, eta hasiera gogorra izan zen. Baina hori Amerikaren historia da. New Yorkera edo San Franciscora iristen zirenean izena markatzen zuten liburuan, eta txartel bat ematen zieten destinoarekin. Treneko langileek ikusten zuten zein geltokitara zihoazen, eta non jaitsi esaten zieten. Euskal komunitateak hotelak eta jatetxeak normalean trenbide ondoan jarri zituen, eta trenetik jaisten zirenean, bazuten nora jo. Horiek dira gure euskal etxeak; AEBetan badaude euskal etxe batzuk, baina euskal klub gehienok ez dugu leku fisikorik. Salt Lake Cityn hotel bat izan zen. Kalifornian, Idahon, Nevadan, Utahn, Wyomingen badaude euskal jatetxeak edo hotelak. Asko izan ziren, baina gero eta gutxiago daude orain.
Amona ere lanera joan zen. Etxeko lanetan aritu zen lehenik, eta Bordelera chateau batera joan zen gero, sukaldeko laguntzaile. Ordura arte frantsesez batere ez zuen egiten, euskaraz bakarrik. 17 senide izan ziren, bi umetan hilak.
Euskal Herria ezagutzen zenuen?
Laugarren edo bosgarren aldia dut Euskal Herrian, baina lehenengo aldia euskaraz hitz eginez. Aitarekin txikitan euskaraz egiten nuen, eta amarekin frantsesez. Gainerako familiarekin eta lagunekin, ingelesez. Euskara eta frantsesa eskolan galdu nituen; beti ingelesez, umeei ez baitzaie gustatzen ezberdina izatea. Tontoa izan nintzen.
Etxean mantendu zuten, beraz, gurasoek ere euskara?
Ez, aitak bere kabuz ikasi zuen gerora, liburuekin eta euskal komunitateko euskaldun zaharrekin hitz eginez. Batuan ez du hainbeste egiten, baina euskalkian, gure familiako euskaran, ondo daki. Amonaren senarra amerikanoa zen, eta ez zuen euskaraz egiten, dena ingelesez. Ez zieten transmititu umeei. Amaren aitak ere bazekien euskaraz, baina ene amonak frantsesez bakarrik egiten zuenez, euskara galdu zen. Amonaren ama ere euskalduna zen, baina aita Belgikakoa. Euskara batuan oso gutxik egiten dute AEBetako mendebaldean; dena euskalkia da. Gure komunitatean bizkaitarrak dira asko.
Zenbat euskaldun zarete Utah-n?
Gure komunitatea nahiko txikia da, ehun-bat familia gara. Utah-n zehar badira bazuk, baina gehienak Salt Lake City hiriburuan gaude. Boisen, Elkon (Nevada), Renon edo Kalifornian handiagoak daude. Elkartzen gara, eta harremana badugu hango euskaldunek. Salt Lake Cityn urtero afaria egiten dugu euskal komunitatearentzat eta bere lagunentzat. Dantza taldea ere badugu, Utahko Triskalariak; Bizkaiko hitz zaharra da triskalariak, eta dantzalariak esan nahi du.
Noiz erabaki zenuen euskara sakontzea?
2022ko abenduan Gazte Mundu programan parte hartzeko aukera eman zidaten. Hemen jarraitzea erabaki nuen gero, euskaltegian, eta iazko urtarrilean eta otsailean Maizpiden egon nintzen. Udan berriro etorri nintzen Ateak Ireki programarekin. Hemen geratu nintzen, eta zortzi hilabete igaro dut, ikasturtea osatzen. Balio izan dit urte honek, asko ikasi dut. Aurrez, hitz batzuk nekizkien, etxean erabili ohi ditugunak; baina hitz egiten ez nekien, ahaztua baineukan. Orain, ene aitarekin egunero euskaraz hitz egiten dut.
Senide gehiago badituzu?
Bai, arreba bat. Aurtengo Ateak Irekira etorriko da. 18 urte ditu. Espero dut laster familia osoa euskaraz aritu ahalko garela. Amak ikasi beharko du… Aukera batzuk baditugu AEBetan ikasteko, baina ez da hemen bezala. Hemen, beti nahitaez euskaraz bakarrik aritu beharra daukagu –gaztelaniaz gutxi dakit–, eta murgildu egiten zara. Hori bultzada handia izan da ikasteko.
Lazkaon gustura egon zara?
Bai, bai. Jendea oso jatorra da. Lehenengo egunean jada Lazkaoko lagun asko egin nituen. Baina hemengo giroa gustatu zait, oso berezia da: kalekoa. Nire hirian ez dago horrelakorik. Mormoiak dira, eta oso zorrotzak dira alkoholarekin, adibidez, edo tabernekin. Ezin dugu kalean ibili. Gehienetan lagunen etxean egoten gara, Iparraldean bezala. Guk kaleko kultura ez dugu, eta hemen asko dago; beti kalean zaudete!
Euskara lantzen jarraituko duzu?
Bai. Duela bi hilabete [otsailean, elkarrizketa apirilaren 26an egina da] lortu nuen B2 maila, Maizpiden. Ez dut azterketa ofizialik egingo, ez baitut behar. Ordutik C1en ibili naiz. Euskara ikasten eta hobetzen jarraituko dut. Ene asmoa euskalki gehienak ikastea da.
Euskal Herritik joaterakoan, zer sentimendu dituzu?
Erdi eta erdi. Zortzi hilabete igaro ditut hemen, eta hango lagunak eta familia ikusteko gogoa badut. Atzo ene amonak 93 urte bete zituen, eta ikusi nahi dut. Amonak egiten du euskaraz; nirekin ez hainbeste, hitz eta esamolde batzuk. Ez dakit nahi gabean edo… haserretzen denean eta; «urde zikina!», hori askotan esaten du [barreak]. Uste dut irailean berriro etorriko naizela Lazkaora.