Ordizia Kirol Elkartearen igeriketa sailak 50 urte bete ditu. Azken mende erdi honetan ehunka goierritar pasa dira klubetik. Urteurrena irailaren 28an ospatuko dute. Ordiziako igerilekuan igeriketarekin lotutako hainbat ekitaldi egingo dituzte eta pilotalekuan bazkaria egingo dute.
Ordizia Igeriketa Goierriko kirol talde beterano eta garrantzitsuenetako bat da. Ehunka gazteri igeri egiteko aukera eman die eta horietako batek, Harri Garmendiak, Joko Olinpikoetan parte hartu zuen. Gainera, Gabonetan egiten duten lehiaketan munduko igerilari onenetako batzuk parte hartu dute.
Ordiziaren eta igeriketaren arteko maitasun istorioa 1973. urtean hasi zen, Espainiako Igeriketa Federazioak Ordiziako 25 metroko igerilekua homologatu zuenean. 1973-1974 denboraldian Villafranca U.C.-ren (gaur egun Ordizia K.E.) igeriketa saila sortu zen. Taldearen sortzaileetako bat Ignacio Potxolo Igea izan zen. Igeriketa taldeak 1974ko apirilaren 4an parte hartu zuen lehen aldiz lehiaketa batean. Bergarako igerilekuan, hain zuzen ere. Handik egun gutxira, apirilaren 10ean, lehen aldiz igeriketa lehiaketa bat egin zen Ordizian. Lehiaketa hartan bederatzi lagunek parte hartu zuten. Horien artean, hamar urte beranduago Amerikako Estatu Batuetako Los Angeles hiriko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen Harri Garmendia Aiertza beasaindarrak. 1976. urtean Espainiako Igeriketa Federazioak Ordiziako 50 metroko igerilekua homologatu zuen.
Taldeak hasiera bikaina izan zuen, baina 1980ko hamarkadaren hasieran eten bat egon zen, 1981. urtean igerilekuko kudeatzaile, monitore eta dinamizatzaile lanpostua atera zen arte. Lehiaketa Jose Luis Elkorok irabazi zuen eta 1981eko irailean aro berri bati hasiera eman zion, bere anaia Joakinen laguntzarekin. 1982. urtean, taldea Villafranca izatetik Ordizia izatera pasa zen, herriaren izen aldaketarekin batera.
1983an Eguberriko igeriketa lehiaketa antolatu zuten, lehenengoz. Garmendia puntaren puntan zebilen eta txapelketetan ezagutu zituen Espainiako goi mailako igerilariak Ordiziara ekarri zituen. Bigarren edizioan herrialde gehiagotako igerilariek parte hartu zuten. Dagoeneko 41 edizio egin dira.
Eguberriko igeriketa lehiaketa 1980ko hamarkadan jarri zen abian eta hamarkada horretan eta hurrengoan bizi izan zuen igeriketa taldeak bere urrezko aroa. 1980ko hamarkada amaieran eta 1990eko hamarkada hasieran, Gipuzkoako talde indartsuena izan zen. 1990etik 1993ra, lau urtetan jarraian, Ordiziak Gipuzkoako talde onenari dagokion saria jaso zuen. Urtero bospasei igerilari sailkatzen ziren Espainiako txapelketan parte hartzeko. 1992an Iker Perez Gibelalde Europako txapelketara joateko sailkatu zen eta junior mailako Espainiako igerilari onena izendatu zuten.
Ordizia eta Lazkao
Garai hartan, Lazkaoko eta Ordiziako igerilariek bat egin zuten: Lazkaoko igeriketa eskola eramaten zuen Iñaki Naldaizek, jarduera bertan behera gelditu ez zedin, Ordiziara jo zuen laguntza eske. Ordutik, taldeko jarduera Ordizia zein Lazkaon egiten da.
1991. urtean, Majori kiroldegia eraiki zenean, Elkorok ezin zituen kiroldegiaren kudeaketa eta taldeko entrenatzaile lanak uztartu eta igerilari ohi batzuek hartu zuten lekukoa: Iñaki Moiuak, Igor Matek, Beatriz Moiuak, Iker Perezek eta Garazi Lorenzok. 2022. urtean egungo talde teknikoari eman zioten erreleboa: Miguel Maikel Calvo da gidaria eta Graxi Elosegi eta Maddi Arratibel igerilari ohien laguntza du. 200 igerilari inguruk egiten dute igeriketa Ordizia Kirol Elkartearen igeriketa sailean. Uztailaren 20an eta 21ean, Majori Kiroldegiko 50 metrotako igerilekuan, Euskal Herriko Txapelketa nagusia jokatuko da.
Ordiziako igeriketa taldetik ehunka lagun pasa dira. Asko dira kluba bihotzean daramatenak. Horietako bat Igor Mate beasaindarra da. 50 urte ditu eta 43 daramatza klubean. Igerilaria, entrenatzailea eta gurasoa izan da. Bere ustez, hainbat faktorek klubaren arrakasta erraztu zuten. «Duela 50 urte egun baino kirol gutxiago zeuden Ordizian: futbol zelaia, frontoia eta igerilekua besterik ez zeuden. Hala, bizilagun gehienak igerilekutik pasatzen ziren. Batez ere emakumeak. Izan ere, emakumeek ez zuten beste aukerarik. Egun, berriz, Lazkaon Ordizian baino igerilari gehiago ditugu. Zergatik? Ordizian konpetentzia handia dugulako».
Gainera, garai hartan igerileku estali gutxi zeuden Gipuzkoan. «Gehienak 1980ko hamarkadaren erdialdean egin ziren. Ordiziakoa 1974an homologatu zen, ordea. Garai hartan, Donostian igerileku estali bakarra zegoen: Bidebietakoa. Eta Donostiatik kanpo, Arrasate, Bergara, Zarautz eta Ordizian. Igerileku estaliak eraikitzearekin bat, udako kirola izatetik negukoa izatera pasa zen».
Hasierako garai hartakoa da taldeak eman duen izar handiena: Harri Garmendia. «Igeak utzi eta Elkorok hartu arte, hutsunea egon zen. Harri Tolosara joan zen eta Joko Olinpikoetan Tolosako igerilaria zen. Joko Olinpikoen ondoren, Bartzelonako Montjuic taldeak fitxatu zuen. 1988an Ordiziara itzuli zen. Seuleko Joko Olinpikoetara joateko aukera handiak zituen, baina Amerikako Estatu Batuetan ikasten ari zen eta Federazioak han zeudenei boikota egin zien. Horren ondoren, igeriketa utzi zuen. 1993an itzuli egin zen eta beste denboraldi bat egin zuen. Egun Madrilen bizi da, baina askotan etortzen da».
Ordiziak, igerilariak emateaz gain, ekarri ere egin ditu: Eguberriko lehiaketan munduko onetako batzuk parte hartu dute. Kristin Otto alemaniarrak eta Martin Lopez Zubero espainiarrak, adibidez. Otto Goierriko enpresa batean lan egiten zuen Alemaniako emakume baten laguntzarekin ekarri zuten. «Amua saria zen. Igerilari asko premia larriak zituzten herrialdeetan bizi ziren. Errumaniarrekin harreman estua egin nuen. Hasieran igerilariek gure etxeetan lan egiten zuten».
Klubaren etorkizuna begi onez ikusten du. «Duela bi urte Donostian bizi den Miguel Maikel Calvo kontratatu genuen. Planteamendu berri bat egin du. Taldea indarberritu dugu. Calvok lehenik pertsonak sortu nahi ditu, gero kirolariak eta azkenik igerilariak. Igeriketan gaztetxoei estutu egin izan zaie eta joera hori aldatu egin da. Bestalde, askok 18 urterekin utzi egiten dute eta jarraitu dezaten lan egiten ari gara. Aurki Lazkaon igerileku berria estreinatuko dugu eta ea Ordiziakoa ere lehenbailehen egiten den. Eta ea kanpokoa mantentzea lortzen dugun, udalak kendu egin nahi baitu udaleku ludikoa egiteko». Mende erdia beteta, irailaren 28an ospatuko dute urteurrena.
Lotutako albisteak
Donianzu Murgiondo: «Igeriketak asko eman dit: lagunak, diziplina…»
Endika Mate: «Ordiziako igeriketa taldean oso giro ona izan dugu beti»