Endika Mate (Itsasondo, 2004) igerilari familia bateko kidea da. Bere gurasoak Ordizia Kirol Elkartearen igeriketa saileko igerilariak izan ziren. Hala, ez da harritzekoa bera ere igerilaria izatea.
Nolatan igerilari?
Txikitatik uretan ibili naiz, gurasoak eta aiton-amonak ere igeriketan ibiltzen baitziren. Aitak [Igor Mate] eta amak [Olaitz Duhau] Ordiziako taldean igeri egiten zuten eta aiton-amonek klubarekin kolaboratzen zuten. Ni ere klubeko kidea naiz, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik.
Nola gogoratzen dituzu taldean emandako lehen urteak?
Geroz eta urrutiago ditut, baina taldean igeri egiten genuenok lagun onak ginela gogoratzen dut. Oso oroitzapen ona dut. Beti oso giro ona izan dugu. Garai hartako oso gutxi gelditzen gara.
Igerilari askok unibertsitatera joaten direnean lehiatzeari uzten diote, baina zuk ez duzu utzi.
Lehiatzeko entrenatzen dut. Ez zait gustatzen besterik gabe entrenatzea. Horrela entrenatzeko unea ere iritsiko da, lehiaketak uzteko unea iritsiko da, baina lehiatzea asko gustatzen zait.
Zer ari zara ikasten?
Ingeniaritza Biomedikoa.
Ikasketak eta igeriketa uztartzea zaila al da?
Azkenaldian kostatzen ari zait, baina moldatzen naiz.
Zeintzuk izan dira orain arte lorpen handienak?
Koronabirusa heldu aurretik, nire mailakook dugun helburu nagusia lortu nuen: Espainiako txapelketan parte hartzea. Bartzelonako igerileku olinpikoan lehiatu ginen. Oso esperientzia ona izan zen. Entrenatzailea eta biok bakarrik joan ginen, baina han jende askorekin elkartu ginen.
Selekzioren batekin aritu al zara inoiz?
Gipuzkoako selekzioarekin aritu izan naiz.
Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi al dituzu?
Euskadikoa behin irabazi dut eta Gipuzkoakoa hainbat aldiz.
Zein da zure proba kuttuna?
Bizkar igeriketako 200 metroko proba.
Luzaroan ikusten al duzu zure burua lehiatzen?
Bai. Lehiatzeari uztea ez dago nire buruan ditudan gauzen artean.
Nola ikusten duzu kluba?
Duela bi urte entrenatzailea aldatu genuen. Entrenatzailea eta laguntzaileak berriak dira. Etapa berri bat hasten ari gara.
Aurtengoa urte polita da igeriketa zaleentzat, urte olinpikoa baita.
Hala da. Joko Olinpikoetan jendeak igeriketa ikusteko aukera du, baina lau urtetik behin bakarrik da. Europako eta Munduko txapelketak guk bakarrik jarraitzen ditugu. Bestalde, Espainiako txapelketan nirekin lehiatutako batzuk Joko Olinpikoetara joateko saiakera egiten ari dira eta hori ere polita da niretzat.
Komunikabideetan igeriketak ez du beste kirol batzuk izaten duten presentzia.
Hala da. Igerilariak ez dira beste kirolari batzuk bezain ezagunak, baina gainontzekoak bezain kirolari onak dira. Gainera, askotan beste kirolari batzuk baino gogorrago lan egin behar izaten dugu.
Zein da zure igerilari kuttuna?
Beste askorentzat bezala, Michael Phelps zen nire igerilari gustukoena. Egungoen artean, nire igerilari kuttuna Hugo Gonzalez da. Mallorcakoa da eta Munduko Txapelketa irabazi du. Duela urte batzuk Ordiziako Gabonetako txapelketan parte hartu zuen eta afarian berarekin hitz egin genuen. Oso jatorra da. Ea Joko Olinpikoetan zortea duen!
Lotutako albisteak
Ordizia Igeriketak 50 urte bete ditu.
Donianzu Murgiondo: «Igeriketak asko eman dit: lagunak, diziplina…»