Iñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa
Joan den urtarrilean 100 urte bete dira Vladimir Ilich Ulianov (1870-1924), izengoitia Lenin, 53 urterekin hil zela. Politiko, filosofo, iraultzaile, teoriko eta buruzagi komunista. 1917ko azaroaren 7an langile, laborari eta soldaduen buru izan zen Neguko Jauregia hartzen. Lehen herrialde sozialista sortu zuten. Hurrengo egunean, Errusiako Soviet Kongresuak Herriaren Komisarioen Kontseiluko lehendakari izendatu zuen.
Errusiako 1917ko gizarte-eraldatze ahalegin hark ondorengo ehun urteetako ibilbidea markatu du. Bai Europan, bai Estatu Batuetan eta, zer esanik ez, kolonizatutako herrialdeetako intelektual kritiko, langile eta herri zapalduen artean, izugarrizko itxaropena sortu zuen.
Horren adibide bat bezala, Haakon Chevalier, irakasle Berkeleyn, 1933an Frantzian ibili ondoren, sinetsita zegoen, irabazien bilaketan eta gizakia gizakiaren esplotazioan oinarritutako gizarte batetik erabilerara bideratutako ekoizpenean eta gizon-emakumeen lankidetzan oinarritutako gizarte baterako trantsizioa Kalifornian ere ikusi ahal izango zuela.
Itxaropen haiek mendebaldean poliki-poliki itzaltzen joan ziren, eta 1991ean Soviet Batasunaren sakabanaketa adierazi zuten.
Ehun urte igarota, gure inguruetan txingar batzuk bizirik nabaritu ditut. Egunkari batean, Lenin munduaren patua aldatu zuen iraultzaile sendo eta indartsua izenburua. Baita beste batean, Leninen pentsamendu iraultzailearen gaurkotasuna aldarrikatzeko kongresuan hitzaldi sorta antolatu dutela apirilean Euskalduna Jauregian. Azken mahaian alderdi marxista iraultzailearen izaeraz eta eguneraketaz aritu direla.
Bestelakoak ere irakurri ditut. Adibidez, solo puede llegarse al socialismo agotando el desarrollo capitalista como postuló Marx, eta gehituz, behar bada Estatu Batuak izango da benetako sozialismora helduko den lehen gizartea. Beste izenburuen artean, baita Lenin momia politiko bat Errusian. Gogorrago, lider boltxebikea ‘terrore gorriaren’ ‘gizaseme krudelena’ bezala gelditu da.
Etxe ondoko liburu-dendako erakusleihoan Katrakakek oraintxe argitaratu duen Leninen Todo el Poder para los Soviets idazlan famatua. Segituan Zer Egin? edo Inperialismoa Kapitalismoaren Gain-aroa etorri zaizkit burura.
Leninen Lan Guztiak aspalditik hauts patinarekin lozorroan daude nire Ataungo jaiotetxean. 12. tomoko horitutako orrialdeak gainetik irakurtzen hasi beharrean, 1980ean Moskun erositako biniloak –gerra zibil eta iraultza garai haietako abestiak– entzutea erabaki dut. Egia esan, horien artean Moskuko Defendatzaileen Martxa entzuterakoan ileak zutik jarri zaizkit.