Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Oholtza bat, kiosko bat, gaztetxeko iskina bat, taberna zulo bat, kale kantoi bat… berdin dio tokiak. Ni inguruan baldin banabil eta ikusten baldin badut jende randoma hurreratzen dena delako tokira, heltzen gitarrari, mikrofonoari, orriari, mugikorrari, oboeari, liburuari… eta egiten gustura egiten duen dena delakoa, zera polit bat sentitzen dut askotan. Hunkidura moduko batera iritsi izan dena. Baduena inbidiatik ere. Eta indarretik. Enpatia eta motibazioa direla uste dut.
Ikusten dut jendea adi-adi, sumatzen dut artistaren irrikatxoa, jartzen naiz bere lekuan, eta pentsatzen dut ni, eta zu, eta hori, eta beste hura bezalakoxe nor intseguru bat izango dela. Gustatzen zaiona tarteka bere harrikadak sortzea, ezkutuka oro har, eta lehenengoz (edo ez, baina bueno) atrebitu dena horien parte bat erakusten. Gustatu egiten zait egiten dutenari erreparatzea. ‘Ze majak’.
Lehengo ostegunean ezagutzen ez nuen jendea ikusi nuen jendaurrera ateratzen, haien koadernoa eskuan, egunen batean idatzitako letrak errezitatzera. Balienteak iruditu zitzaizkidan. Gustatu zitzaizkidan testu batzuk gehiago beste batzuk baino. Apuntatu nituen zenbait esamolde. Egin nien txalo. Eta eskertu nien antolatzaileei horrelako toki bat sortu izana; polita iruditzen zait zerbait erakutsi nahi duenari toki bat eskaintzea dena delakoa erakusteko, jartzen zaiolako begia gehiago sortzeari, sorkuntzari, egilearen izen-abizenei baino.
Oso interesgarria da Uxue Apaolazak, Joseba Sarrionandiak eta Martin Bidaurrek esaten dutena. Baina jende randomaren arteak beste zer bat sentiarazten dit niri, txikiagoa, gertuagokoa, indarra ematen didana tarteka nire harrikadak sortzen jarraitu dezadan. Biharamunean ipuin bat idazten hasi nintzen.