Ekologikoa, gertukoa, giza neurrikoa eta ekonomia sozial eta eraldatzailea dira agroekologiaren ezaugarri nagusiak. Itsasoko Urteaga-Urkulegi etxaldearen proiektua da adibideetako bat. Ateak irekiko dituzte bihar.
Itsasoko Urteaga-Urkulegi baserrietan ohituta daude anfitrioi lanean, etxeko ateak ireki, eta euren proiektua erakusten, eta besteengandik ikasten. Bihar, ekainak 22, gonbidatu bereziak izango dituzte Gorka Sasietak eta Pilare Muxikak etxean: EH Kolektiboak antolatutako Baserriko Uzta eguneko ehun gonbidatuak. Euskal Herrian Agroekologia lantzen eta bultzatzen duen baserritar eta herritarren kolektiboa da EH Kolektiboa, 2017an sortua.
Urtaro bakoitzean egiten du agroekologia kolektiboak Baserriko Uzta egitasmoa. Aurtengo udako festa egiteko, Itsasoko Urteaga-Urkulegi etxaldea aukeratu dute, agroekologiaren irizpideak ondo baino hobeto betetzen dituztelako. 2011n ekin zioten Urteaga-Urkulegin produkzio ekologikoari eta 2014az geroztik dira EH Kolektiboko kideak. Horri esker, lana egiteko beste errealitate eta modu batzuk ezagutu dituzte Urteaga-Urkulegikoek.
Bioaniztasunaren bidean
Bihar egingo duten Baserriko Uzta egitasmoarekin, besteak beste, agroekologia ezagutzera eman eta komunitatea indartu nahi dituzte. EH Kolektiboaren sinboloa den amona mantangorriak bideratuko ditu bisitariak Urteaga-Urkulegi etxaldeetaraino, eta itsasoarrek garatu duten proiektua bertatik bertara ezagutu eta produktuak dastatzeko aukera izango dute.
EH Kolektiboaren ezaugarrietako bat baita, herritarrekin eta beste ekoizleekin batera partekatzea eta ikastea, elkarrekin aritzea. «Asko ikasten ari gara, eta asko kolaboratzen dugu», azpimarratu dute.
Bioaniztasunaren aldeko apustua egin dute Urteaga-Urkulegin. Barazkiak, fruta, fruitu gorri txikiak, behi haragia, zukuak, marmeledak… «Eta laster barazki eraldatuak, pureak… Oreka ematen du bioaniztasunak. Ekoizpena bermatzeko modu bat da, modu naturalean, eta ez daukazu produkzio bakarraren menpe egon beharrik. Batak bestea konpentsatzen du», nabarmendu du Muxikak. «Ez da sasoi bateko lan bat, urte osoan dauzkagu produktuak eta lan desberdinak».
Fruitu gorri txikiek arreta berezia erakartzen dute Urteaga baserrian egindako bisitan. «Biharko politak egongo dira, gorrituta», aurreratu dute. Inguruko basoetan eta mendietan berez hazi izan diren masustak, magurdiak, ahabiak, arabarbak, arakatzak, andere mahatsa… txukun-txukun lerroetan landatuak dituzte. «Duela zortzi bat urte hasiko ginen. Ikastaroak ematen ditugu eta jende asko etortzen da baserrira ikustera eta ikastera».
Fruitu gorri txikiak saskitxoetan saltseaz gain, «marmeladen barietatea edukitzea oso gustagarria da». Zaldibiako Goizaneko eraldatze gunean egiten dituzte marmeladak eta sagar zukuak. Eta laster, barazkiak eraldatzen hasiko dira, «barazki kremak…».
Zuzeneko salmenta eta elkarlana
Zuzeneko salmenta da EH Kolektiboaren oinarria, eta baita itsasoarrena ere. Biziolan, Beasain eta Urretxu-Zumarragako kontsumo taldeetan eta ireki berria den Alegiko sindikatoan salgai dituzte produktuak. «Hainbat taberna, jatetxe eta belar dendatan ere bai».
Elkarlanean aritzea ere bada agroekologiaren ezaugarria, inguruko ekoizleekin elkarlanean sortutako proiektuak bideratzea. «Beti saiatu naiz ingurukoekin antolatzen, bai landarea ekartzeko… gauza batzuetarako komeni zaigulako. Horrek dakar elkartzea, ezagutzea, baratzean ditugun arazoez hitz egitea, askotan arazo berdinak dira… Ekoizpena bideratzea ere bai, beste batzuei instalatzen laguntzea», dio Sasietak.
Biziola jarri du Sasietak horren adibide: «Biziolara barazkiak eramateko ere antolatu egiten gara geure artean. Hasieratik garbi geneukan hasi berriek lehentasuna izan behar zutela, ez zeukatelako merkaturik eginda». Horrez gain, Urretxu-Zumarragako kontsumo taldean ezin zituzten familia guztiak hornitu, eta beste batzuei egiten diete tokia.
Dena den, elkarlana Itsasotik eta Goierritik harago da, EH Kolektiboa Euskal Herriko zazpi herrialdeetako kidez osatuta baitago. «EH Kolektiboaren gauza on bat da, zazpi lurraldeak gaudela, eta beste errealitate batzuk ikusi eta ezagutu ditugu. Aukera ematen digu EH Kolektiboak zereala ekoizten dutenak ezagutzeko, Nafarroan era ekologikoan ekoizten dutenak. Eta horrek aukera ematen du harremanak sortzeko eta ganaduarentzako behar den zereala erosi ahal izateko. Daukagun gertuenetik erostea da gakoa. Nafarroa hor izanda, gure oinarrizko elikagai guztia osatu dezakegu Euskal Herrian bertan».
Giza neurrikoa
Izan ere, garbi dute «elkarrengandik asko ikasteko» daukatela. «Ipar Euskal Herrikoak gu baino 30-40 urte aurretik doaz. Guretzat horregatik da hain garrantzitsua EH Kolektiboan egotea. Orain dela hamar urte flipatu egiten genuen. Guk 13 urte daramagu ekologikoan. Haiek eredu ziren. Poliki-poliki joan gara garatzen. Iparraldean adibidez elkarlaguntza hori oso argi daukate, eta horrela egin dute. Oso-oso elkarrekin gaude. Indarra ematen du elkarlanak».
Agroekologiaren irizpideetan beste kontzeptu bat ere badago: giza neurrikoa. «Multinazionalek ere izan dezakete zigilu ekologikoa», eta hori ere aldarrikatu nahi dute EH Kolektiboan: «Ekologikoa izatea ondo dago, baina benetako ekologikoa izateko gertukoa izan behar du, eta tamaina txikikoa».
Arlo horretan, Ipar Euskal Herrikoek ere «beste mentalitate» bat dutela nabarmendu dute: «Hemen, industria asko dagoelako edo… ondo badoakizu, hazi egin behar duzula edo handia izan behar zarela uste da hemen. Eta Iparraldean ez daukate hori. Behar duzu behar duzuna, ez gehiago».
Hala ere, era ekologikoan ekoitzi, zuzeneko salmentaz baliatu eta ekoizleen arteko harremanaz harago, agroekologiak helburu soziala ere badu oinarrizko helburuetan. «Agroekologia da, nekazaritza ekologikoa egiteaz gain, beste ikuspegi bat ere kontuan izatea. Arlo soziala, adibidez. Ez mugatzea bakarrik pestizidarik eta kimikorik gabeko nekazaritza batera. Erosten diren gauzak nondik erosten diren, gertutasuna, ikuspegi soziala, ingurukoekin dauzkagun harremanak, bai herritarrekin edo beste nekazariekin ere bai… Sare bat lortzea eta denon artean hausnarketa bat egitea, arlo guztietan hobetzeko, eta pentsatzeko zer egiten dugun eta nola egin beharko genukeen».
Agharas Amazigh elkartea Itsason
Arlo sozialari lotuta, EH Kolektiboak Agharas amazigh elkartearekin hasi du elkarlan bidea, «zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboen elikadura eskubidearen aldeko ildoa garatzen duelako». Kulturartekotasunarekin eta kohesio sozialarekin konprometitutako elkartea da Agharas. Barakaldon du egoitza eta Bizkaian aritzen da lanean. 2013az geroztik, Amazigh kultura zabaltzeko eta migratzaileei babesa eskaintzeko ekintzak antolatzen aritzen da. Hala nola, kultur arloko tailerrak, gazteen integraziorako baliagarriak direna. Kultur sorkuntza horren lagin bat eskainiko dute bihar Itsason.
Bestalde, duela lau urte, Agharas elkartekoek kalean bizi diren gazteentzat afariak prestatzen dituzte astean hirutan, eta menu horietarako jakiak euren kabuz eskuratzeko helburuarekin, Gurutzeta auzoko lur sail batean baratza lantzen hasi dira auzolanean, herritarrekin batera.
Biharko gonbidatu bereziak izango dira. Goierrira, Itsasora, Baserriko Uztara etorriko dira zubiak eraikitzera.
5 goierritar edo etxalde dira EH Kolektiboko kide
- Aitor Aranburu eta Judit Garcia (Etxeberri Goikoa, Olaberria)
- Gorka Sasieta (Urteaga-Urkulugi, Itsaso)
- Itsaso Olabide (Haristizabal, Itsaso)
- Garikoitz Aiesta (Mandubi zahar, Itsaso)
- Jose Jabier Basurto (Iruinbengoa, Segura).
Ekainaren 22an Baserriko Uzta festa egingo dute Urteaga-Urkulegin
Udako Baserriko Uzta jaialdia bihar, ekainaren 22an, udako solstizioan egingo dute Itsasoko Urteaga-Urkulegi etxaldean. Baserria, laborantza ekologikoa eta musika uztartzen dituen ekimen «benetan berezia» da Baserriko Uzta. «Urtaro bakoitzean, EH Kolektibo etxalde baten ateak eta musikari baten doinu kutxa zabalduko ditugu. Hala, bien bizibidea, nola, egunerokoa ezagutzeaz gain, beraien uztaz gozatzeko», dio EH Kolektiboak.
«Txandaka» antolatzen dute Baserriko Uzta. «Euskal Herriko zazpi herrialdetako bazkideak gaude EH Kolektiboan eta saiatzen gara herrialdeka txandakatzen», gaineratu du Sasietak.
Gorka Sasietak eta Pilare Muxikak prest dute biharko eguna, inguruko eta EH Kolektiboko Goierriko beste kide batzuen laguntzarekin antolatuta. Boluntario taldea osatu dute festa prestatzeko. Ehun lagunentzako muga jarri dute festarako. Egun osoko festa izango da. Solasaldia ordu txikietara arte ere luzatzen omen da askotan.
Bisita, hamaiketakoa, musika
10:30ean elkartuko dira Itsasoko Urteaga-Urkulegi baserrian eta 11:00etan bisita gidatua hasiko dute. «Gure proiektua aurkeztuko diegu bertaratzen direnei, bisita gidatuarekin. Ekoizpen bakoitza ikusiz joango gara, bi taldetan banatuta». Bost eremu dituzte: baratzea, behiak, fruta, fruta txikiak, eraldaketa (zukuak eta marmeladak), eta hazi ekologikoak.
12:00etan hamaiketakoa izango da. «Gehienbat geure etxeko produktuekin, eta ingurukoekin osatuta. Esnekiak, gazta, ogia… Guk ez dauzkagun produktuak ingurutik ekarriko ditugu», nabarmendu dute.
Hamaiketakoaren ondoren, 12:30ean, Baserriko Uztaren ezaugarria den kontzertua izango da: Jon Maia, Gorka Hermosa eta Nacho Soto goierritarren Kantu berri bat gara kontzertua. «Paperezko Kontzertuen elkarlanetik sortu zen 2017ko udazkenean. Areto eta plazetako ohiko eszenatokietatik aparte, oraingoan landa eremuan jardungo dute musikariek, formatu xume eta intimoan». Aurreko edizioetan Anari, Mikel Urdangarin, Petti, Mice, Uger, Ruper Ordorika eta Xendarineko Ahizpak aritu izan dira agroekologiaren festan.
Bazkaria
Goizeko jarduna amaitu ondoren, lagunarteko bazkari agroekologikoa egingo dute, Urteaga-Urkulegi baserriko belartegian. «Menuko plater nagusia Itsasoko Ostatuko Manuk prestatuko du. Laguntzaile talde bat dago bazkaria antolatzeko». Bazkalondoren, berriz, biharko gonbidatu berezien Agharas elkarteko kideen emanaldia izango da.
Agroekologiaren oinarrizko irizpideak
Euskal Herrian Agroekologia lantzen eta bultzatzen duen baserritar eta herritarren kolektiboa da EHKOlektiboa. 156 kideek «baserrietatik, eta jendartearekin batera, guztiontzako elikadura osasuntsua eta eskuragarria egitea» dute helburu, «lurra, abere eta pertsona guztien errespetuan oinarriturik». EH Kolektiboaren Zuhaitz bateratuak, hiru ardatz, 23 irizpide eta 88 azpi-irizpide jasotzen ditu.
- Giza neurriko etxaldeak.
- Ekonomia sozial eta solidarioa.
- Ekoizpen ekologikoak.
- Gertutasunean oinarritutako proiektuak.
- Laborantza laborarien ogibidea, ez negozioa.
- Elikadura burujabetza.
- Gardentasuna.
Maneiu ekologikoa
- Ekoizpen eredu ekologikoa.
- Bioniztasuna.
- Agroaniztasuna.
- Animalien maneiua.
- Osasuna.
- Kutsadura.
- Lurraren zaintza.
- Energia-kontsumoa.
- Etxaldearen azalera.
Ekonomia sozial eta solidarioa
- Etxaldearen autonomia edo burujabetza.
- Antolakuntza kolektiboa.
- Lan baldintzak, ongizate pertsonala eta gogobetetzea.
- Herritarrekin harremana eta komunikazioa.
- Gizarte bazterketa.
- Generoa eta emakumeen parte hartzea.
- Erreleboa eta jakintzaren transmisioa.
- Euskara ezagutza partekatzea.
- Hartu-eman ekonomiko duinak eta bidezkoak.
- Ekonomia eta bideragarritasuna.
Tokikoa
- Merkaturatze bide laburrak.
- Animali, hazi eta landareen bertakotasuna.
- Ekoizpen eta eraldaketarako lehengaien jatorria.
- Bertako hornitzaile eta zerbitzuen erabilera.