Mikel Sarriegi • Dantzaria
Askotan entzungo zenuen dantzan egitea gorputz-hizkuntzaren bidez hitz egitearen parekoa dela, aldeak alde, jakina. Komunikatzeko adierazpide bat den neurrian, ahozko hizkuntzak bezalatsu funtzionatzen du, alegia.
Ateak ireki programako gazteak AEBtatik etorri dira aurten ere euskara ikastera Maizpidera, baina baita dantzan ikastera ere: ikastaro trinko bat emango diegu datozen astearte-asteazkenean; eta Goierriko dantzak ikasiko dituzte.
Jakina da, fenomeno bitxi moduan, diasporako gazteek Euskal Herriarekiko lotura moduan euskara bera bainoago euskal dantza, dantza-hizkuntza azken batean, baliatzen dutela. Horrela ikusi genuen geuk Argentinan orain urte batzuk bertan dantzatu ginenean, eta horrela gertatzen da munduko Euskal Etxe gehienetan.
Oier Araolaza dantzari eta antropologoari aspaldian jaso genion: dantza klasikoa edo balleta, frantsesez dantzatzea den moduan, eta flamenkoa espainieraz edo dantza garaikidea ingelesez, euskal dantza da euskaraz dantzatzea.
Azken bertsolari txapelketa nagusiaren karira, bada honako hau txiokatu zuenik: «Bertsolaritza da alde handiz errotuen dagoen euskarazko kultur jarduna». Euskal dantza euskaraz dantzatzea baldin bada, barkatuko didate bertsozaleek, baina txioa zuzendu beharrean dagoela uste dut. Esango bainuke hala Euskal Herrian nola munduan zehar, ez dagoela beste euskal jardunik egunerokotasunean, saioetan, entseguetan, ekitaldietan, topaketetan, erromerietan, plazetan… dantzan bezainbat jende biltzen duenik. Euskal dantzan, euskaraz dantzan, dantzeuskaraz eta kito.