Umeak ginela, bazen txantxa modura egiten zen hitz joko bat, gaztelania eta euskara nahastuz: «¿Qué tal?». Erantzuna: «Bastante petral!». Elhuyar hiztegiak lotsagabe modura jartzen du petral-en ordaina gaztelaniaz. Nik uste guk beste zentzu bat ematen geniola hitz horri: hala moduz-en parekoa, gaztelaniaz regular esango genukeena. Pertsona bat –haurra, adibidez– petralduta dagoela diogunean, berriz, gogo txarrez dabilela adierazten da. Eta norbaitek petralkeria egin duela entzutean, besteak izorratzen dabilela ulertzen dugu.
Kontua da bastante petral nabilela ni neu udako lehen egun hauetan. Non eta Donostian. Zer eta turista samaldak direla-eta. Eta hartan, zabaldu dute hedabide batzuetan albiste on modura hauxe: Kontxan, yate bat jarriko dutela bere logela, jantoki, sala eta guzti… turistentzat; yate-hotela, aizu! Horko zaborra nola bilduko ote dute? Donostiatik ihes egin eta luzaroan petralkeria izan den beste afera batekin topo egin dut Gasteizen. Zorionez, akordiora iritsi dira Lazarraga Elkartea eta Udala, eta behingoz irekiko omen dute Izaskun Arrue Kulturgunea. Izaskun Arrue bera etortzen zait gogora, nortasun handiko emakume zimel hura, Gasteizko lehen andereñoa. Agurtzane Ortiz de Landaluzek dauzka jasota haren biografia eta testigantzak Bidegileak bilduman (Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila, 2003). Arriben jaioa 1927an, magisteritza eta erizaintza ikasi zituen Izaskun Arruek Donostian. Gasteizera ezkondu, eta 1963an hasi zen euskaraz irakasten, bere etxean bertan. Bost urtera sortu zuten Olabide ikastola, eta handik beste bost urtera, 1973an, utzi egin zuen ikastola Arruek, euskara batuaren eztabaidarengatik. Ikastolatik alde egin eta gero, erizain gisa aritu zen Abetxukoko anbulatorioan, eta euskarazko klaseak ematen ere jarraitu zuen, batua ez onartu arren, euskararen aldeko militantea baitzen. Ea behingoz martxan jartzen den bere izeneko kulturgunea.
Orain datorrrena ere ez da petralkeria, alderantziz. Berriak argitaratu zuen argazkiarekin geratu naiz; hor ari dira Aranzadiko bi kide kaxa bat altxatzen, bistan uzteko aurkikuntza: harrizko aldare bat, lehen mendekoa, eta bertan Valeria Vitella izeneko emakume batek Larrahe jainkoari egiten dion eskertzea, latinez. Duela ia bi urte topatu omen zuten, Nafarroako Larunbe kontzejuan, Arriaundi mendiko aztarnategian. Nik ez nuen izen hori ezagutzen, baina apustu hemendik aurrera Larrahe batzuk izango ditugula inguruan, ezta? ■