Hilaren 26an Joko Olinpikoak hasiko dira. Aro modernoan, hainbat goierritarrek parte hartu dute. Tartean, Harri Garmendiak eta Susana Frailek.
Joko Olinpikoak kirol ekitaldi handiena eta garrantzitsuena dira. Kirolari guztiek amesten dute noizbait parte hartzearekin. Aurtengoak Parisen (Frantzia) egingo dira eta hainbat goierritarrek parte hartuko dute. Harri Garmendia beasaindarrak eta Susana Fraile zumarragarrak gertutik jarraituko dituzte. Izan ere, bientzat oso bereziak izango dira aurtengo Jokoak, beraien parte hartzearen urteurren borobila betetzen baita: Garmendia igerilariak duela 40 urteko edizioan parte hartu zuen eta Fraile eskubaloi jokalariak, berriz, duela 20 urtekoan.
Pixkanaka, Joko Olinpikoetan parte hartu duten goierritarren zerrenda loditzen ari da. Guztien artean lehenengoa, Antonio Juantegi Eguren (Zumarraga, 1898–Donostia, 1966) futbol jokalaria izan zen. 1924ko Jokoetan parte hartu zuen. Joko haiek ere Parisen izan ziren, duela mendebete.
44 urte pasa behar izan ziren beste goierritar bat Joko Olinpikoetan ikusteko. Bigarren goierritarra legazpiarra zen: Jose Antonio Basabe Saenz de Buruaga (Legazpi, 1945) pilotaria. 1968an Mexikon egin zen edizioan parte hartu zuen. Basabek eskuz binakako txapelketan parte hartu zuen eta urrezko domina lortu zuen, gainera.
Basaberen parte hartzetik aurrera, nahiko ohikoa izan da goierritarren parte hartzea. Hurrengoa Juan Jose Moral Arnaiz (Burgos, Espainia, 1951) txirrindularia izan zen. Arnaiz Euskal Herritik kanpo jaio zen, baina umetan Goierrira etorri zen. Legazpin bizi izan zen eta egun Zumarragan bizi da. 1976an Montrealen (Kanada) egin ziren Jokoetan parte hartu zuen.
Moscuko Joko Olinpikoetan ez zen goierritarrik izan, baina hurrengo 20 urteetan edizio guztietan parte hartu zuen goierritarren batek: 1984an Los Angelesen Harri Garmendia Aiertza igerilariak, 1988an Seulen Xabier Aldanondo Luzuriaga (Segura, 1967) txirrindulariak, 1992an Bartzelonan Mikel Lasa Goikoetxea (Legorreta, 1971) futbolariak, 1996an Atlantan Jokin Mujika Aranburu (Itsasondo, 1962) txirrindulariak, 2000. urtean Sidney-n Iñaki Urdangarin Liebaert (Zumarraga, 1968) eskubaloi jokalariak eta 2004an Atenasen Susana Fraile Zelaia (Zumarraga, 1978) eskubaloi jokalariak. Urdangarinek 1992ko eta 1996ko Jokoetan parte hartu zuen eta brontzezko bi domina lortu zituen. Lasak urrezko domina lortu zuen.
2004tik 2016ra hutsunea egon zen. 2016ko edizioan, Rion (Brasil), Amaia Erbina Araña (Ordizia, 1997) errugbi jokalariak eta Ion Izagirre Intsausti (Ormaiztegi, 1989) txirrindulariak parte hartu zuten. Tokio 2020-ean Ion eta Gorka Izagirre (1987, Ormaiztegi) anaiek parte hartu zuten.
Aurten, Beñat Turrientes Imaz (Beasain, 2002), Irene Paredes Hernandez (Legazpi, 1991) eta Elene Lete Para (Zumarraga, 2002) futbol jokalariak eta Imanol Gartziandia Zabaleta (Urretxu, 1995) eskubaloi jokalaria, ezbeharrik gertatu ezean, Parisen izango dira. Ion Izagirre Intsausti eta Alex Aranburu Deba (Ezkio, 1995) txirrindulariek ere aukerak dituzte. Goierritar kopurua inoizko handiena izango da. ■
Harri Garmendiari eta Susana Fraileri elkarrizketak
Harri Garmendia, igerilari ohia. Harri Garmendiak (Beasain, 1966) Los Angelesen (AEB) egin ziren Joko Olinpikoetan parte hartu zuen. Oso gaztea zen, 18 urte besterik ez zituen, baina primeran gogoratzen du oraindik han bizitakoa.
Susana Fraile, eskubaloi jokalari ohia.Susana Frailek (Zumarraga, 1978) Atenasen jokatu ziren Jokoetan parte hartu zuen. Espainiako emakumezkoen selekzioak sailkatzea lortu zuen lehen aldia izan zen.