Imanol Gartziandia eskubaloi jokalariak Pariseko Joko Olinpikoetan parte hartuko du. Ez da Joko Olinpikoetan parte hartuko duen Urolako harrobiko lehen jokalaria. Duela 20 urte Susana Frailek (Zumarraga, 1978) Atenaseko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen. Frailek Gartziandiaren partida guztiak ikusiko dituela esan du.
Zure ahizpa Itsasok ere eskubaloian jokatu zuen. Bere eraginez hasi al zinen?
Hala da. Lehen Hezkuntzako 5. mailan hasi nintzen, Zelai Arizti ikastetxean. Saskibaloia ere probatu nuen, baina eskubaloia gehiago gustatu zitzaidan.
Zenbat urte eman zenituen Urolan?
Hiru urte-edo. Oker ez banaiz, kadete mailako bigarren urtean Espainiako Federazioak Faduran egin zuen bi urteko kontzentrazio batera joan nintzen. Ondoren, Arraten jokatu nuen. Handik Eldara joan nintzen.
Ze oroitzapen dituzu Zumarragan emandako urteez?
Oso esperientzia polita izan zen, lehenengo ikastetxean eta ondoren Urolan. Kuadrilla ikastetxean sortu zen. Eta Urolan Gipuzkoa mailatik erkidego mailara igotzea lortu genuen. Zumarragan piztu zen eskubaloiarekiko pasioa.
Zenbat urte eman zenituen Eldan?
Hamar bat urte. Nire garaiko zenbait jokalarik gure ibilbide profesional osoa Eldan egin genuen. Klubaren titulu guztietan parte hartu nuen. 2008an hartu nuen erretiroa. Hiruzpalau talde geunden Espainiako Ligako puntaren puntan: Osito, Ferrobus, Itxako eta gu. Garai hartan Ligak nahiko maila altua zuen.
Ze titulu eskuratu zenituen?
Lau Liga, bi Kopa eta bi Superkopa. Horretaz gain, EHF kopan txapeldunordeak izan ginen.
Nolako jokalaria zinen?
Ezker alboan jokatzen nuen. Postu horretan kanpoaldetik jaurti behar da eta jaurtiketa ona nuela uste dut. Bestalde, jokalari sortzailea nintzela uste dut. Jokoa interpretatzea gustatzen zitzaidan eta ez nuen gaizki defendatzen.
Joko Olinpikoetara joatea espero al zenuen?
Kirolari ororen helburua Joko Olinpikoetan parte hartzea da, baina ez nuen oso posible ikusten.
Sorpresa izan zen. Izan ere, emakumezkoen Espainiako eskubaloi selekzioa ez zen inoiz Joko Olinpikoetan parte hartzeko sailkatu. Gu izan ginen lehenak. 1992an ere parte hartu zuten, baina ez sailkatu zirelako, Jokoak Espainiak antolatu zituelako baizik.
Nolakoak izan ziren Atenasen emandako egunak?
Dena berria zen niretzat. Joko Olinpikoak sekulakoak dira. Ekitaldi erraldoia da. Lehia, hiri olinpikoa, inaugurazioa, jangela erraldoia… Txundituta nengoen, baina ezin nuen zertara joan nintzen ahaztu: lehiatzera.
Joko Olinpikoetan parte hartzea sekulako esperientzia da. Ahaztezina.
Kirolari ospetsuren batekin topo egin al zenuen?
Gure eraikin berean gimnasia erritmiko taldekoak zeuden. Espainiako saskibaloi taldekoak ere gertu genituen, Pau Gasol-eta.
Pasiatzera ateratzen nintzenean, kirol guztietako kirolariak ikusten nituen.
2008an utzi zenuen eskubaloia. Zergatik?
Oso gaztetan belauneko lesio larria izan nuen. Jokatzen jarraitu nuen, baina atzenerako lesioak ez zidan nire maila ematen uzten. Zenbait jokalarik urte berean hartu genuen erretiroa. Zaletu sutsuak genituen eta oso agur ekitaldi polita egin ziguten.
Eldan jarraitzen al duzu?
Ez. Torreviejan (Alacant, Herrialde Katalanak) bizi naiz. Eskubaloian jokatzeari utzi ondoren entrenatzaile lanetan aritu nintzen eta egun Torreviejako kirol instalazioetan lan egiten dut.
Zer eman zizun eskubaloiak?
Egun naizena, eskubaloiko bizipenen ondorioa da. Urte askotan jokatu nuen eskubaloian eta urte horietan guztietan une onak eta txarrak bizi izan nituen. Horren guztiaren ondorioa naiz. Bestalde, eskubaloiak baloreak eman dizkit: errespetua, laguntasuna, enpatia… Hori da eskubaloiak eman didan onena. Horretaz gain, goi mailako esperientziak bizi izan nituen. Sentsazio horiek ez ditut inoiz gehiago izango.
Ondo bidean, uda honetako Joko Olinpikoetan Urretxu-Zumarragako beste eskubaloi jokalari batek parte hartu behar du: Imanol Gartziandiak.
Ez nekien! Jota utzi nauzu! Ez dut partida bakar bat galdu behar! Herrian eskubaloirako gene onak ditugula dirudi. Iker Serranok ere ibilbide bikaina egin du.
Horretaz gain, Iban Garrido eskubaloi jokalari ohiaren alaba, Nahia Garrido igerilaria, egunen batean Joko Olinpikoetan parte hartzeko borrokatzen ari da.
Zer diozu? Iban ezagutzen dut, noski. A ze sorpresa! Ze ondo! Gure herria txikia da, baina kirolari onak ematen ditu!
Zer esango zenieke Joko Olinpikoetara joateko borrokatzen ari diren gazteei?
Gogor lan egin dezatela. Horrek lasaitasuna ematen du. Dena eman izanak ematen duen lasaitasuna. Dena eman ondoren, saria lortzen baduzu, hobe. Bestalde, goza dezatela. Goi mailako kirolean asko sufritzen da, baina sufrimendu horretaz gozatzen jakin behar da. Ondo lan eginez gero, ia beti saria lortzen da. ■
Hilaren 26an Joko Olinpikoak hasiko dira. Aro modernoan, hainbat goierritarrek parte hartu dute. Hemen goierritar olinpikoen zerrenda.
Harri Garmendia, igerilari ohia. Harri Garmendiak (Beasain, 1966) Los Angelesen (AEB) egin ziren Joko Olinpikoetan parte hartu zuen. Oso gaztea zen, 18 urte besterik ez zituen, baina primeran gogoratzen du oraindik han bizitakoa.