Hiru goierritar izango dira aurten Euskarabenturan. Uztailean zehar Euskal Herria zeharkatuko dute, herrialde osoko beste gazte askorekin. Euskaraz eta euskararen ikuspegitik gai anitz jorratuko dituzte.
Aurtengo Euskarabenturan zazpi euskal eskualdeetako zein diasporako (Cusco, Peru) 126 gazte euskaldunek espedizio ibiltari bat abiatu dute Euskal Herrian zehar eta euskaraz. Parte-hartzaileek egingo duten ibilbidean dauden gizateriaren ondareak bisitatzen ari dira uztailaren 1etik 31ra bitartean. Etapa bakoitzaren ostean ekintza desberdinak antolatzen dituzte: ikastaroak, kirol txapelketak, eztabaidak, hitzaldiak…
Gazte horietatik hiru goierritarrak dira: Zegamako Haitz Goia (2005), Zumarragako June Fernandez de Lezea (2005) eta Lazkaoko Iraia Razkin (2007). Goia xerpa rolean joan da aurten; duela bi urte parte hartzailea izan zen eta horrenbeste gustatu zitzaion jarraitzea erabaki zuela eta iaz xerpa laguntzaile bezala joan zen. «Duela bi urte oso ondo pasatu nuen eta errepikatu nahi nuen. Begirale titulua eta guzti atera nuen». Orain xerpa laguntzaile bezala Fernandez de Lezea dago; Goiak bezala, parte hartu eta errepikatu nahi izan du. «Espedizioa ezberdin bizi nahi nuen. Ikuspegi diferente batetik ikusi, izatez berdina dirudien arren». Razkinentzat, berriz, hau izan da kamiseta laranja jarri duen lehen aldia. Bere mendizaletasunak bultzatuta ondo pasatzeko «gogotsu» joan da. «Mendia eta lagun berriak egiteko aukera gustatzen zaizkit, udaz gozatzeko aukera paregabea iruditu zitzaidan».
Helburuei dagokienez, Razkinek «euskal kulturari buruz gehiago ikasi eta jendea ezagutzea» espero du. Goiak espero duena, berriz, «proiektua aurrera eramaten laguntzea da», izan ere, «ondo pasatzea eta deskonektatzea garantizatuta daude». Fernandez de Lezeak, urtero esperientzia berri bat bizitzeko eta gauzak egiteko modu desberdinak partekatzeko aukera nabarmendu du.
Euskarabentura espedizioak murgiltze kultural eta linguistikorako aukera emateaz gain, elkarbizitzarako eta elkar ikasteko gunea ere eskaintzen du. Parte hartzen duten gazteak hainbat errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kulturaletatik datoz. Bidaia honetan euskarak batzen ditu partaideak, beren lurraren aberastasuna elkarrekin arakatuz eta udatik aurrera iraungo duten loturak indartuz.
Esperientzia «eraldatzailea» da gazte hauentzat, «etxera lagun berriekin itzuliko baitira, beren kulturaren ezagutza handiagoa eta euskararekiko grina berritua». Espedizioak gazteen artean euskararen erabilera sustatzeaz gain, komunitate euskaldun indartsuago eta batuago bat sortzen ere laguntzen du.
Espediziora joateko aukera aurkezpen-bideo baten eta proiektu indibidual baten bidez lortu daiteke. 16 edo 17 urte eduki behar dira. Aurkeztu beharrekoak hiru gairen inguruan izan zitezkeen: Euskara Batua eta Euskalkiak, Emakumea eta Kirola, edo Utopia. Proiektu guztiak Eusko Ikaskuntzak eta Puntueus Fundazioak ebaluatzen dituzte, eta bideoak EuskarAbenturak. Hautagai onenek plaza bat lortzen dute espedizioan, jatorria eta sexua ere kontuan hartuta. Razkinek Emakumea eta Kirola gaia aukeratu zuen, formatu literarioan aurkezteko. Emakume pilotari bati buruzko ipuina idatzi zuen.
Hiru goierritarrek argi dute. «Badakigu askotan nagia sartzen zaigula edo alferkeria ematen duela egin behar diren lan eta proiektu horiek egiteak. Baina hori egiten inbertituko dituzuen bi orduak, hilabete bikain batera bideratuko zaituzte. Oso ondo pasako duzue, lagun asko egingo dituzue, eta oso aberasgarria izan daiteke edozein gaztetxorentzat». Gainera, aurten partaide bakarra joan da Goierritik, eta beraien ustez inguruan badago «jende ugari prest egongo litzatekeena» parte hartzeko. «Animatu egin behar dira. Aprobetxatu aukera hau».
Hiru adar
Quetzal Bidea eredutzat hartuz aurtengo bidea diseinatu dute. Atharratzen (Zuberoa) hasita, Euskal Herritik igarotzen diren Donejakue Bideko hiru adarrak jarraituko dituzte: Mauletik Iruñerako Frantses Bidea, Barnealdeko Bidea Añana-Gesaltzatik (Araba) Baionaraino kontrako norabidean, eta Baionatik Getxora (Bizkaia) Kostako Bidetik. Bideko 27 herritan igaroko dituzte atseden egunak, Zerainen adibidez. Bertara uztailaren 15ean iritsiko dira eta gaua pasako dute. Hurrengo egunean Beasaindik ere pasako dira Tolosara (Gipuzkoa) joateko.
400 kilometrotan zehar, parte-hartzaileek Euskara Batua eta Euskalkiak, Emakumea eta Kirola, eta Utopia bezalako gaiak jorratuko dituzte, guztia euskararen ikuspegitik eta euskaraz.
Proiektuak gazteen artean euskararen erabilera sustatzea du helburu, belaunaldi gazteen hizkuntza-ohiturak azpimarratuz, esperientzia positibo eta partekatuen bidez, eta hizkuntzaren egoerari buruzko datu enpirikoak emanez. Horrez gain, testuinguru eta euskalki desberdinetatik datozen gazte euskaldunen sare bat sortu nahi du, euskararen erabilera jatorrizko tokietatik haratago zabaltzeko.
Espedizioak Euskal Herriaren historia, kultura eta aberastasunaren ezagutzan sakontzeko aukera eskaintzen die parte-hartzaileei, euren hizkuntza maitatzen eta babesten lagunduz. Elkarbizitzako hilabetean, genero-berdintasuna, hondakinen-kudeaketa, bizitza osasuntsua eta autonomia bezalako balio «positiboak» transmititzen dira, «esperientzia aberasgarri honekiko jarrera egokia eta irekia bermatuz».
Aurten, Euskarabenturak gazteen hizkuntza-ohituretan eta hizkuntzekiko jarreretan duen eraginari buruzko lau urteko ikerketa baten amaiera izango da. Plazara elkarteak, Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta, gidatu du ikerketa hori, eta emaitzak espedizioa amaitutakoan aztertuko dira. ■