Xabin Fernandez Zubeldia • Aktorea
Noizbait esan dut ardi beltza sentitzen naizela? Bada, bai. Arrazoi askorengatik eta oso ezberdinengatik. Batzuetan puntualki, batxilergoko bi urteetan klaseko mutil bakarra izan nintzenean bezala. Beste kasu batzuetan, betirako eramango ditudan berezitasunengatik. Beti esan izan digute ardi beltzak gutxi batzuk baino ez ginela. Arraroak ginela; ezberdinak. Artalde zuria urrutitik begiratuta ere, nabarmen ikusiko ginatekela.
Baina zein dira ardi zuriak? Nolakoak dira ardi beltzak ez direnak? Zuriak, ados. Eta zer gehiago? Ahariak agian? Emakume izateak askotan badu eta bere bizkar gainean kolore ilun samarra. Ez da zuri-zuria agian. Baina ez ditut ardi zuriak bilaketa honetatik ezabatu nahi. Egongo da bakarren bat.
Sexuaz haratago, ardi zuri batek ez luke besteengandik ezberdinduko lukeen ezaugarririk izan behar. Ez oso zaharra. Eta osasuntsua. Gaitzik gabea, eta fisikoki, normala. Ez oso lodia, baina argalegia ere ez. Betaurrekoak baditu, ez oso kristal lodikoak, eta hortz guztiak aho barrenean ordenatuta dituena. Bi beso, bi hanka, buru estandarra eta metro hirurogei eta metro laurogeita hamar arteko garaieran orrazten dena.
Orrazten duen ilea, berriz, harritasunik sortzen ez duena. Atentzioa emateko, ilearen kolorea aldatzen edo behar ez den moduan mozten duena prozesutik kanpo geratzen da. Tatuajeak edo antzeko apaingarriak onartuko zaizkio, gehiegikeriaren sarean eroritako gizasemea ez bada behintzat. Janzteko garaian ere, hobetsiko da egunerokoan kaletik ikusten diren outfiten gehiengoarekin bat egitea.
Heterosexual monogamoa izatea ezinbestekoa du, bikotetik haratagoko harreman afektiboak onartzen bazaizkio ere. Ikasketak bukatu eta lan egonkor bat lortu ostean, harreman heteronormatibo bat abiatu eta egonkortu duena izan behar du. Seme alabak izatea beti da puntuagarria. Ez ezinbestekoa.
Fobia, alergia eta intolerantziak banan-banan aztertu beharko lirateke, baina ohikoenei ezikusiarena egin diezaiekegu. Espezie honek fobia dezente izaten dituela ere ezin ahaztu. Fisikoki onenean egoteaz gain, burua ere sano eta garbi behar du eduki. Osasun mentalaren kontzeptua, besteei entzunda bakarrik ezagutzen duen pertsona da ardi edo ahari zuria. Neurotipikoa. Betiko tipikoa.
Bere hankartekoari esleituak izan zaizkion patroi eta egitekoak burutuko ditu. Bere sexuari dagozkion zaletasun eta praktikak. Sexua, neurrian; drogarik ez, eta familiari bisita gutxienez astean behin. Eta hau guztia kontuan izanda, zenbat dira ardi zuriak? ■