Hiru hilabetetan zukua atera behar izaten diote lanari udako taberna edo txiringitoetan. Goierrin, igerileku gehienetan daude. Ordizian, Oiangu parkeko txiringitoa ezin izan dute ireki kudeaketarako arduradun faltagatik.
Badira udarekin batera martxan jartzen diren zerbitzuak, eguraldiak baldintzatzen dituenak eta udan gehiengoak hartzen dituen oporraldiekin bat eginez garai horretan soilik irekitzen direnak. Horien artean daude txiringitoak edo kanpoko igerilekuetako tabernak. Zerbitzu bera eskaintzen dute guztiek: aire zabalean edariak eta janaria eskatzeko guneak dira, udako beroan freskatzeko lekuak izan daitezkeenak. Uda garaian bakarrik egoten dira irekita, ekainetik irailera. Goierrin ere, igerileku gehienetan eskaintzen dute taberna zerbitzua. Eta ez igerilekuetan bakarrik. Ordizian, Oiangu parkean, txiringitoa dago. Aurten, halere, lehiaketara atera duten arren, ez dute irekiko ez dagoelako inor hura kudeatzeko prest. Azken urteetan zailtasunak izaten ari dira arduradun faltagatik.
Beasainen, Idiazabalen, Lazkaon, Olaberrian, Ordizian, Ormaiztegin, Seguran, Urretxun eta Zegaman daude kanpoko igerilekuak, eta denetan daude tabernak edo kioskoak janaria edo edaria erosteko. Ia denetan, gainera, terraza dago. Tatiana Vasileva da Urretxuko Pagoeta udal igerilekuetako tabernako arduraduna. 2018an aurkeztu zuen bere burua lehen aldiz tabernako kudeaketa egiteko lehiaketara. Uda hartan berak izan zuen zerbitzua, eta baita iaz eta aurten ere. Oraingoz, aurtengo denboraldian eguraldiak ez du askorik lagundu: «Egun eguzkitsu gutxi izan dira, baina horietan, jende asko igotzen da eta tabernako zerbitzua ere gogoz aprobetxatzen dute», azaldu du. «Dena den, iaz ere uda antzekoa izan zen, abuztua ona izan zen, beraz, ikusiko dugu zer datorren».
Egunero irekitzen du, ona ala txarra egin, igerilekuaren ordutegi berean, eta jenderik ez dagoen uneak barra antolatzeko edo eskaerak egiteko baliatzen ditu. Ogitartekoak, plater konbinatuak, entsaladak… «oinarrizkoa» eskaintzen du. Eta napolitanak. «Ezin dira falta, pila bat saltzen dira. Atzo Azpeititik etorri ziren eta galdetu zuten aurreneko gauza izan zen ea napolitanak genituen». Egunaren arabera, profil bat edo beste izaten dute; asteburuetan, familia gehiago, eta astean zehar, arratsaldeetan, gazteak.
Vasilevak ez du irudikatzen taberna zerbitzurik gabeko igerilekua, ez Urretxun behintzat, herritik aparte dagoelako: «Garrantzitsua da zeren kasu honetan gainera herritik urrun dago. Beharrezkoa da. Herrira izozki baten bila jaitsi nahi izanez gero, igo zarenerako urtu zaizu».
Txiringitoa, itxita
Aurten ez dute Oianguko Txiringitoa irekiko. Udalak prozesua zabaldu ohi du, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean txiringitoaren kudeaketa egin nahi dutenak aurkeztu daitezen. Hiru deialdi ezberdin egin dituzte, baina kudeatzailerik ez da aurkeztu. Iaz, Leinn ikasketak egiten ari zen gazte talde batek hartu zuen, baina 2022an ere itxita egon zen arduradun faltagatik. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak azaldu duenez, azken urteetan «oso zaila» egiten ari zaie txiringitoa hartzeko prest dagoen jendea topatzea: «Ez dakit arriskatua delako eguraldiaren araberakoa delako. Egia da gero lan egiten duten guztiak gustura egoten direla, baina zailagoa izaten da norbait topatzea, eta aurten azkenean ez da lortu».
Udalarentzat ere «prozesu zaila» da alkateak azaldu duenez, «gardentasun eta publikotasunak beteta atera behar delako». Eguraldi txarra egiten badu, jende gutxiago gerturatuko da, eta hori ziurtatu ezin daitekeenez, loteria bat izaten da kudeaketa hartzen dutenentzat. Lan kontratuen aldaketa ere bada prozesua zailtzen duen faktorea: «Egia da epe motzeko kontratazioen arteko erregulazioak zaildu egin duela, udako emakida bat delako».
Lanak Oiangun
Udazkenean Next Generation diru laguntzen Oianguko proiektuarekin hasiko dira. Txiringitoa ez dute ukituko, bertan jarraituko du, baina aterpetxe ondoko eremuetan lanak egingo dituzte. Aurrera begira, aterpetxearekin lotuta, emakida urte osokoa izatea pentsatu dute, oraindik zehaztu gabe badago ere. «Horri buelta bat emango diogu. Azkeneko urteetan behintzat asko kostatzen ari zaigu».
Igerilekuetako taberna edo kioskoetan erlaxatu daitezke goierritarrak irailera bitartean. ■
Ur parke bana Legazpin eta Beasainen
Txiringitoak edo igerilekuetako tabernak ez dira udan soilik eskaintzen diren zerbitzu bakarrak. Bakarrik uda sasoian martxan dauden beste zerbitzu bat dira ur parkeak. Goierrin, Beasainen eta Legazpin dago bana. Beasaingoa 2021ean zabaldu zuten, Dolarea parkean, eta Legazpikoa, berriz, aurten ireki dute, uztailaren hasieran, San Inazio auzoan.
Beasaingoaren kasuan, eguraldiaren arabera, baina urrira arte luzatu dezakete ur jolasen eremuaren funtzionamendua. Bi herrietan, ur txorroten jolasetarako instalazioek zirkuitu itxi batekin funtzionatzen dute. Legazpin, eztabaida sortu du ur parkeak, eta krisi energetiko, klimatiko eta hidrikoaren aurrean «arduragabekeriaz» jokatzea leporatu diote Berdeek udal gobernuari.
Udalekuetako haurrak, parkera gerturatzen diren familiak umeekin… eguzkia ateratzen denean eta giroa beroa denean, jende ugari inguratzen da ur txorrotetan ibiltzera. Legazpin, baina, ireki eta gutxira, matxura bat izan zuten eta ordu batzuk atzeratu zuten eguneko irekiera. Hori dela eta, txanpurik edo xaboirik ez erabiltzeko eskatu du udalak.
Izozkiak txurroengatik
Legazpin ere bai, plazan txurreria egoten da. Neguan ondo sartu daitezke txurroak, baina udaran ez dira jakirik ohikoenak eta gustagarrienak. Horregatik, eskaintza dibertsifikatu eta udan izozkiak edota izotz-edariak saltzen dituzte. ■