‘Deia’ egunkarian hasi zen kazetari lanetan Nerea Azurmendi (Legazpi, 1961), 1983an, artean unibertsitatean zegoela. Hainbat hedabidetan lan egin du eta han eta hemen kolaborazio mordoa egin ditu 41 urteko ibilbidean, batez ere irratian eta prentsan. Elias Gallastegi euskal abertzaletasunaren figuretako bati buruzko liburua argitaratu zuen urte hasieran.
Leku ezberdinetan bizi izan da Nerea Azurmendi. Goierrin jaioa, bertan eman zituen bere bizitzako aurreneko urteak, Legazpin lehendabizi, Olaberrin gero. Hamalau urterekin utzi zuen Goierri, baina beti mantendu du eskualdearekiko lotura. Egun Donostian bizi da. Besteak beste, Deia-n eta El Diario Vascon lanean, Argia-n, Berria-n, Euskadi Irratian kolaboratzen… Komunikazio instituzionalean ere urte asko egindakoa da. Goierritar sentipenarekin, «arnasgunea» da berarentzat bailara.
Legazpin jaio zinen. Ze oroitzapen dituzu?
Zuzeneko oroitzapenik ez, bi urterekin Legazpitik Olaberrira joan baikinen. Amaren aldeko familiari lotutako oroitzapen gehienak Legazpin dauzkat. Eta oraindik ere horixe da Legazpirekin daukadan lotura. Zine zaharra, gero zine berria egin zutenekoa… umetako oroitzapenak dira Legazpikoak.
Olaberrin urte gehiago eman zenituen.
Aita Aristrainen hasi zen lanean eta bertara joan ginen. 14 urtera arte. Zehazki Etxe Alain bizi ginen, Castillo hotelaren ondoko etxe batean, hortxe jarraitzen du etxeak. Gu hortxe bizi ginen, karretera jeneralaren ondoan. Olaberriko oroitzapenak horiek dira: inguruko baserriak, karretera, amonarekin esne bila joaten ginela… karretera jeneralean gora eta behera ibiltzen ginen, eta bizirik atera ginen. Inguruko sagardiak geneuzkan jolasteko, errekastoa… 60ko hamarkadako umeak ginen, oraindik ere basati samarrak. Oso libre ibiltzen ginen.
Ikastera Beasainera joaten zineten?
Aurrena Olaberriko Poblado-ko eskola nazionaletan, 1966a zen. Anaia eta ahizpa gazteagoak dira eta haiek ikastolan hasi ziren jada. Ni hasi nintzenen hasi berria zen, amak ez zeukan kotxerik… Kotxearenak gaur egun txikikeria dirudi, baina herri txikietan bizi ginenontzat aldaketa handia izan zen. Amak karneta edukitzea aldaketa handia izan zen. Karneta eta kotxea edukita erabakiak har zitezkeen. Amak atera zuen eta bat Lazkaora, bestea Beasainera… gora eta behera.
Nazionaletik lizeora Beasainera etorri nintzen. Orduan hasi ziren nire oroitzapen urbanoak, 10 bat urterekin. Ikastetxe askotan izan naiz arrazoi ezberdinak tarteko: franko garaiko nazionaletan, mojetan barneko ikasle, institutu publiko batean, eta lizeoan. Oroitzapenik onenak, irakaskuntzaren aldetik eta arretaren aldetik, zalantzarik gabe, lizeokoak ditut.
«Agian ezinbestean, baina iruditzen zait etsipenak toki gehiegi hartu duela gaur egun»
Mojetan, non? Bertan pasatzen zenuen aste osoa?
Lan kontuak tarteko, Iruñera joan nintzen barneko ikasle bezala, moja teresianetara, beste goierritar talde batekin. Beasaindar eta ordiziar dezente zeuden. Beste abentura bat. Asteburuetan bueltatzen ginen ‘Vergaresa’ zahar batean ahal genuen moduan. Bizimodu arrotza zen, zorrotzak ziren oso, eta nik 14 urte neuzkan eta zailduta nengoen, baina bazeuden 6-7 urteko umeak ere.
Eta hori bukatu zenean, Donostiara.
Bai, guztiok joan ginen Donostiara bizitzera. Donostiako institutukoak garai hartan dezentetan etortzen ginen, eta Ordizian asko ibiltzen nintzen, festetan, asteburuetan parrandan… Ordizian nerabezaroko oroitzapenak dauzkat.
Iruñera itzuli zinen unibertsitate ikasketak egitera. Zergatik erabaki zenuen kazetaritza ikastea?
Nik nahi nuena zen zenbaki bat ere ez izatea. Latina, grekoa…egin nituen aurrez, eta lagun batekin Benidormen erabaki genuen abuztuan kazetaritza egingo genuela. Zer egingo dugu erraza dena? Ba kazetaritza. Horrela izan zen.
Idaztea eta irakurtzea betidanik gustatzen zitzaidan. Ez nuen orduan gogoeta egin, ez zen izan ‘idaztea gustatzen zait eta orduan kazetaritza egingo dut’. Iruñean barne ikasle egon nintzenetik asko gustatzen zitzaidan. Kazetaritza izan zen aukera zirkunstantziala erabat. Bokazioarekin zerikusirik ez daukaten gainerako faktore guztiak elkartu ziren. Niri asko gustatzen zitzaizkidan soziologia eta zientzia politikoak. Garai hartan aukera bezala martziano samarra zen, urrutiago joan behar nuen, baliabideak ere zirenak ziren… baina azkenean ongi atera zitzaidan jokaldia, Benidormeko gau hartan karrera erabaki genuen eta ongi atera zait.
Irakasle lanak egin zenituen unibertsitate garaian.
Donibaneko Gau Eskolan eta Arturo Campion euskaltegian irakasle ibili nintzen. Ikasketei eskainitako dedikazioa murriztu zen eta horrekin bateratu nituen. Iruñeko oroitzapen onenetarikoak horiek ditut.
Leioan bukatu zenituen ikasketak, zer dela-eta?
Segituan hasi nintzelako lanean, 3. mailan Deian praktikak egiten, 1983an. Iruñean klaseak ematen, Deian lanean… orduan itolarria zen, eta Bilbora egoitza nagusira joateko proposamena egin zidaten. Horregatik Leioan amaitu nituen ikasketak.
Zertan hasi zinen? Ze lan egiten zenituen?
Iruñean erreportajegintzan, egunero orrialde oso bat bete behar nuen erreportaje batekin. Moldatu nintzen. Eta Bilbora joan nintzen Martin Ugaldek alde egin eta segituan.
Ni beti izan naiz erdal hedabideetan euskaldun organikoa, nire euskal txokoa eraman dut alde batetik bestera. Deia-n hasi nintzen euskara, kultura, gizartea… horiek izan dira nire lan eremuak.
Orduan hasi ziren ardurak, eta handik Donostiara etorri nintzen Gipuzkoako arduradun. Bost urte egin nituen Deia-n.
«Nik esango nuke prentsa oharra izan dela kazetaritza ito duen elementuetako bat»
Komunikazio instituzionalean egin zenuen lan gero.
Hortik beste etapa luze samar bat hasi nuen komunikazio instituzionalean, Donostiako udaletxean prentsa arduradun gisa. Komunikazioaren munduan eman nituen urte mordoa, 1987tik 2000. urtera, 13 urte. Euskaltzaindian ere tarte horretan ibili nintzen. Eta tartean tokatu zen euskarazko egunkariaren borroka hura.
Nola bizi izan zenuen hura?
Egokitu zitzaidan tokian gauzak ahalik eta ondoen egiten ahalegindu nintzen. Euskaldunon Egunkaria-ren sorrera hurbiletik bizi izan nuen. Beste askoren arteko bat izan nintzen. Hori izan zen nire bizitzako esperientziarik aberasgarriena. Aukera hori eskaini zidatenei beti eskertuko diet, zeren lezio ikaragarria izan zen alde askotatik. Ikusi nuen ze lan egin zuen jendeak hori aurrera eramateko, eta ikusi nuen zenbat gauza egin daitezkeen nahi izanez gero eta sinetsiz gero. Nik uste hori gaur egun askotan ahaztu egiten zaigula. Agian ezinbestean, baina iruditzen zait etsipenak toki gehiegi hartu duela gaur egun.
41 urte daramatzazu kazetari lanetan. Prentsa, irratia ala telebista nahiago?
Prentsa eta irratia. Telebista ez zait batere gustatzen. Irratia asko gustatzen zait. Ni irratian kolaboratzen hasi nintzen 80ko hamarkadan, Herri irratian lehenengo, eta Euskadi Irrati sortu berrian gero. Ez zegoen aukera handirik. Euskaraz, emakumea eta gaztea, izan zitekeen bedeinkazioa, baina madarikazioa ere bai.
Maskulinizatua zegoen sektorea?
Bazeuden emakume kazetari euskaldun batzuk, ez asko. Neurri batean guk jarraitzen genuen erdi aurrekari izaten, baina Euskal Irrati Telebistaren sorrera bultzada izugarria izan zen. Halere, erabat maskulinizatua zegoen, baina hasia zegoen nolabaiteko kontzientzia minimo bat, agian oraindik estetikoa izango zen.
Gizonezkoak ziren nagusi, eta gizonezkoen ordutegia zuen kazetaritza zen. Besteak beste, egunkaria 22:00etan bukatzen genuen, eta goizetan sartu ere berandu. Ordutegi aldetik oso maskulinoa zen zentzu horretan. Horrek eguneroko bizitzatik ordu asko kentzen zizkizun, normala iruditzen zitzaigun orduan. Kontziliaziorik ez zen existitzen, eta denborarekin konturatzen zara zer zegoen ordutegi horren atzean: etxera berandu iristen banaiz haurrak beste norbaitek oheratu dizkit eta abar eta abar eta abar. Gero joan da arrazionalizatzen, baina arrazionalizazio horrek zahar samar harrapatu nau.
Zer eman dizu kazetaritzak? Eta kendu?
Eman, ikasteko aukera. Eta kendu, denbora. Dena aldatu da asko, baina kazetaritza ere bai. Aurrez aipatutakoaz gain, gero, jakina, lan egiteko modua. Olivetti-rekin hasi ginen, eskuko telefonorik ez zegoen, ez zegoen faxik… Bilbora gutun batean bidaltzen genituen gauzak mandatariarekin.
Polikiago zihoan dena?
Polikiago zihoan, baina ezer ez zeneukan eginda, ez zegoen prentsa oharrik, zuk zerbait behar baldin bazenuen zuk bilatu behar zenuen, bertara joan… Galdetuko badit norbaitek zer egin dion kalte kazetaritzari azken 30-40 urteetan nik esango nuke prentsa oharra izan dela kazetaritza ito duen elementuetako bat. Irensten duzu botatzen dizutena, ez duzu ezer kuestionatzen.
Zu bi aldeetan ibili zara. Prentsa arduradun eta kazetari.
Nik prentsa ohar bat egin, bidali eta gutxi batzuek galdetzen zuten, askok dena irensten zuten. 1987tik 19994ra, orduan hasi ziren gauzak mugitzen, aurreneko eskuko telefonoak, komunikazio aldetik kezka pixka bat… urte askoan egon nintzen Deustuko Unibertsitatean komunikazio korporatibo irakasle gisa. Niri asko gustatu zaidan arloa da, baina zer pentsatua ere asko eman dit. Ikusi dut kontua bi aldeetatik, eta bi aldeetatik eman dit zer pentsatua.
«Ezabatu ziguten memoria eta ez dugu askorik egin herri mailan hori berreskuratzeko»
Urtarrilean, Elias Gallastegi euskal abertzalearen inguruko liburua argitaratu zenuen.
Horrek ematen ari zaidan pozak ez dauka izenik. Txalapartan egin zidaten proposamena, daukaten bilduma berri samar baterako, eta asmoa da batez ere politikaren arloan ahaztuta dauzkagun pertsonaiak berreskuratzea eta hedatzea. Argitaratu ondoren etorri dira aurkezpenak, Eli Gallastegi eta haren belaunaldiaren inguruko saioak… Benetan nik uste nuen zerbait nekiela gure herriko historiaz, baina konturatu naiz memoria falta ikaragarria daukagula.
XX. mendeko lehen hiruzpalau hamarkadetan, eta gero gerraostean, ustiatu gabeko altxorra daukagu, ezabatu ziguten memoria eta guk ere ez dugu askorik egin herri mailan hori berreskuratzeko. Uste dut horregatik oso interesgarria dela Txalapartaren ekimen hau. Uste dut belaunaldi horrek merezi duela gure aitortza.
Ehunka pertsona elkarrizketatuko zenituen. Nor elkarrizketatuko zenuke gustura?
Elkarrizketatuko nituzke oso gustura hildako bi pertsona zeinen inguruan lantxoak egin ditudan: Eli Gallastegi eta Martin Ugalde. Jakin mina daukat, eta oso gogoko dut elkarrizketa genero bezala.
Goierrira itzulita, badaukazu oraindik ere lotura bailararekin?
Goierritarra naiz. Nik uste Goierri dela Goierritik kanpo bizi garenontzat arnasgune moduko bat, alde askotatik. Hizkuntzaren aldetik, nortasunaren aldetik… nik oso argi daukat arnasgunearen sentsazio hori azken urteetan. Bizitakoak, lotura horiek, zurekin daramatzazu.
Amonarekin Olaberriko ‘Goiko zelaian’
Legazpin jaio arren, bi urterekin Olaberrira joan zen bizitzera Azurmendi eta bere familia. Hala, umetako oroitzapen gehienak bertakoak ditu eta, hain justu, argazki kuttunerako Olaberrin ateratako bat aukeratu du. Haren amonarekin agertzen da, 1964ko udan, ‘Goiko zelaia’ esaten zioten toki batean. Zelai hura «jolas eta atseden leku» zen haientzat. «Amonak zeharo sinetsita kontatzen zituen Aizkorpeko kondaira zaharrek kulunkatuta, zuhaitzen itzalean siestarik gozoenak» egiten zituztela azaldu du.
60ko hamarkadan jaiotako haur haren begietatik gogoratzen du etxe ingurua, «asko aldatu» baita harrezkero. «Fabrika, karretera, karretera erdian jarri zuten kutxa, harago taberna zegoen, gasolindegia, beste etxebizitza lerro bat, sagardi bat, estanko bat…», oroitzen du. «Atzeko aldean beste etxe batzuk zeuden, baina oso auzo txikitxoa zen. Garai hartan horri esaten zitzaion Ihurre, orain izena hedatu da lehen ‘Pobladoa’ esaten genion horri».
Etxe Alain bizi ziren, eta «etxeen izenek sortzen duten lotura horri» heltzen dio oraindik ere. «Ni Etxe Alaikoa naiz, amona Amiñagoenakoa, aitona Olaetxekoa, amona Ibarrekoa… Hiri batean hori galdu egiten da».