Kantu afariak sekulako harrera izan zuen eta Urretxuko jaietako ekitaldi nagusietako bat da sortu zenetik. Herritar askoren ekitaldi kuttunetako bat da eta urretxuar askok ez dute inoiz kale egiten. Horien artean, ‘Atxunberri’ familiako kideak eta Etxe-Azpi elkarteko kuadrilla daude. Jesus Mari Kerejeta ‘Atxunberri’ familiako kidea eta Etxe-Azpi elkarteko kuadrillako kidea da. Hala, urtero kantu afarira joaten da eta bi aldiz ateratzen da jende aurrean abestera: senitartekoekin eta kuadrillakoekin.
Lehen kuadrillakoekin joaten zen, baina egun senitartekoekin joaten da. «Bilobak ditugunetik, seme-alabekin eta biloben joaten gara. 15-20 lagun elkartzen gara. Lagun asko garenez, garaiz joaten gara. Batzuok tokia hartzen dugu eta besteok ogitarteko bila joaten gara».
Ilusio handia egiten dio bere ekitaldi kuttunetako bat familiako txikienekin partekatzea. «Kantu afarira nahi eta nahi ez joan behar da. Txikienak lokartu egiten dira, baina 7-8 urtekoek fin-fin abesten dute. Jende aurrean abesteko deitzen digutenean, gustura asko ateratzen gara: etorri dadila Etxe-Azpiko kuadrilla, etorri dadila Atxunberri familia… Beti dago norbait abesteko prest».
Izan ere, bai familian eta bai kuadrillan kantuzaleak dira. «Bazkarietan-eta abestea gustatzen zaigu. Etxe-Azpin, kuadrilla eguneko bazkarian, kantu liburua atera eta ordu eta erdi ematen dugu abesten». Santa Anastasia jaietako astelehena, Kuadrillen Eguna, kantuan ematen dute: eguerdian Iparragirreren etxe azpian abesten dute, bazkalostean Etxe-Azpi elkartean eta gauean kantu afarian. Iparragirre beraietaz harro egongo litzateke. «Udalari eguerdiko ekitaldia jaietako egitarauan sartzea proposatu behar diogula esaten dugu urtero, baina inoiz ez dugu egiten. Duela 20 urte baino gehiago ekin genion Iparragirreren etxe azpian abesteari eta ondoren inguruko elkarteetako kideak elkartu zitzaizkigun».
Kerejetak kantu afariaren ekitaldi guztietan parte hartu du. «Ez dut inoiz kale egin. Gainera, etxean edizio guztietako kantu liburuak ditudala uste dut». Jaietako ekitaldi kuttunetako bat du. «Lehen edizioa ez dut oso ondo gogoratzen, baina kantu afaria antolatu behar zutela jakin nuenean oso ondo iruditu zitzaidala oroitzen dut. Lehen edizio hartan jende askok parte hartu zuen dagoeneko. Ordutik, urtero parte hartu dut».
Musikariek egiten duten lana eskertu nahi du. «Errepertorioa urtero aldatzen dute. Denok ezagutzen ditugun betiko abestiez gain, berriak sartzen dituzte. Gazteei hori asko gustatzen zaie eta guri ere bai. Errepertorioa berritu behar da, ekitaldia errepikakorra izan ez dadin eta gazteak erakartzeko. Oso ekitaldi polita da. Eta atsegina egiten da. Ogitartekoa jan, abestu… konturatzerako, bukatu da».
Musikariaren iritzia
Juan Luis Aranburuk ere edizio guztietan parte hartu du, baina musikari bezala. «Jose Mari Lasak eta biok euskal kantagintza ikastaroa eman genuen Txirimiri elkartean, jaietako astelehenean Jose Mariren kuadrillakoekin elkartu eta akordeoia jotzen nuen, Sevillanak, ‘bakalau… gure musika non dau?’ pegatina atera zen… Testuinguru horretan sortu zen kantu afaria».
Ekitaldi xume bat antolatu nahi zuten, baina… «Lehen edizioan, Abenidara heldu nintzenean, jendez gainezka ikusi nuen. Bi mikrofono bakarrik zeuden, Jose Mari eta gainontzeko musikariek ahotsa urratuta… buelta eman eta beste kalimotxo baten bila joan nintzen».
Horrenbeste jende kantuan ikustea «gozamena» dela dio. «Gonbidatuekin-eta, maila igo egin da. Horrenbeste jende ikustea gozamena da. Kantu afaria euskal musikari lekua eskaintzeko modu bat da. Gure gaztarekin eta haragiarekin egiten den bezala, euskal musikari espazioa eman behar zaio eta kontsumitu egin behar da». ■
Herri bat euskaraz kantatzen (Klikatu erreportajea irakurtzeko)