1994an Zintzo Mintzo euskaltzale elkarteak kantu afari bat antolatu zuen Urretxuko jaietan, kantu zaletasuna bizirik mantentzeko. Herritarren ekitaldi kuttunetako bat bilakatu zen berehala. Kantu afariak 30 urte beteko ditu aurten.
Zintzo-Mintzo elkarteko lau beteranok, Marisa Alvarezek, Sebas Iturriotzek, Gema Lasak eta Mirari Ortizek, hitz egin dute kantu afariari buruz. «Kantu afariak 30 urte betetzen ditu, baina 27 egin dira. Pandemia garaian ez zen egin eta 2015ekoa bertan behera gelditu zen, haur batek istripua izan zuelako. Aurtengoa 28. edizioa izango da», gogoratu du Lasak.
Bere anaia Jose Mari izan zen kantu afaria egitea proposatu zuena. Euskara eta herria ardatz izango zituen ekitaldiak. «Zintzo-Mintzok batzordeak zituen eta horietako bat, aktiboena, kulturakoa zen. Zumarragako jaietan giza katea antolatu zuen eta Urretxuko jaietan kantu afaria. Kantu afaria Zintzo-Mintzo sortu zen urte berean sortu zen. Jose Mari Lasaren proposamena izan zen».
2002ko ediziorako liburuxka bat argitaratu zen ordura arte abestutako kantekin eta bertan ekitaldiaren sorreraren berri ematen da. «Euskaldunon ohituretako bat kantu zaletasuna zen. Edozein unetan abesten genuen: bazkalostean, afalostean, lanean, jokoan… Baina kantua galtzen ari zen eta Jose Marik zerbait egin beharra ikusi zuen. Jendeari kantatzeko aukera emango zion zerbait: jai giroan, era herrikoian, kuadrillan… parte hartzea bultzatuz. Jose Marik kultura batzordean bota zuen. Urretxuko jaiak eta Abenida aproposak ikusi zituen, herritarrak elkartzeko».
Jaietako azken egunean, Kuadrillen Egunean, egitea erabaki zen. «Kuadrillen egunean, jolasen eta Egan taldearen kontzertuaren artean, tarte bat zegoen. Ordurako, 1993an, txiste lehiaketa antolatu genuen. 1994tik aurrera biak egin ziren: txiste lehiaketa eta kantu afaria».
Kantu afariak sekulako arrakasta izan zuen. «Festa, jana… Egan taldearen kontzertua hasi bitartean, jendeari elkarrekin afaltzeko eta abesteko aukera eman genion. Lehenengo urtean motz gelditu ginen: ogitartekoak bukatu egin ziren eta jende gehiago etorri ziren ogitarteko bila. Urte askotan 850 ogitarteko banatu genituen. Egun, gutxiago banatzen ditugu. Jende askok nahiago du bere afaria eraman».
Musikariak
Ogitartekoak garrantzitsuak dira, baina are garrantzitsuagoak dira musikariak. Jose Mari Lasa musikaria zen eta bera arduratu zen musikariak elkartzeaz. «Lehen urteetako argazkietan Jose Mari, Angel Mari Urrestarazu, Iñigo eta Mikel Peñagarikano, Juan Luis Aranburu, Mikel Alustiza eta Xabier Barriola ageri dira». Baina urte hauetan guztietan askoz ere musikari gehiago pasa dira kantu afaritik: Ibon Garmendia, Mariaje Arratibel, Unai Izagirre, Patxi Urrestarazu, Arantzazu Calvo, Gorka Ojanguren, Gorka Azkarate, Iñaki Larrañaga eta Gari, Uxue Kerejeta eta Andoni Oruesagasti, Endika Altzelai… Horretaz gain, jende asko igo da eszenatokira abestera: Andoni Salamero, Maddi eta Garazi Martin, Oihane Toledo, Madina Ahizpak, Santos Ormaetxea, herriko familia eta kuadrilla ezberdinak…
Abenidan ez dago estalperik, baina eguraldiarekin zorte ona izan zuten ia beti. «Urte batean bakarrik eraman behar izan genituen traste guztiak Abenidatik Gernikako Arbola plazako karpara». Azken urteetan bertan egin da, baina aurten berriro Abenidan egingo da. «Gernikako Arbola plazako baldintzak hobeak dira, baina aurtengoa Abenidan egingo da, 30. urteurrena ospatzeko». Horretaz gain, kantu afariaren historiari buruzko dokumental bat prestatzen ari dira. «Kantu afarian aurkeztu nahi genuen, baina ez dugu garaiz amaituko. Kantu afarian aurrerapen bat emango dugu. Bide batez, dokumentalean aurtengo kantu afariko irudiak txertatuko ditugu. Aurkezpena aurrerago egingo dugu», aurreratu dute Zintzo-Mintzoko lagunek.
Gazteak
Etorkizuna begi onez ikusten dute. «Jende gaztea erromerietara eta kantura itzultzen ari da. Azken urteotan gazte kuadrilla gehiago ikusten ari gara. Gainera, Andoni Ollokiegi ekarri genuen urtean gazte asko etorri ziren». Izan ere, urtero musikari bat gonbidatzen dute. Urretxuko kantu afaritik Erramun Martikorena, Amaia Zubiria, Txomin Artola, Pantxoa eta Peio, Gontzal Mendibil, Antton Valverde, Anje Duhalde, Niko Etxart, Fermin Valencia… pasa dira. «Musikariek beste zerbait eskaintzea erabaki zuten eta musikariak gonbidatzeari ekin zioten. Jose Mari, Xabier Lete ekartzen ere saiatu zen. Letek, eskertzen ziola, baina osasun arazoak medio, ezin zuela erantzun zion».
Etorkizunera begira, musikarien erronka beste musikari batzuk erakartzea dela diote. «Beraien asmoa jendearengana jotzea da, honekin jarraitzeko. Jendea mugitu nahi dute. Urretxun eta Zumarragan musikari gazte asko daude eta horiei tokia egin nahi diete. Gainera, urte asko daramatzate kantu afarian eta jende berria behar da. Ez dute uzteko asmorik, baina aurpegi berriak ere behar dira».
Musikari batzuk 30 urte daramatzate… eta herritar askok ere bai. Guztiei eskerrak eman nahi dizkiete. «Batzuk hasi aurretik aulkia hartu dezaketen galdetzen digute, toki onena hartu nahi dutelako. Jendeak oso jarrera ona izan du beti. Oso giro ona egoten da eta amaitu ondoren jendeak dena oso txukun uzten du».
Antolatzaileentzat hunkigarria da jendea gozatzen ikustea. «Musikarientzat ere oso pozgarria da. Beraiek dira lan gehien egiten dutenak. Abestiak aukeratu, entseatu… Zenbat kantu abestu ote dira urte hauetan guztietan? 2002an argitaratu zen liburuan 200 kantu baino gehiago bildu ziren eta ordutik askoz ere gehiago abestuko ziren!». ■
Urretxuarren ekitaldi kuttunetako bat (Klikatu erreportajea irakurtzeko)