«Nire auzoan egin nuen kontzertua ez dut inoiz ahaztuko»
Ianire Aranzabek (Altzaga, 1999) Gizarte Hezkuntza ikasi zuen. «Gure egunerokoarekin eta problematikekin, egun gertatzen direnekin lotuta dagoelako ikasi nuen Gizarte Hezkuntza. Urrun sentitzen ditugun arazoen inguruan kontzientziatzeko balio du», dio. Ordiziako Jakintza ikastolako jangelan lan egiten du. Musikaria ere bada. Esanezin taldearen sortzailea da.
Pelikula edo telesail bat.
Hondar ahoak. Euskaraz geroz eta telesail gutxiago egiten dira eta asko gustatu zitzaidan.
Musika talde edo abeslari bat.
Olaia Intziarte. Gertutik jarraitu dut beti. Zerbait berezia du. Gainera, nire kintakoa da.
Abesti bat.
Lain taldearen Irudiak.
Oporretarako leku bat.
Portugal. Joateko gogoa dut eta oraindik ezin izan naiz joan.
Liburu bat.
Gartxot Unsainen Arin nira magazina. Diskoaren atzean dagoena kontatzen du.
Kolore bat.
Urdina.
Zer gosaltzen duzu?
Kafesnea eta, gazi zalea naizenez, ogi txigortua urdaiazpikoarekin.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Nire auzoan, Altzagaraten, nire proiektuarekin kontzertua egin nuen eguna. 2022ko ekainean izan zen.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Iaz nire kuadrillako bat ezkondu zen. Biek kanta bana aukeratu behar zuten sarrerarako eta nire kuadrillakoak nire kanta bat aukeratu zuen. Ez nekien ezer eta oso hunkigarria izan zen.
Amets bat.
Ez naiz ameslaria. Musika egiten jarraitu ahal izatea amets handia da. Eguneroko kontuek asko asetzen naute.
Bizitzako plazer txiki bat.
Lanetik etxera itzuli eta amonarekin bazkaltzea.
Goierriko txoko bat.
Nire auzoa: Altzagarate.
Altzagan biziko ez bazina…
Tolosan. Han entseatzen dugu eta kultur mugimendu handia dago. ■

