Pozak gainezka egiten digunean, apaldutako indar ezkutuak azaleratzen zaizkigu, nolabaiteko irteeraren eskean. Gizarteak eratutako elkarteei ere, urtean behin bederen, gainezka egiten utzi beharrean gertatzen gara; etxeak hustu eta kaleak bete. Jaiak, festak! Jai oso desberdinak antolatu ditzakegu, baina ez dira faltako janari eta edari ugari, musika, bertsoak eta kantuak nonahi eta dantzak kalean eta plazan. Poza eta alaitasuna bazterrik bazter.
Eta ez nuke esan nahi beste inon ez bezalakoak garenik, baina euskal festak izango badira, bada falta ezin duen osagaia: apustua, dema, proba. Abilezia, indarra, trebetasuna, batzuk edo denak estimatuak nor baino nor aritzeko. Eta ez da asko behar martxan jartzeko, argazkian ikusi daitekeen moduan soka bat eta tiratzeko gogoa izanez gero, festa seguru da. Baina hau bezalako argazki zaharretan nabari den denboraren koska ez da kolore txuri-beltzak lausotzera mugatzen, baizik eta bueltatuko ez den gizarte batera irekitzen zaizkigun leihoak izan ere badira. Hamarkada batzuk atzera eramaten gaituzten janzkerak, orrazkerak… eta orain heldutasunean ezagutzen ditugun orduko mutikoak.
Eta argazkilaria garai hartako gizartearen berezitasun bat erakutsi nahi izango baligu bezala aritu zaigu. Intentzioz edo ez, sokaren beste erdia ezkutatu digu, eskuzabal, falta den erdi hori irudimenarekin betetzeko aukera eman digu. Eta orduko eta gaurko neskak, eskuak sokari erantsita, oinetakoak zoruan tinko, hortzak estutu arren irribarrea ahoan… hor irudikatzen ditugu, argazkiko korrontearen aurka, erakusten ez digun gizartearen erdia ordezkatzen. Ea aurtengo festen argazkia nolakoa ateratzen zaigun. ■