Antzinako Mesopotamian lehenengoetakoak izan ziren testuak liburutegietan gordetzen. Jakitun ziren ezagutzaren balioaz. Komeni da gogoratzea historian zehar arrazoi ideologiko edo erlijiozkoengatik nola suntsitu diren hainbat liburu baliotsu. Ezagutza sakon eta kritikoarekiko errezeloak ere beti txertatu ohi izan dira gure artean.
Umetatik liburuak maite izan ditut. Eta ez bakarrik esaten dutenagatik, beraien itxura, ukipena, eta batik bat zahar hautsak kutsatutako usainagatik. Nire osabaren liburuak oinordetzan jaso ditut eta beste asko erosi ere. Burura datorkit 14 edo 15 urterekin nire osabaren liburutegian beste askoren artean Joseph Shumpeter edo Sigmund Freuden liburuak azaldu zitzaizkidanekoa.
Erlazio sinbiotiko bat eraikitzen joan naiz nire liburuekin: arkatzarekin esaldi garrantzitsuak azpimarratuz, ertzean ohartxoak eta koadernoan esaldiak idatziz edo laburpenak eginez. Behin ere gogoan izan gabe inoiz zerbait hain baliotsurik gabe geldituko ote nintzenik, edo nire liburuak zabortegian bukatuko ote zutenik. Esan dezaket nire gustukoen hamar liburuak ez direla hamar, irakurri ditudan guztiak baizik, bakoitza nire bizitzako une zoriontsu batekin uztartuta daudelako noski.
Kontua da egun inork ez duela nahi liburutegi bat. Lehen oso baliotsuak ziren baino orain gehienera ere apaingarriak besterik ez dira etxeetan. Paperezko liburuak ez omen dute hautsa eta zomorroak hazteko bestetarako balio. Garbitasun arrazoiengatik etxe guztietatik desagertu egin behar omen dute. E-bookean erosotasunez oso ondo irakurri daitekeela eta ez dagoela zergatik zikinkeriarik pilatzen ibili beharrik.
Marañon jaunaren iritzian, adintsu izaten laguntzen duen hautsa arnasten, ni liburuz inguratuta bizi naiz. Ezin ditut nire liburuak kalean utzi edo paperen edukiontzira bota. Eman didaten guztiari traizioa egitea iruditzen zait. Galderei erantzunak emateko edo galdera berriak sortzeko, beraien bitartez, mundu ezberdinak aztertu ditut, Unibertsotik atomora eta geneetaraino. Historiaren bitartez iraganera bidaiatu naiz eta gaurko gizaki eta gizartea ulertzen saiatu naiz. Beldur naiz liburutegiko atmosfera kutsagarri horretatik aske gelditzen banaiz ni ere laster beraiekin zabortegian bilduko ote naizen.
Baina ‘optimista malenkoniatsu’ izanda, ziur nago liburutegiak etorkizunean datozkigun batailetan ere gure salbaziorako tresna baliotsuak izango direla, kapitalismo digital honetako arinkeria intelektuala sakon ulertu eta irtenbideak asmatzeko. ■