Monica Leiva • Kazetaria
Egun hauetan Rachel Corrie gogoan dut. Berak eta biok bat egin genuen mende hasieran Jerusalemgo Faisal Hostelean. Antro mitiko horretan kazetari eta nazioarteko aktibistak topatzen ziren. Rachel International Solidarity Movement-aren (ISM) formakuntza saio batean parte hartzen ari zen. Elkarte horrek Israelen okupazioaren aurkako protestak eta indarkeriarik gabeko metodoak erabiltzen ditu. 23 urteko estatubatuarra Gazan dagoen Rafah herrira zihoan, non 2003. urtearen hasieran operazio militar israeldar batek milaka familia palestinar etxerik gabe utzi zituen. Racheli munduaren pasibotasunak sumintzen zuen. Bakean sinesten zuen. Aste batzuk geroago, erail zuten Israelgo Carterpillar hondeamakina batek hainbat aldiz zanpatuta, eraispen gehiago saihesteko tartean sartu zenean. Haren oroitzapena niregana itzuli da hilabete honetan ISMko beste ekintzaile estatubatuar gazte bat, Aysenur Eygi, Zisjordania okupatuan erail ondoren.
Corrie familiak auzitara jo zuen. Israelgo epaiaren arabera, bere armada ez zen «eragindako kalteen» erantzulea izan, eta familiak demanda aurkeztu zituen Estatu Batuetan Caterpillar Inc. enpresaren aurka, giza eskubideen urraketetan eta gerra krimenetan konplizitatea izateagatik. Mugarri bat izan zen: Palestinako lurralde okupatuetan nazioarteko legedia urratzeagatik enpresa pribatu baten aurka jarritako lehen salaketa. Ordutik, auzitegietan kontuak emateko eskatzen zaien mendebaldeko konpainia pribatuen kasuek ez dute etenik izan. Urrunago joan gabe, joan den astean Alemaniak Israelera armen esportazioa izugarri murriztu zuen, auzi judizialak direla medio. Gustatzen zait pentsatzea Rachelek posible egin zuela.
Ez da sekretua 2019an CAFek 1.800 milioi euroko kontratua Jerusalemgo tren arina hedatzeko esleitu zuela. Horrek etxebizitzak eraistea eta familia palestinar asko etxetik indarrez botatzea eta nahitaezko birfinkatzea, Gazan eta Zisjordanian, berekin dakar. Amnistia Internazionalak salatzen jarraitzen du CAFek Israelgo apartheid sistema betikotzen laguntzen duela. Lehenago, 2016an eta 2017an, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak Jerusalemgo tren arina legez kanpokotzat jo zuen.
Azken urte jasan ezin honetan, Beasain eta Ordiziako pabiloien aurrean hainbat manifestazio izan dira. Pixkanaka-pixkanaka, gero eta ahots gehiago tartekatzen dira gure eskualdean palestinarren etxeak eraistea gelditzeko. Gauza gutxi dirudi baina ezer baino gehiago da. Gustatzen zait pentsatzea Rachelek posible egin zuela. ■