Crossfit delakoa modan dago gazteen artean. Entrenamendu metodo bat da, askotariko ariketatan eta barradun pisuan oinarritua, intentsitate handiko mugimendu funtzionalekin.
Geroz eta gehiago dira crossfita egiten duten Goierriko gazteak. Horien artean daude Andoni Gaztañaga (Ordizia, 1997) eta Maitane Hernandez (Urretxu, 1994). Ordiziarrak Bartzelonan eman zituen lehen pausoak eta urretxuarrak, berriz, Aramako Crossfit Txindokin. Biek lehiaketetan parte hartzen dute eta emaitza onak lortu dituzte. Jendea kirol hau ezagutzera animatu dute.
Maitane Hernandezek atletismoa, gimnasia erritmikoa eta futbola egin zituen, crossfitean hasi aurretik. «Atletismoan hasi nintzen eta Espainiako txapelketan parte hartu nuen. Atletismoa egiten nuela, gimnasia erritmikoan ere hasi nintzen. Nik zaletasun bezala hartzen nuen, baina Eibarretik eta Bergaratik deitu zidaten. Bergarara joan nintzen. Horretarako, atletismoa utzi nuen. Unibertsitate ikasketak hasi aurretik, gimnasia erritmikoa utzi nuen. Beti kirolzalea izan naizenez, futbolean hasi nintzen, Urolan».
Ikasketak amaitu ondoren hasi zen crossfitean. «Ikasketak Salamancan egin nituen eta masterra Valentzian. Hona itzuli nintzenean, Infinit Fitness gimnasiora joaten hasi nintzen. Salto enpresako entrenatzaileekin astean bi aldiz 30 minutuko entrenamenduak egiten nituen, intentsitate altukoak. Nire anaia eta lagun bat Crossfit Txindokira joaten hasi ziren eta nik ere bonu bat hartu nuen. Gustatu egin zitzaidan, baina itxiera perimetralak zirela eta, joateari utzi nion. Bergaran lan egiten dudanez, erizaina naiz eta Bergarako anbulatorioan lan egiten dut, Bergaran eman nuen izena».
Kirol osoa
Crossfita oso gustuko du, gorputz osoa lantzen delako: «Ariketa asko egiten direnez (pisuak, korrika, gimnasia, arrauna, sokasaltoa…) beti duzu zertan hobetu, giro polita dugu… Kirolari osoa izan behar da ondo aritzeko eta estrategia garrantzitsua da. Norberaren gorputza oso ondo ezagutu behar da, erritmoa ondo kalkulatu ahal izateko».
Kirol gogorra dela aitortzen du, baina gimnasia erritmikoa gogorragoa dela dio. «Entrenamenduak luzeak eta zailak dira eta oso diziplinatua izan behar da. Ariketak behin eta berriro egin behar dira ondo egiteko. Crossfita zaletasun bezala egiten dut, baina asko entrenatzen dut geroz eta hobeto aritzeko. Kontuz ibili behar da, ordea. Norberaren gorputza oso ondo ezagutu behar da, behar baino pisu gehiago altxatzen ez saiatzeko».
Hernandezek lehiaketetan parte hartzen du eta emaitza onak lortu ditu. Aste honetan Donostiako txapelketa batean parte hartuko du, taldeka, eta azaroaren hasieran Bilbon, bakarka. Nafarroan, Valentzian (Herrialde Katalanak), Madrilen (Espainia), Pauen (Frantzia) ere lehiatu izan da.
Bergarako taldearekin aritzen da txapelketetan, orain arte bertan entrenatu baitu. Aurrerantzean, ordea, Bergarako gimnasioko arduradunak ireki berri duen Urretxuko Mugitegi industrialdeko IOTAn entrenatuko du.
Jendea crossfita egitera animatzen du. «Nik zerbikaletan arazoak nituen eta crossfita egiten dudanetik askoz ere hobeto nago. Gainera, oso kirol dibertigarria da. Adin eta gorpuzkera guztietako jendeak egin dezake, bakoitzak bere mailan. Crossfitean gorputz osoa lantzen da eta pixkanaka emaitzak ikusten dira. Mugitegira joan eta bertan egiten dena ezagutzea gomendatzen dut. Adin guztikoentzat da».
Osoa eta erosoa
Andoni Gaztañaga ordiziarra ere kirolzalea izan da beti. «Eskola kirolean denetik egin nuen eta federatu bezala atletismoan, futbolean eta saskibaloian aritu naiz. Futbolean bi urte eman nituen eta saskibaloian ia hamar. 2020an utzi nuen».
Bartzelonan hasi zen crossfitean. Arrasaten Ingeniaritza Elektronikoa ikasi zuen eta ondoren Bartzelonara joan zen energia berriztagarrien inguruko masterra egitera. «Saskibaloian jarraitu nahi nuen, baina covida zela eta, zailtasunak zeuden. Kirola egiteko beharra nuen eta kirolik osoena crossfita iruditzen zitzaidanez, hastea erabaki nuen. Sare sozialen bidez ezagutu nuen crossfita».
Gustatu egin zitzaion. «Kirol munduan, sufritzea gustatzen zait. Eta crossfitean zuk jartzen duzu muga. Sufritu nahi baduzu, sufritu egin dezakezu. Entrenamendua bukatzen dudanean, probetxuzko zerbait egin dudala iruditzen zait. Asteko bost egunetan crossfita egiten dut eta beste batean korrika». Berak ere lehiaketetan parte hartzen du. «Inguruko txapelketa batzuetan podiumen bat lortu dut».
Egun, Ordiziako crossfit gimnasioan entrenatzen du. «Oso kirol osoa da. Gainera, edonork egin dezake. Norberaren ezaugarrietara moldatu daiteke. Eta ordu batekin nahikoa da. Kirol erosoa da alde horretatik. Hala, azkeneko hilabeteetan jende askok eman du izena. Crossfita gero eta ezagunagoa da. Entrenatzailea dugu eta berak asteko lana prestatzen digu». ■