Antzerkirik eta Urrup talderik gabe ez du ulertzen bere bizitza Marisol Caverok (Ordizia, 1967). 1991. urtetik, Ordiziako antzerki taldeko kidea da Cavero. Lehenengo urratsak, Urdaneta eta Oianguren ikastetxeetan egin zituen. Harrezkeroztik, ez da geratu.
Noiz izan zenuen lehenengo harremana antzerkiarekin?
Urdaneta eskolan, 8. mailan hasi ginen antzerkia egiten Alfredo Gorostidirekin. Obra bat egiteko proposatu zigun eta lehenengo esperientzia antzerkiarekin hura izan zen. Izugarri gustatu zitzaidan. Ze magia zeukan!
Gogoratzen zara zein antzezlan zen?
El sexo debil. Autorea, ideiarik ere ez nor zen. Oso barregarria zen, oso kastizoa, oso xalatua. Asko gustatu zitzaidan. Gero institutuan bazegoen beste irakasle bat, Fran Garcia Calero, literaturakoa. Bera ere antzerkiak asko erakartzen zuen. Talde bat sortzeko esan zigun. Lehenengo obran ni izan nintzen argiak pizten zituena, teloia irekitzen zuena… Frustratuta sentitu nintzen. Institututik atera ginenean, antzerkia egin genuen lagun batzuei esan nien ea talde bat sortuko genuen. Baiezkoa erabaki genuen. 1991ko iraila izango zen. Udaletxekoekin nik hitz egiteko esan zidaten. Baimena eskatu nuen, lokala… Urdaneta eskolako gimnasioa utzi ziguten entseatzeko. Igandero elkartzen ginen, 16:30ean. Pentsa!
Bakarrik hasi zineten, edo zuzendari batekin?
Bakarrik. Ni nintzen aktorea, zuzendaria… denetarik egiten nuen. Entseguen hasieran, asteburuetako kontuak kontatzen pasatzen genituen orduak. Lagun kuadrilla bat ginen. Entseguak desastre bat ziren eta serioago hartzeko, lehenengo antzezlanerako data bat jarri genuen. Festak hasi aurreko ostirala.
Zein antzezlan prestatu zenuten?
Oso obra polita aukeratu genuen, oroitzapen oso politak dauzkat: Cuentalo tu que tienes mas gracia. Nire anaia Carlosek ere parte hartu zuen. Taldearen izena Ordizia antzerki taldea zen. Oso polita atera zen, jendetza elkartu zen Herri Antzokian. Sarrera guztiak saldu ziren. 1992ko uztaila zen. Nire anaiak uda hartan izan zuen istripua eta hil egin zen. Gero geldialdia egin genuen. 1993ko Kilometroetan antzeztu genuen berriz. Arrate Leundak asmatutako ipuin bat. Ondoren, Rosa Rojo zuzendaria hartu genuen. Harrezkeroztik gurekin dabil. Urrup izena 1995ean jarriko genion, Arrateri bururatu zitzaion.
Goierritar askorentzat eskola ere izan da Urrup.
Bai, jende asko pasatu da taldetik. Sara Cozar gure taldean hasi zen. Inoiz antzerkirik egin gabe zegoen. Elkarrizketa guztietan aipatzen du. Garikoitz Lariz ere bai, Malagan dago. Eta Gorka Lariz ere bai.
Zuretzat zer da Urrup?
Niretzat antzerkia bizia da. Eta Urrup da, nire taldea. Nire taldea, letra larriz. Lagunok gauden txoko bat. Beti sortzen da magia berezia jendearen artean. Oso-oso berezia da. Edozer gauza utziko nuke, baina hau ez, Urrup ez. Gauza inportanteenak denok bizi izan ditugu elkarrekin eta hori oso polita da. Umeak jaio zirenean senarrak ekartzen zizkidan umeak entseguetara bularra emateko. Super haurdun nengoela antzerkia egin nuen… Nik beti esaten dut: nik hiru kuadrilla ditut, eta nire kuadrilla super inportantea Urrup da.
Antzerkiak funtzio asko ditu, onura asko ditu.
Asko! Presente egon behar duzu. Entseguetan, funtzioan presente egon behar duzu, momentu horretan gertatzen denean. Gauza guztietan fijatu behar zara. Zerbait erortzen bada erne egon behar zara, norbaiti testua ahazten bazaio, edo testua saltatu badu berriro ekartzeko moldatu behar zara…
Urduritasuna kudeatu behar da. Energia txarrak atzean utzi behar dira antzezteko. Asko ikasten da. Jendaurrean hitz egiteko gaitasuna hartzen da, jendearekin hitz egiten… Antzerkia probatu nahi duenari etortzeko esango nioke.
Pertsonaia asko antzeztuko zenituen urte hauetan guztietan. Nor aukeratuko zenuke?
Asko daude. Julieta egin dut, Shakespearena. La casa de Bernardo Alban Martirioren papera egin nuen. Super polita da. Egin nuen lehenengo antzezlanean, Esther prostituta izan nintzen. Ze ondo pasatu nuen! Asko gustatu zitzaidan. Eszenatokian handitu egiten naiz. Tuppersexeko Sara asko-asko gustatu zait. Duela urte gutxi, Desio izeneko tranbia egin genuen. Zelako obra! Zoragarria da. Behin edo bi aldiz bakarrik antzeztu dugu. Nolako lana egin zuten Ana Martinezek eta Gorka Larizek! Ni bizilaguna nintzen. Oso ukitu polita zeukan.
Urte askotarako daukagu Urrup?
Espero dugu baietz. Momentu honetan neska gutxi gaude, bi bakarrik. Beti alderantziz izan da. Orain bost mutil ditugu. Oso aberatsa da adin desberdinetako jendea egotea taldean. Gu helduak gara, eta noizbehinka sartzen dira gazte batzuk. Orain 16 urteko zumarragar bat daukagu.
Zer, nor eta non gustatuko litzaizuke antzeztea?
Gustatuko litzaidake berriro Desio izeneko tranbia egitea. Oso obra ederra da. Lan izugarria egin genuen. Askotan esan diet taldekideei, berreskuratu behar dugula. Orduan egingo nuen pertsonaia bera egingo nuke. Non? Donostiako Victoria Eugenian!
Urrupetik kanpo, lanik egin duzu?
Goenkalen aritu izan nintzen figurante bezala, testuarekin. Behin psikologo bezala, bestean mediku bezala eta iruzurgile bezala ere bai.
Gustatu zitzaizun telebista, edo antzerkia nahiago duzu?
Lehenengo aldiz joan nintzenean ez zitzaidan batere gustatu. Beti irudikatu nuen erromantizismorik ez zegoen. Mediku bezala egiteko iritsi nintzen, eta ez zegoen entsegurik. Hurrengo bietan bai. Lehenengo aldian aktoreak ez zidan esan ea entseatuko genuen. Tristatu nintzen. Pena eman zidan.
Uda minean negua dokumentala Ordizian egin genuen, gerra zibilari buruzkoa. Aktorea izan nintzen eta erromantizismoa itzuli zen. Ze polita, ze ondo zainduta dena… Film laburren batean ere parte hartu nuen, aspaldi.
Eta zinea?
Gustatuko litzaidake film luze batean parte hartzea eta casting-etara aurkeztea, baina ez daukat denborarik. Aspaldi ez naiz aurkeztu. Txikia nintzenean nire ametsa zen Hollywoodeko aktorea izatea, eta institutuan Hollywood deitzen zidaten. Begira non geratu zen Hollywood. Baina jarraitu nahi dut lanean. ■