Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Garai batean modernitatearen aurkakoak kontsideratu eta horietako asko eraitsiak izan baziren ere, geratzen zaizkigunak, beren balio historiko eta artistikoengatik bizilekuko harribitxitzat dauzkagu gaur egun. Hala ere, ez da dena distira.
Gune historiko deklaratuetan, geurean eta beste hainbatetan, zahartuak eta hustuak ditugu etxebizitza asko. Gero eta hustuago egoteak orduan eta egoera kaskarragoan bilakatzen ditu, etenik gabeko joera eraginez. Fatxada ederreko eraikinak izatea ez da nahikoa. Barrualdetik egokituta egotearekin bat egin behar dute aurrealde horiek, itxura hutsean gera ez daitezen.
Konponbidea ez da erraza, baina egin beharrekoan berehala jarriko ginateke ados. Harribitxia distiratsu egon dadin ezinbestekoa da habitaturik egotea eta habitaturik egoteko, berriz, beharrezkoa etxebizitza egokiak izatea bertan.
Geurean ez ezik egoera bereko gainerako herrietan ere, biztanleen joera bertatik alde egitearena izan da, herrigunetik kanpora edota inguruko herriren batera. Ez da jende gehiegi animatu izan bertako eraikinak bizileku izateko egokitzen, daukaten lanagatik, gastuagatik eta baita arau urbanistiko zorrotzengatik ere.
Azkenaldian, gurean behintzat, mugimendua nabari da arlo honetan. Erosle ezberdinak, hondatzeko zorian edo erortzear dauden etxeak eurenganatu eta zaharberritzera animatu dira. Helburua negozioa egitea bada ere, bide batez, bertakoentzat etxebizitza duinak eskainiz gune historikoa zaharberritu eta dinamizatze bidean jarriz, funtzio sozial positiboa burutzen ari dira. Beste aukerarik ezean, ahal den heinean, lagundu eta bultzatu egin beharko genituzke halako ekimenak, etxebizitzen aukera handitzeaz gain, kasko historikoak biziberritzen ikus ditzagun. ■