Segurako Historia Oroituz taldeak 2022an estreinatutako ‘Orreagatik iragan hurbilera’ antzerki lanak gaurkotasuna irabazi du aurten, 1.200 urte betetzen direlako Iruñeko Erresuma sortu zenetik.
Agenda bete-betea du datozen asteetan Segurako Historia Oroituz taldeak. Aurten 1.200 urte betetzen dira Iruñeko Erresuma sortu zenetik, eta segurarrek duela bi urte Euskal Herriaren gertakari historiko garrantzitsu hura antzeztuz lehen aldiz plazaratu zuten Orreagatik iragan hurbilera antzerki lana antzokietara itzuli da, Nabarralde elkarteak eskatuta.
Udaberrian hasi zuten bira berria segurarrek, eta orain arte Astigarragan izan dira maiatzean, eta Bergaran irailean. Bihar bertan, urriak 19, Arabako Arraia-Maeztun dute hitzordua. Urriaren 25ean Villabonan izango dira, urriaren 26an Oñatin, Hernanin azaroaren 15ean, eta Iruñean azaroaren 16an.
Aurreko errondan Seguran bertan, Beasainen, Zegaman, Ordizian, Mutiloan, Azpeitian eta Auritzen (Nafarroa) izan ziren.
Bira berria abiatu izana «pozgarria» dela diote antzerki taldeko Lourdes Imazek eta Isa Iparragirrek, «antzerkiaren bidez, artearen bidez azken finean, gure historia ezagutarazten eta zabaltzen jarraitzeko aukera dugulako berriz ere».
Historia, antzerkiarekin azalduta
Segurako Historia Oroituz elkartearen helburua euskal historiako gertakariak edo pasarteak antzerkiaren bidez ezagutaraztea da, gaztetxoak eta gazteak tartean sartuta, Lourdes Imazek zehaztu duenez. «Hitanoa erabiliz euskara indartzea ere badago gure helburuen artean». Hain zuzen, hika hitz egiten dute antzezleek lanetan, «ederki ikasi dute gaztetxoek, nahiz eta gero kalean ez duten erabiltzen, helduotako askok bezala», nabarmendu du Isa Iparragirrek.
Taldearen sorrera Segura 1256-2006 antzezlanean dagoela gogoratu dute taldeko bi partaideek. Seguraren sorreraren 750. urteurrena ospatzeko aitzakiarekin Juan Agirre Sorondok idatzitako lana zen, eta herritarrek parte hartu zuten bertan. «Gutako batzuk ginen han, eta orduan konturatu ginen zein polita den antzerki lan baten bidez historia transmititzea». Hala, taldea osatu eta antzerkiarekin jarraitu zuten, eta horrela etorri ziren hain harrera ona izan zuten Ez dira aspaldiko kontuak eta Iragana, lahar eta larrosa antzezlanak, 2014an eta 2017an, hurrenez hurren. 2022an, berriz ere plazaratzen hasita dauden Orreagatik iragan hurbilera sortu eta kaleratu zuten.
Hogeita bat laguneko taldea da gaur egungo Historia Oroituz, gazteak eta helduak biltzen dituena, 14 urte ingurukoak dira gazteenak, eta 70 urtetik gorakoak helduenak, eta hogeita bat lagunak igotzen dira taula gainera, aretoetan edo areto gisa prestatutako beste tokietan. Baina taulara igo aurretik, entseguak izaten dira, «eta entseguak lotzea zaila izaten da, puzzle bat egitea bezala delako, batez ere gazteekin».
Antzezlan bat prestatzea «lan handia» dela diote Imazek eta Iparragirrek. «Baina oso giro ona dugu gure artean, eta ikusten dugu, gainera, publikoak zenbat eskertzen duen egiten duguna».
Bi garaitan banatutako lana
Taldearen azken lana da Orreagatik iragan hurbilera. 2020an hasi ziren prestatzen eta, urte bereko urriaren 14an estreinatu zuten, Seguran, arrakasta handiz, gainera. Lourdes Imaz berak idatzitako eta zuzendutako lana da. «Asko gustatzen zaizkit historia gaiak, eta Orreagako gertakariez irakurtzen ari nintzenean, pentsatu nuen zein garai esanguratsuak ziren, Euskal Herriarentzat mugarri izan zirenak, eta zein gutxi dakigun horiei buruz». Eta gertakari haiek ezagutaraztea erabaki zuen, antzerki lan bat idatziz, eta taularatuz.
Bi zati ditu lanak. Lehenengo zatian Orreagan gertatu zena irudikatzen da, guda, eta horretan, «oso dinamikoa delako», protagonismoa eman diete gaztetxoei, 14 urteko ikasleei. Iragan hurbileko zatia, berriz, helduek egiten dute, «bertatik-bertara ezagutu genuelako batzuk, eta errazago zelako guretzat». Francoren garaia irudikatzen dute horretan, eta orduko erlijioa, errepresioa… eta beste gai batzuk lantzen dituzte, bi pertsonai ardatz hartuta: garai haietan atxilotu zuten Azpeitiko gizon bat, eta Segura bertako Argia aldizkariko berri emailea, abertzalea bera.
Orreagako borrokari eskainitako lehen zatian, baskoiek Karlomagnoren tropak gailendu eta horren ondorioz Iruñeko Erresuma sortu zela azaltzen dute. Orreagako borroka dantzaren bidez irudikatu dute gaztetxoek. «Garai hartara joatea ez da batere erraza. Horretarako erabili dezakezu proiekzio bat, baino garai hartako irudirik ez dugu, eta guri bururatu zitzaigun koreografia bat sortu eta dantzaren bidez egitea. Oier Labordek prestatu zigun koreografia, eta musika Joxan Goikoetxearena da». Antzezlanean zehar, «Karlos Jimenezen musika ere erabiltzen dugu». Jantziek ere badute zer esana atzera bidaia horretan, eta Iparragirre arduratu da atal horretaz.
Lanaren helburua da publikoari ikustaraztea «bi garai desberdin, bi gertakari desberdin izan zirela, baina bietan baskoiak erasotuak izan ginela».
Zer gertatu zen Orreagan?
Lanaren gidoia idatzi duen Lourdes Imazek dio ez dela historialaria, baina hain gustuko du historia, oso ondo ezagutzen duela Orreagako gudaren ingurukoa. «Orreaga pasabide natural bat zen gure arbaso baskoientzat. Hainbat gudaldi egon ziren bertan eta horien ondorioz sortu zen Iruñeko Erresuma».
Orreagako 778ko batailak izan zuen oihartzun handiena, baskoiek Karlomagnoren tropak gailendu zituztenekoa, La Chanson de Roland gesta kantuan ezagutzera eman zelako batez ere, baina Imazek nabarmendu duenez, 824. urteko bataila «erabakigarriagoa» izan zen, «euskaldunontzat beste mugarri bat».
Bataila hartan, «frankoak berriz saiatu ziren baskoiak menperatzen, Iruñea nahi zutelako konkistatu, eta horrela baskoien lurraldea desagerrarazi. Baina 824an ere irabazi egin zuten baskoiek, eta horren ondorioz sortu zen Iruñeko Erresuma, geroago Nafarroako Erresuma izena hartuko zuena». Eta ia 800 urte iraun zuen erresuma horrek, 824. urtetik 1600 urtera arte. «Antolamendu horrek lurraldeari eskainitako babesa izan da, gure herria eta hizkuntza, traba askoren artean, gaur arte bizirik irautearen arrazoietako bat».
Horretan datza aurtengo urtemugaren garrantziak, eta horregatik erabaki dute Orreagatik iragan hurbilera berriz taularatzea. ■