Xabin Fernandez Zubeldia • Aktorea
Donostiako Zinemaldian erakutsi den telesailetako bat izan da Yo, adicto. Javier Giner Barakaldoko gazteak bere bizi esperientzian oinarritutako izen bereko nobela ardatz duen ikus-entzunezko lana da hauxe. Dagoeneko ikusgai dagoen seriea ikusi aurretik, nobela utzi dit lagun batek eta horixe daukat oraintxe esku artean. Eta idatzian barrena igerian nabilela, bere hausnarketetako batean geratu naiz ez aurrera ez atzera.
Adikzioak sendatzeko zentro berezi batean ingresatu zueneko pasarteaz ari da Javi, eta momentu horretan Amy Whinehouse handiaren abesti bat txertatu nahi izan du. «Erreabilitaziora eraman nahi naute, eta nik diot ezetz eta ezetz» dioen abestiaz ari da, Amyk berak pasatako kapitulu hartan gertatutakoa azaltzen duen kantuaz alegia. Baina kuriosoa da, nobelaren autoreak ondo dioen moduan, nola abesten dugun askok letra hori behin eta berriz, edozein festatan entzuten dugunean, letrak berak esaten duenari jaramon gehiegirik egin gabe.
Ginerren esanetan, urteak dira abesti hori osorik entzun ez duela. Barruak astintzen dizkio, eta edozein lokaletan lehen akordeak entzuterako, hanka egin behar izaten duela aitortzen du liburuan. Lagunek oihu batean abesten duten bitartean, berak kanpora joan behar izaten du nonbait, malkoak heltzera.
Pentsatzen jarrita, nik ere badut horrelako abesti bat nire zerrendan. Gogoan dut, Rozalenen Comiéndote a besos entzun nuen lehen aldia. Albazeteko artistak oraindik ez zuen egun duen ospea, eta esango nuke abesti hau izan zela bere ahotsean entzun genuen lehen piezetako bat. Lehen entzunalditik usaindu nion zerbait abesti hari… haren hitzetan bazen nire odola dantzan jartzen zuen zerbait. Baina artean ez nekien zer zen.
Denbora gutxi behar izan nuen misterioa argitzeko. Abesti zoragarri horretan, neska batek bere maitasuna agertzen dio ezagutu duen bikoteari. Baina mutila ‘beldur da’, ez baitu nahi hark bere ‘errealitatea jakiterik’. Ez galdetu zergatik, baina nik banekien zein zen errealitate hura. Abestia kaleratu aurreko asteetan ezagutu nuen nik ere errealitate berbera. «Eta sentitzen dudana azaldu behar badizut, esango dizut maite zaitudala, zure zortearekin, zure kakarekin, iraganarekin eta orainarekin, gaixotasunarekin edo gabe. Ez al duzu ikusten zu muxuka jaten jarraitu nahi dudala? Zure begiak dira, eta ez zure odola nire ohera eraman nahi ditudanak».
Eta ordutik, ez da malkoak masailean behera erorarazten ez dizkidan entzunaldirik egon. Zorionez, ordea, Amy Whinehousen Rehab abestiak baino erritmo motelagoa du honek, eta ez dut edozein herriko festetan entzun beharrik izaten, Javiren antzera. ■