Igor Susaeta • Kazetaria
Zuei ere gertatuko zitzaizuen: beste pertsona batekin edukitzen ari zaren solasaldia bukatzeko sekulako gogoa izatea. Taberna batean bazaude, adibidez, amaitzeko modu bat izan daiteke komunera joan beharra daukazula esatea; ene lagunen eta etsaien esanetan, inguratuta edo gogaituta sentitu izan naizenean, baita seko aspertuta egon naizen egoeretan ere, historikoki erabili izan dut amarru hori. Aurrekoan, ordea, ez nuen halakorik egin, eta modu berdin-berdin hotz batean lortu nuen solasaldia etetea.
Duela aste batzuk izan zen, herritik gertu, lagun batek antolatutako performance-aren ondoren, ezleku batean mokadutxo bat jaten eta trago batzuk jotzen ari ginela. Pertsona batekin hizketan hasi nintzen. Ez genuen elkar ezagutzen, baina bagenuen elkarren berri. Small talk-ari bide eman nahian, hasi nintzaion galdezka-edo bera bizi den lekutik gertu jarri nahi dituzten haize errota erraldoiez. «Ze putada, ezta? Ez dudana oso ondo ulertzen da…».
Ez zidan bukatzen utzi, eta orduan hasi zen suminduaren bakarrizketa. Grabagailua atera eta oharrak hartzen hastekotan egon nintzen; ez, preseski, interesgarria zelako esaten ari zitzaidana, hitzaldi batera joatea tokatzen zaigunean horrela jokatzen dugulako baizik. «Ez dakit jakingo duzun, baina…», esaten ari zitzaidala, moztu egin nion, arnas pixka bat hartze aldera: «Kazetaria naiz, batzuetan tokatu zait kontu horiez idaztea». Segituan lotsatu nintzen hori esan izanaz.
Gizajo galanta naiz, egia esan. Zaparrada dogmatikotik ihes egiten eta galdera bat planteatuz aterpetzen ahalegindu nintzen bizpahiru aldietan, gisa honetakoak jaso nituen bueltan. «Hori ez da inportantea, motel!»; «Baina ez, ez erreparatu horri, motel!». Neure artean pentsatu nuen umorea balia nezakeela; ez omen du hutsik egiten. Alferrik. Komunik ez bizpahiru pausora, eta, lotsagabe, azalpenik eman gabe, aldentzeko bizpahiru pauso eman, eta beste taldetxo baten solasaldia entzuten hasi nintzen, speech-ean etenaldi bat egin behar zuela iruditu zitzaidan une batean. Besterik gabe, metodo garbi hau probatzea gomendatzen dizuet. ■