German Urteaga Garmendia • Entrenatzaile pertsonala eta Kirol psikologoa
Jean-Jacques Rousseauk hala esan zuen behin: «batek haurtzaroan maite duena betirako geratzen da bihotzean».
Zertan jolasten genuen haurrak ginenean? Zer egiten genuen? Norekin pasatzen genuen denbora? Zer zen maite genuena?
Atzera begira jarriz kirolean irudikatzen dut nire burua, izan baloi bati ostikoka, lata bati ostikoka, frontoian palan, pareta batean pilotakadak emanez, baloiarekin tokeak eginez, bizikleta gainean… Txandala soinean eta izerdia nigan, baita irribarrea ere.
Denbora aurrera joan ahala baliteke gure barneko haurra albo batera uztea, haztea berarekin ahaztearen sinonimotzat hartzen du pertsona gehiegik. Hala ere, denok daukagu gure barruan haurtxo bat. Hirugarren edo laugarren adineko pertsonak maiz esaten da adinarekin «umetu» egiten direla eta umetan zituzten jarrera eta portaera anitz hartzen dituztela berriz ere, eta barkatuko didazue baina helduenek badakite zerbait… Zerbait baino gehiago.
Garrantzitsua da gizarteak inposatzen digun zurruntasun horretatik aldentzea eta gure barruko haurra zaintzea, zeren bai, denok dugu haurtxo hori gure barnean, askotan hitz egin nahi izaten diguna eta ez dioguna uzten, eta gero kexatu egiten gara ez dugulako gertatzen zaiguna ulertzen, ez garelako zoriontsu. Ño, kantatu nahi baduzu, kantatu. Dantzatu nahi baduzu, dantzatu. Erratzaren punta eskuko behatz txikiaren gainean jarri nahi baduzu eta bertan oreka mantendu, egin. Baloia hartu eta paretari ostikoka jardun nahi baduzu, jardun. Panpinarekin haurra zinenean bezala jolastu nahi baduzu, jolastu. Puzzle bat egin nahi baduzu, egin. Marrazki bizidunak ikusi nahi badituzu, ikusi…
Ez dago haurrez inguratuta egon beharrik aurreko guztiak egiteko. Ez dago haurra izan beharrik aurreko guztiak egiteko.
Agian komeni zaigu ulertzea gure barneko haurrak besarkatua izan nahi duela, entzuna izan nahi duela, maitatua eta estimatua izan nahi duela… Beste edozein umek bezalaxe. Dilema baten aurrean, zalantza baten aurrean edo kezka baten aurrean, momentu batez geratu, haur horrek zer nahi duen galdetu, entzun eta ondoren hausnartuz gero dena errazagoa izango da.
Ez ahaztu: batek haurtzaroan maite duena betirako geratzen da bihotzean. Zuk zer maite zenuen haurra zinenean?
Banoa baloiari ostikada batzuk ematera. ■