Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Etxebizitzen espekulazioaren, aterpe duin bat eskuratzeko zailtasunen eta horren guztiaren eraginaren inguruko gaia mamitsua bezain kezkagarria da. Jabetza bat hartu edo bereganatzeak oihartzun handiagoa izan du azken boladan eskuin muturrekoen diskurtsoaren ondorioz, kriminalizatzeko joera nabarmenez, bidenabar, baina ez, ez dut etxebizitzen okupazioaz jardun nahi. Dena den, okupak, besterik gabe, ez nituzke deabruarenera bidali nahi. Infernua bizirik!
Espazio edo leku bat betetzeaz aritu nahi dut. Betetzeko zenbaiten arteaz, zehatzago esanda. Dagoela nabarmendu gabe, orain-hemen-zurekin dagoen jendeak arreta, miresmen eta estimua sortzen dit. Geroz eta handiagoa. Hanka puntetan, zirkinik ere egin gabe, isilka-misilka, leku, une eta modu egokietan eskua luzatu, begirada gurutzatu, belarriak eskaini, sorbalda jarri, ahoa ireki, hitzik egin gabe babesa adierazi eta, egoera zein testuingurua edozein izanik ere, goxotasuna agertzen duten lagunez ari naiz. Dotorezia izugarriz, itoaldi, estuasun, azkura edo ezinegonak gain hartu baino lehen, hantxe egingo dizute kuku bat, sorpresan, pare-parean, eurekin loturarik izango ez balu bezala. Diskrezio handiz, pauso geldi bezain sendoan, ez gehiegi eta ez gutxiegi, tamaina, intentsitate eta maiztasun hain aproposean babesa adierazten duten pertsonak magoak ote diren pentsatzen hasia naiz: «txan-ta-ta-txan, hemen naiz!». Artxila murtxila beharrik gabe arintzen dute motxila halako adiskideek, eta nola arindu, gainera.
Egoten jakitea benetako abilezia dela uste dut, gure bizi-erritmo erogarrian egitera ohituago gaudela uste dudalako, bereziki. Etorri bezala joaten dakite mota honetako lagunek, egonarriari eutsi, egoteko beharrezkoak egin eta listo, hurrengo egun batera arte. Kezka, beldurra edo atsekabea nitik gura norabidetzen dute eta kolektibizatzeari esker itzuleran berriz ere ni reseteatu eta indartsuago bat du emaitza truke honek norbere baitan. Betea hustu eta hutsa betetzen dute, aztarnarik utzi nahi ez balute eran uneko beharrei erantzun, behar den zehaztasun, goxotasun eta denbora eskainiz, neurri milimetrikoetan. Eskatu gabe ematen dute, eskaria-eskaintza binomio ekonomiko kapitalistaren atzaparretatik urrun, elkartrukearen oinarrietara joz, merkatuko merkealdietatik ihes eginda.
Okupatzaile maitagarrioi, eskerrik asko. ■