Izaro Intsausti • Dantzaria
Gaur egun Euskal Herriko gizarteak eta nola ez, Hezkuntza sistemak duen erronka handietako bat da kultur aniztasuna. Ezbairik gabe, kultur aniztasuna aberastasun iturri da eta mundu gero eta anitzagoan moldatzen lagunduko diguten gaitasunak, ezagutzak, jarrerak garatzea ahalbidetzen du.
Aniztasun horretan euskal kultura ardatz izan behar duelakoan nago eta bide horretan lan egiteko benetako konpromiso errealak exijitu beharko dizkiegu gure agintariei. Baina ardura agintarien esku utzi eta zain egotea ere ez denez aukera bat, beste behin, txikitasunetik eragiten hasi beharko dugu; jende txiki askok, leku txikietan gauza txikiak eginez, mundua eraldatu dezaketela sinetsita.
Kulturak duen potentziala mahai gainean jarriz, bidea egiten nondik hasi, ordea? 2020ko urriaren 27an, Eskola Hiztun Bila XXIV. Jardunaldian Xabier Payak eskainitako hitzaldian, euskal kulturaren sorkuntza eta kontsumoa sustatzeko gako batzuen inguruan aritu zen eta horretarako baliabide batzuen berri eman zuen.
Besteen artean, Hego Ameriketan lantzen den Kulturaren Oinarrizko Saskiaren ideia jorratu zuen. Zer joko genuke ezinbestekotzat euskal kulturan? Galdera sakona eta erantzunak askotarikoak, ziur aski.
Dantzaria izanik, dantzaren inguruko oinarrizko saskia lantzen aritu naiz eta ariketa interesgarria izan da. Ondo legoke, Kultur arloko gainerako diziplinek ere lanketa bera egin eta ondoren, konpartitu eta guztion artean tokian tokiko saski txikiak sortzen hastea. Eta, zuk zer sartuko zenuke saskira? ■