Aratz Elizegi (Beasain, 1998) duela urte eta erdi baino gehiago joan zen Australiara bizitzera, eta esperientzia bikainak bizitzen ari da. Bertako ohiturak zein funtzionatzeko moduak barneratu ditu jada eta oso pozik dago esperientziarekin.
Noiz joan zinen Euskal Herritik kanpora? Nora joan zinen?
2023an joan nintzen Sidney-ra, martxoaren amaieran. Nire australiar bizitza ostatu batean hasi nuen. Geroztik, Australian bizi izan naiz, nahiz eta bisitan tartean behin etorri izan naizen, orain bezala, Gabonak etxekoekin igaro eta berriro itzuliko bainaiz.
Zein da bertako zure egunerokoa?
Nire egunerokotasuna ez da konstantea izan bidaian. Hasieran, bertara iritsi nintzenean, ostatu batera joan nintzen, hiru astez. Nire lehen helburua bertan jendea ezagutu eta lana topatzea zen, bakarrik joan bainintzen. Horrez gain, esperientzia lehen urtetik bigarren urtera luzatzeko, bertako natiboei laguntzen ekarpen bat egin beharra diezu bi hilabetez. Nire kasuan, lana lortu nuen eta lan bat izateak ahalbidetu zidan luzapena. Hiru aste igaro ondoren Sidney-en, Solar Farm batean lortu nuen lana. Eguzki-plaken arloan lan egiten duen enpresa bat da, eta nire bidaia luzatzeko beharrezko baldintzak betetzen zituen.
Beraz, pozez hartu nuen nire egunerokoaren aldaketa, nire helburuak betetzen ari bainintzen. Bertan 9 hilabete egon nintzen lanean, 10 orduko lanaldia egiten astean 5 egunez eta larunbatetan 6 orduko lanaldia eginez. Beraz, ez da denbora guztian berdina izan nire egunerokoa.
Zein ekarpen egin dizu esperientzia honek arlo pertsonalean?
Lehen aldia izan da nik bakarrik Europatik kanpoko bidaia bat egin dudana, eta bertan, beste bizimodu bat dagoela ikusi dut. Europa mailan, esango nuke, lan finko bat bilatzearen eta bizitza osorako lan berdinean egotearen bila aritzen gara askotan, edo behintzat logika horren baitan funtzionatzen dute bizi-espektatibek. Australian, aldiz, oso bestelakoa da errealitatea alde horretatik. Kanpotik Australiara goazen guztiok lan aldakorrak izaten ditugu. Beste bizimodu bat da azkenean, eta oso normalizatuta dago.
Taberna zein dendetan 2 astero langilez aldatzera ohituta daude, adibidez. Azkenean, ‘kasual’ moduan egoten zara lanean, jendea behar dutenean eskatu egiten dute eta behar ez dutenean, bota. Beraz, mugimendu handia dago bertan, bizimodu aldakorrak dira. Bizimodu horretara egokitzea ere erronka bat izan da eta nik uste bertara goazen guztiok hala bizi dugula, baina nahiko positibotzat hartu dut azkenean, nahi duzunean lan egiteko aukera eta nahi duzunean aldatzeko aukera ematen baitizu. Sozialki ere hobetzeko aukera izan da, bertara iritsi eta topatu beharra daukazu jendea, lana… eta horrek mugitzera eraman nau.
Esperientzia honek eman dizun gauzarik onena zein izan da? Eta txarrena?
Esperientzia honek emandako onena izan dudan egokitzeko gaitasuna izan dela esango nuke. Oso kultura eta ohitura desberdineko tokia da, eta zerotik hastea bezala izan da, herrialde berri bat izanik. Ausarta izan behar duzu eta gaitasuna izan behar duzu. Uste dut ondo moldatu naizela horretan. Bestalde, gauzarik onenen artean kokatuko nuke baita ere bertan dudan bizitzeko logika edo kontzeptua. Oraina bizitzera eramaten zaitu bertako bizi estiloak. Oso normalizatuta daude zenbait kontu hemen ez daudenak, hala nola, lan aldaketarako erraztasuna. Asko baloratzen dut erraztasun hori, ez nauelako lotzen lan zehatz batera; esperientzia lortzen laguntzen dit nahi dudan lan horretan edota edozein momentutan aldatzeko aukera eman. Lasaitasuna ematen du bertan zein barneratuta daukaten hori.
Bestalde, gauzarik okerrena etxetik horren urrun egotea dela esango nuke, izan ere, asko pentsatu behar da noiz itzuli etxera, noiz egin bisitak eta abar. Horrez gain, kultura aldetik gu gatozen herrialdea kontuan hartuta, eta Hego Amerikatik datozenekin hitz eginda, Australian ez dago kultura indartsurik gurearekin alderatuz. Identitatea falta zaiola iruditzen zaigu askotan kultura aldetik, eta hemendik joanda hau faltan botatzen da.
Behin Goierrira bueltatzen zarenean, itzuliko zara Australiara?
Oso argi dut behin hona itzultzen naizenean berriro itzuliko naizela, baina ez orain bezainbeste denborarako. Oporretan edo beste bisa mota batekin joango nintzateke, 2-3 hilabete ingururako.
Zer gomendatuko zenioke horrelako esperientzia bat hastear dagoen pertsona bati?
Lehenik eta behin, lasai hartzeko esango nioke. Hasierak ez dira errazak eta burua jateko aukera asko daude, batez ere bakarrik bazaude. Oso urrun zaude zure herrialdetik eta horrek ere badu eragina. Bestalde, helburu orokor bat oso garbi izatea garrantzitsua dela uste dut, zertara zoazen jakitea, eta hori betetzen saiatzea, betiere itsutu gabe. Edozein informazio berri lortzen saiatzeko, dena delako lagungarria eta perspektibarekin ikusi behar da, lasaitasunez. Hala ere, nahiko herrialde erraza da eta lan aukera handia dago.■