Maite Errarte Zurutuza (Beasain, 1995) Aranzadiko etnografia saileko zuzendari izendatu dute. Fermin Leizaolak pasa dio lekukoa. Bere helburuetako bat gazteak erakartzea da.Errartek Historia ikasi zuen Gasteizen. Arkeologia auzolandegietan lan egin zuen eta ondoren Gordailuak eskaintzen duen etnografia beka hartu zuen. Horren harira, Aranzadiko Etnografia sailean lanean hasi zen.
Zer ikasketa egin zenituen?
Alkartasuna Lizeoan ikasi nuen. Ondoren, Historia ikasi nuen Euskal Herriko Unibertsitatean. 2017an amaitu nuen. Ondoren, Hezkuntzako masterra egin nuen EHUn, Donostian.
Zergatik erabaki zenuen Historia ikastea?
Betidanik gustatu izan zaizkit ondarea eta euskal kultura. Beti izan dut sentsibilitate berezia gauza horiekiko. Zenbakiekin, ordea, ezdeusa naiz. Beti humanitateetatik joan nintzen: artearen historia, latina…
Alkartasuna lizeoko historia irakasleen oroitzapen ona izango duzu, beraz.
Bai. Egia esan, beti egiten nien kasu. Adin horretan ez da ohikoena.
Gurasoek ondo hartu al zuten zure erabakia? Batzuei ez die grazia handirik egiten alabak edo semeak Historia edo Kazetaritza ikasi nahi duela esateak…
Etxean beti bultzatu naute nahi dudana ikastera. Argi ikusi zuten hasieratik Ingeniaritza ez nuela inondik inora ere hautatuko. Etxean beti lagundu didate. Bizitzan bakoitzak bere bidea egiten du eta gero beti nonbait erortzen gara. Geldirik egoten ez bazara, beti erortzen zara nonbaiten. Garrantzitsuena bokazioa izatea da. Bokazioa baduzu, munduaren bukaerara iritsiko zara.
Zer moduz Gasteizen eman zenituen urteak?
Ondo. 20 urte, Gasteizen, pisua konpartitzen… Oso oroitzapen onak ditut eta urte haietan egindako lagun asko kontserbatzen ditut.
Gasteiz hiri berezia izango da zuretzat.
Hala da, baina gutxitan itzultzen naiz. Izan ere, Donostian lan egiten dut. Baina bai, Gasteizi kariño berezia diot.
Ondarearen aldetik hiri aberatsa da, gainera.
Hala da. Erdi Aroko hiria da, almendra mantentzen du, katedral oso ederra du…
Zer egin zenuen karrera amaitu ondoren?
Karrera amaitu ondoren Hezkuntza masterra egin nuen, baina ordurako Aranzadirekin harremana nuen. Karrera garaian hasi nuen Aranzadirekin harremana. Uda garaian arkeologia auzolandegietan parte hartzen nuen, boluntario. Klaseko batzuk eta ni joaten hasi ginen eta beti horretan ibili naiz. 2018an Gordailuak eskaintzen duen etnografia beka egiteko aukera izan nuen. Gordailua ondare materiala gordetzen duen biltegi handi bat da. Gipuzkoako Foru Aldundiarena da eta Irunen dago. Bekan izena eman nuen eta irabazle suertatu nintzen. Horren harira, Aranzadiko Etnografia sailean lanean hasi nintzen. Mundu honetan tokietara joatea eta ikusi izatea garrantzitsua da. Boluntariotza egitea, hitzaldietara joatea… garrantzitsua izan zen. Interesa nuela ikusi zuten eta lana eskaini zidaten.
Hezkuntza masterra ere egin zenuela esan duzu. Irakasle lanean aritu al zara?
Gure diziplina hauetan irtenbide bat da eta ez dut inola ere baztertzen irakaskuntzan lan egitea. Garrantzitsua iruditu zitzaidan hori ere egitea. Irakasleek ere Hezkuntza masterra egitea gomendatzen dute. Ez zait tokatu irakasle lanean aritzea, baina hau noizbait bukatzen bada, beharbada probatuko dut. Pasioa duten irakasleak behar dira. Nik eduki izan ditut eta gustura hartzen dituzu.
Arkeologia kanpainetan parte hartu duzula esan duzu. Nondik nora ibili zara?
2014an Saseta defentsa sistemako lubakiak azaleratu genituen. Zizurkil eta Aduna (Gipuzkoa) inguruan daude. Amaiurreko gazteluan, Artziko (Nafarroa) erromatarren termetan…
Nolakoak izaten dira arkeologia kanpainak?
Arkeologia kanpainak oso politak dira, interes berdinak ditugun pertsonak elkartzen baikara: Historia ikasi dugun gazteak, gai hau gustuko duten helduak… Udalekuen modukoak dira, baina helduagoentzat. Oso gomendagarriak dira.
Aztarnaren bat aurkitzeak ilusio handia egingo du…
Hala da. Egia esan, niri ez zait ezer zoragarria aurkitzea tokatu. Arkeologiaz ari garenean Indiana Jonesi buruz ari garela dirudi, baina ez da horrela. Aztarnategi batean hondakinak aurkitzen dira, batik bat. Giza okupazioak utzitako hondakinak. Tarteka, puskatutako piezaren bat azaltzen da. Irulegiko eskua bakarra da, 10.000 gauzaren artean. Ez zitzaidan niri tokatu eta ez zait halakorik tokatuko.
Irulegiko eskuak zuen lanaz hitz egiteko balio izan du, behintzat.
Oso polita izan zen, jendeak atxikimendua azaldu baitzuen.
Arkeologia auzolandegien ondoren Gordailura joan zinela esan duzu.
Arkeologiak eta etnografiak harremana dute: kultura materialaren azterketa. Arkeologiak aztarnak lurretik ateratzen ditu eta etnografiak gure kulturak sortutakoak ikertzen ditu.
Duela gutxi Aranzadiren Etnografia sailaren ardura hartu zenuen.
Oso gustura nago. Zuzendaritza postua hartzea tokatu zait, Ferminek [Leizaola] 45 urte baitzeramatzan. Suberri Matelo lankideari eta bioi erreleboa hartzea proposatu zigun.
Ohorea izango da bera ordezkatzea.
Hala da. Hasieran bertigo pixka bat eman dit. Izan ere, Fermin Leizaolaren itzala oso luzea da. Baina berak gugan konfiantza jarri badu, erdi 0ndo egiteko gai izango garela pentsatzen dut.
Zer ikasi duzu harengandik?
Egia esan, pila bat ikasi dut. Fermin entziklopedia bat da. Asko daki. Heldua delako eta munduko gizona izan delako. Gainera, erakusteko bokazioa du. Beste batzuei beraien jakinduria gordetzea gustatzen zaie. Fermin kontrakoa da. Beti gauza bera esaten du: gauza asko esaten dituela eta gu esaten duenaren %20arekin gelditzea espero duela. Anekdota zalea da eta anekdotak kontatzen ditu, horrela ikastea errazagoa delako.
Leizaolak aholkuren bat eman al dizu?
Ez. Kontua berak egin duenarekin jarraitzea da, ahal dugun moduan.
Nolakoa da zure egunerokoa? Asko aldatu al da zuzendaritza hartu zenuenetik?
Ez pentsa nire egunerokoa asko aldatu denik… Zuzendaritza postua sinboliko samarra da. Nire departamenduko aurpegia naiz, baina nire eguneroko lana ez da asko aldatu. Egunero Donostiara etortzen naiz. Bidebietan Etnografia Laborategia deitzen diogun espazioa dugu. Bertan dohaintzak jasotzen ditugu eta boluntarioekin eta praktiketako ikasleekin horiek garbitu eta katalogatzen ditugu. Nahiko bizitza normala da. Lehen ikusezina nintzen eta zuzendaria naizenetik aurpegia eman behar izaten dut.
Zeintzuk dira zuen erronkak?
Nire erronka Ferminen lanarekin jarraitzea da. Gure sailaren barruan bi ikertzaile amateur ditugu eta sekulako ikerketak egiten dituzte. Horien lana mantentzen eta gure lanpostuak egonkortzen saiatuko naiz. Horretaz gain, jende gaztea animatu nahiko nuke. Gure departamentuan Suberri eta biok gara gazteenak. Gainontzekoak 60 urtetik gorakoak dira.
Zenbat zarete departamentuan?
Hamar bat.
Ondarea gordetzeko eta ezagutzera emateko gogor lan egiten duzue. Gizarteak nahikoa eskertzen dizuela uste al duzu?
Jendearen interesaren araberakoa da. Boluntarioak ditugu eta oso eskertuta gaude, bai beraiei eta bai praktikak egitera etortzen diren ikasleei. Baina, egia esan, ondarea eta kultura ez dira gure gizartean gehien estimatzen direnak. Diru-laguntzetan garbi ikusten da. Baina, tira, lau katu bagara ere, hor gaudenak ondarea mantentzen saiatuko gara.
Zer esango zenioke jendeari?
Bizitza honetan ikuspegi anitza izan behar da. Pentsamendu kritikoa oso garrantzitsua da. Hori irakurriz lortzen da. Ez dira egurrezko betaurrekoak eduki behar. Esparru guztiei begiratu behar zaie: kulturari, ekonomiari, naturari… Denetik jakin behar da, bakoitzetik apur bat besterik ez bada ere.
Zein da zure altxor kutuna?
Aranzadik bilduma etnografiko propioa du. Hor dagoen guztiaren artean ezin dut objektu bakar bat aukeratu, baina objektu berriagoak lortzen saiatzen ari gara. Orain arte oso modan egon da Euskal Herri tradizionaleko objektuak biltzea eta Gordailua horrelakoez gainezka dago: lanabesak, ofizio ezberdinetako objektuak… Horiek Euskal Herriaren errepresentazioa dira, baina Euskal Herria horretan gelditu al da? Ez. Gu objektu industrialagoak jasotzen saiatzen ari gara. Ez dugu XIX. mendean gelditu nahi. Bestalde, oraindik ez gara horretan hasi, baina polita izango litzateke meme-ak, Whatsappez bidaltzen diren txisteak… ere jasotzea. Gure gizartea garatzen joan da eta gu ere globalizazioaren menpe gaude. Nork daki? Hemendik urte batzuetara beharbada smartphone-ak biltzen hasi beharko dugu, gure gizartearen isla izan direlako.
Zuen arloarekin lotuen dagoen museoa San Telmo da, ala?
Gipuzkoan, bai. Bilbon Euskal Museoa dugu, Baionan ere bai…
Nolakoa izaten da zure egunerokoa?
Beasainen bizi naiz eta oraingoz ez dut handik mugitzeko asmorik. N-1 errepidea ez da oso atsegina, baina ez dut Donostiara joateko asmorik. Gainera, ez dakit aukera izango nukeen ere. Beasain ez dut saltzeko.
Epe luzera begira, zer gustatuko litzaizuke?
Erreleboarekin jarraitzea gustatuko litzaidake. Orain Suberrik eta biok hartu dugu ardura eta atzetik norbaitek jarraitzea gustatuko litzaiguke. Departamentu honek eta ikerketak gure atzetik beste norbait etortzea behar dute.
Zer egiten duzu denbora librean?
Egia esan, lanak ez dit denbora libre gehiegi uzten. Zorionez, nire afizioetako bat ondaregintza denez, lanak ofizioa eta afizioa uztartzen laguntzen dit. Lanetik kanpora kirola egiten dut, musika gustatzen zait, lagunekin ateratzea gustatzen zait. Oso pertsona soziala naiz.
Zer kirol egiten duzu?
Azken aldian korrika egitera zaletu naiz. Bizikletan ibiltzea ere gustatzen zait. Ez dakit 30 urte bete ondorengo krisiak kolpatu nauen… Kirol probaren batean edo bestean ere parte hartu dut dagoeneko.
Musika aipatu duzu. Zer talde gustatzen zaizkizu?
Denetik entzuten dut. Azkenaldian euskal musika oso indartsu dago: Zetak, Bengo, Tatxers, Ibil Bedi, Olaia Intziarte… Euskal autoreak sekulako lana egiten ari dira. Gainera, oso musika anitza da. Ez da Euskal Rock Erradikala bakarrik. Hori ez da jada euskal musikaren isla bakarra. Globalizazioa dela eta, euskaraz genero pila entzun daiteke. Aurrera horrekin guztiarekin! ■
Lankideekin, Urdiainen
Maite Errarteren argazki kutunetako bat Suberri Matelo lankidearekin eta Fermin Leizaola etnografoarekin egindako hau da. Urdiainera (Nafarroa) egindako txango batean atera zuten. «Argazki kutuna dut, horrelako txangoetan Ferminek kontu eta anekdota ugari kontatu izan dizkigulako eta bisitaturiko lekuez pila bat ikasten genuelako harekin».
Beasaindarrak harreman estua du Leizaolarekin. «Fermin Leizaolaren bilduma etnografikoa katalogatzearen harira hasi nintzen lanean Aranzadin. Bilduma aldundiari eman zion. 60 urtean bildutako traste guztiak Urdiaingo baserri batean gordetzen zituen, eta Suberri eta biok izan gara, Ferminekin batera noski, ondare hori guztia baserritik atera dugunak. 2019ko irailetik 2020ko martxora arte ia egunero joan ginen Urdiainera. Furgoneta bete ondoren, Donostiara itzultzen ginen».
Argazkia egun horietako batean atera zuten. «Goizean goiz joaten ginen, hango tabernan pintxo bat jaten genuen, eliz atarian bazkaltzen genuen, Ferminek istorioak kontatzen zizkigun, garai bateko moduan lan egiten zuen norbaitengana eramaten gintuen… ‘Master class’-ak izaten ziren».