Beasaingo Asti tabernaren gidaritza hastu du Gaizka Txasko beasaindar gazteak. Giroa berritu du, inguruko gazteentzako topaleku bihurtzea da helburua, eta horretarako ideia berriekin dator.
Beti uste izan da biztanleko taberna gehien dituen herrialdeetako bat dela Euskal Herria. Auzo guztietako ia etxadi guztietan ardo edo garagardo bat hartzeko establezimendu txiki bat dago. Baina azken hamarkadan, herriotan pertsiana jaitsi dute askok. Bezeroen kontsumo ohiturak aldatuz doaz, eta moda berriak sortzen dira. Gaur egun, gainera, denda bat edo ostalaritza establezimendu bat izateak, gastu gero eta handiagoak sorrarazten ditu, diru-sarrerak modu berean hazi gabe; argia, ura, gestoria, alokairua, hornitzaileak, autonomoen kuotak, zergak eta abar, eta horrek guztiak ez die laguntzen ekintzaileei saltoa ematen. Gainera, sarri, negozio-buruek erretiroa hartzen dutenean, ez dago erreleborik.
Baina oraindik bada herrietako kaleak bizirik mantentzeko ahalegina egiteko prest dagoenik, eta hori da Gaizka Txasko beasaindar gaztearen kasua. Asti taberna ezagunaren ardura hartu du. Abenduan ireki zituen ateak, erabateko giro berrituarekin. «Kapitulu berri honi indarrez helduko diot», erakutsi du ardura berriarekin ilusioa.
Gaztea izanik ere, ostalaritzaren sektorean badu esperientzia pixka bat. «Lazkaon Zelatan tabernan, Tolosan inauterietan… urte batzuk egin ditut lanean», azaldu du orain arteko esperientziaren inguruan. Ekintzailetza ere dastatu du Asti taberna hartu aurretik. Internet bidezko denda bat izan zuen. «Beti nahi izan dut askatasuna, eta nire ideiak aurrera eramateko aukera emango didan lanbide bat nahiago dut», nabarmendu du.
Aukera parera etorri, eta heldu egin zion proiektu berriari. Abenduaren 12an egin zuten Asti taberna berrituaren inaugurazioa. Bi hilabete eskas igaro dira, eta orain arteko martxa «oso ona» izan dela kontatu du. «Gabonak harrapatu genituen tartean, eta oso ondo etorri zitzaigun jendea tabernaren martxa berria ezagutzen joateko. Hasiera ona izan da, oso pozik nago», azaldu du tabernari gazteak.
Erabateko aldaketa
Asti taberna oso ezaguna izan da beasaindarrentzat, goierritarrentzat eta ingurukoentzat. Aspaldi-aspaldiko negozio bat da. Pub estiloko ostalaritza establezimendua izan zen. Bezeroak adin tarte batetik aurrerakoak izaten ziren. Giro selektoa zuela edo, esaten zuten. Ondoren, transformazioa izan zuen. Azken aldian, erritmo latinoak entzuten ziren bertan.
Gaizkak, 180 graduko bira eman nahi dio lokalari, eta gidaritza hartu eta abenduan ireki zuenetik, herriko gazteentzako topaleku bihurtzen ari da. Giroa gaztetu egin da eta bertako doinuak ere aldatu dira. Asti taberna euskal musikaren eta rockaren tenplu berria izatea nahi du Txaskok. Lagunekin trago batzuk edan, tertulia onean egon, futbola ikusi eta mahai-futbol partida bat jokatzeko tokia. Xiberoots, Skabidean, Barrikada, Marea, Extremoduro entzuten dira orain. Hala ere, erritmo dantzagarriagoei ere ez die uko egingo. «Gauetan jendeak gustuko dituen erritmo dantzagarriagoak jartzen ditugu, eta neska eta mutil gazteak inguratzen dira. Giro ona eta alaia egoten da!».
Ostegunetan, pintxo potea
Lanerako gogoz dago beasaindar gaztea, eta bezeroak erakartzeko ideia desberdinak martxan jartzeko jarrera dauka. «Ostegunetan pintxo potea egiten dugu, 19:00etatik aurrera. Ez daukagu sukalderik, baina hori ez da aitzakia guretzat. Pintxo hotzak jartzen ditugu, eta, gainera, ostegunero aukera desberdinak jartzen ditugu, bezero guztien gustuetara egokitzeko: guakamolea, hummusa, urdaiazpikoa, izokina… Zerbeza edo ardotxo bati laguntzeko mokadutxo goxo-goxoak». Gustu handiz prestatuak eta aurkeztuak. «Ostegunetan erantzuna ere ona izaten ari da. Nahiz eta sukalderik ez izan, mokadutxo goxo-goxoak ateratzen ditugu eta jendea gustura etortzen da». Gauza goxoa eskaintzen duten tokiak publizitate ona izan ohi du segituan. «Nabaritzen ari gara ahoz aho zabaltzen ari dela. Ostegunetik ostegunera nabaritzen dugu jende gehiago gerturatzen dela», kontatu du, esker oneko.
Kontzertuak
Establezimenduaren espazio zabalak zuzeneko kontzertuak egiteko aukera ematen du, eta hori ere probestu nahi du. Abenduaren 31n, arratsaldean, Irten Bide talde goierritarraren kontzertua egin zuten. «Ikaragarria izan zen. Sekulako kontzertua eman zuten. Hurrengo urterako fitxatu nahi ditut berriro», kontatu du ostalariak. «Negozioaren gidaritza hartu nuenean garbi nuen kontzertuak antolatuko genituela, baina ni neu ere harrituta nago lehenengo hartan izandako arrakastarekin. Hori ikusita, ilusioa ematen du gauza gehiago antolatzeko», azaldu du. Jendearen aldetik ikusitako erantzuna hain ona izan zen, kontzertuen maiztasuna ugaritu nahi baitu. «Urtean pare bat kontzertu antolatzea zen hasierako intentzioa, baina bi hilabetez behin egitea pentsatzen ari gara». Otsailean Fobo taldeak joko du.
Futbolin txapelketa
Asti tabernako eskaintza berrituan, futbolin txapelketa antolatu dute. Urtarrilaren 25ean egin zuten. «Jende pila batek hartu zuen parte, 20 bikotek eman zuten izena eta arratsalde osoan zehar giro bikaina izan zen», adierazi du. «Negozio batek indarra hartu eta aurrera egiteko beharrezkoa iruditzen zait. Ekintza desberdinekin jendea erakarri, eta era berean, komunitatea sortzen da», nabarmendu du ostalari gazteak.
‘Naranjito’
Edangarrien eskaintzan, ostiral eta larunbat gauetako sentsazio berria izateko lehengai guztiak dituen edari bat. Naranjito izena du. Txupito bat da. «Laranjazko likorea da lehengai nagusia. Txupitoa prestatu eta flanbeatu egiten dugu. Sua piztuta dagoela, azkeneko kondimentua gainetik botatzen diogu eta txinpartak ateratzen ditu. Edateko goxoa, eta gainera, nahiko ikusgarria da», animatu ditu inguruko gazteak. ■