Ordiziako, Legazpiko eta Tolosako parkeen koordinazioaz arduratzen da Iñaki Murua sarjentua (Altzo, 1966). «Kasualitatez» egin zen suhiltzaile duela 30 urtetik gora, baina orain «bokazio handiarekin» bizi du lanbidea.
Sarjentua zara.
Taldeburua naiz, eta gainera, Ordizia, Legazpi eta Tolosako parkeetako sarjentuetako bat. Gipuzkoa hiru zonaldetan dago banatuta, eta gurea hirugarrena da. Parke bakoitzean bi sarjentu gaude, zonaldeko sarjentuak gara. Nik Ordizian egiten dut lan.
Sarjentuek ere 24 orduko txandak egiten al dituzue?
Bai, suhiltzaileek eta kaboek bezala. Sei talde gaude parke bakoitzean, eta errelebotan egiten dugu lan. Gu ere horietako errelebo batean txertatuta gaude, eta ordutegi berdina dugu.
Zeintzuk dira zuen eginkizunak?
Parkeetako kudeaketa egiten dugu, ibilgailuena, materialarena eta pertsonalarena, eta horrez gain, ekintzetan koordinazio lanak ere bai. Ez gara ekintza guztietara joaten. Ekintzak mailakatuta daude, 0, 1, 2 eta 3 mailetan. 0 mailakoak gauza txikiak dira, edukiontzien suteak adibidez, eta horietara joan beharrik ez daukagu. Baina 1 mailatik gorakoetara, bai.
Nola koordinatzen duzue ekintza bat?
Suhiltzaileen kaboak bere rolak finkatuta ditu, baina lanean ari dela suerta daiteke beste gauza batzuk koordinatu behar izatea. Auto istripuetan, adibidez, sanitarioak, errepideko segurtasunaren arduradunak… Gainera, gu beti gaude pauso bat atzerago, eta ikuspegi zabalagoa izaten dugu. Eta batzuetan eskua botatzea ere tokatzen zaigu.
Nolakoa da Ordiziako parkea?
Besteekin alderatuta, ekipamendu berdina dugu, Aginte Postu Taktikoa kenduta. Berezitasunen bat izatekotan, mendia da, mendia tokatzen zaigula. Aizkorri eta Aralar ditugu.
Eta mendian interbentzio asko izaten al dituzue?
Ez pentsa. Orain udaberria dator, eta izango dira gehiago, jende gehiago ibiliko delako. Baina ez dira larriak izaten, menditik jaisterakoan izandako istripu txikiak, normalean: orkatilaren bat, erorketaren bat… Bihotzekoak ere izaten dira.
N-1 errepideak lana emango dizue.
Bai. N-1 banatuta dugu bidean dauden parkeen artean, eta guri Etzegaraten hasi eta Legorretaraino tokatzen zaigu. Istripuak izaten dira, bai, baina asko jaitsita daude. Lehenago astean behin izaten genuen gutxienez bat, baina orain ez da hainbeste izaten. Asko nabaritu zen puntukako gidatzeko baimena jarri zutenean.
Sute gutxiago izaten al da orain?
Azken asteetan izan dira batzuk, baina bai, gutxiago dira, batez ere etxeetan. Su motak ere aldatu dira, materialak aldatu direlako, eta konbustio motak askoz ere azkarragoak direlako. Egurrak sua hartzen zuen, eta konbustioa geldoagoa zuen gaur egungo materialekin alderatuta, eta horregatik suak oso azkar hartzen du bere potentzia maximoa orain. Gainera, segurtasun neurriak handiagoak dira, arautegiak ere zorrotzak dira…
Zer da orain gehien egiten duzuen lana?
Orain, ateak irekitzea dira gehienak. Jende gehiago bizi da bakarrik, eta oso arruntak dira deiak, esanez «etxean beharko luke, ez du erantzuten, eta atera irekitzera etorri».
Eta suizidioak?
Guretzako lan berria da. Eusko Jaurlaritzak taktika operatibo batzuk dauzka, ekintza bakoitzari zein zerbitzu dagokion zehazteko. Suizidioena linbo batean zegoen, eta egun batetik bestera guri eman ziguten ardura, altueratik erorketa arriskua dagoenean. Etxe barruan gertatzen bada, adibidez, agian deituko digute, atea ireki behar delako. Erorketa arriskuko kasuetan bakarrik parte hartzeko irizpidea dugu.
Zu zergatik egin zinen suhiltzaile?
Kasualitatez, baina gaur bokazioa badudala esan behar dut. Beste lan batean ari nintzen, oposizioak tokatu ziren parean, eta plaza ateratzeko zortea izan nuen, duela 30 urtetik gora. Tolosan hasi nintzen, eta han egin nituen suhiltzaile eta kabo etapak. Sarjentu egindakoan, Irungo parkean egin nuen bolada bat, eta duela sei urtetik nago Ordizian.
Gustura zaude Ordizian?
Bai, erosoa da, nire eremuko hiru parkeak gertu ditudalako. Irunen nengoenean, bertakoa, Zarauzkoa eta Ordiziakoa nituen ardurapean, eta kilometro mordoa ziren. ■
Suak itzaltzetik harago
Klikatu erreportajea irakurtzeko