Iaz amaitu zituen Gizarte Langintzako ikasketa, eta orain arlo horretan ari da lanean. Hala ere, denbora librean margotzea du gustuko, eta inguruko egoerak islatzen ditu bere lanetan. Oraingoz afizioa soilik bada ere, Natale Zubiaurrek (Ordizia, 2002) ez du alboratzen etorkizunean margolari gisa lan egitea. Gaur egun, bere lanak Instagrameko @maleri_nat kontuan daude ikusgai, eta horiek erosteko aukera ere badago.
Nondik eta noiztik datorkizu margotzeko grina?
Marraztea txikitatik datorkidan afizioa da. 12 urterekin margoketa klaseetara joaten hasi nintzen, eta jada 11 urte daramatzat honetan.
Margotzeko orduan ba al duzu gai kuttunik?
Denetik probatzea gustatzen zait, eta orain arte ez naiz gai batean soilik aritu. Hala ere, gehien marraztu ditudan gaien artean, paisaiak, aurpegiak, loreak eta gorputzak daude. Gainera, egiten dudan marrazki bakoitzaren atzean esanahi bat dago, gutxitan partekatzen dudana.
Nondik jasotzen duzu inspirazioa?
Oro har, kaleetan eta inguruan ikusten ditudan gauzetan. Beste herrialdeetan ikusitako kultura, pertsona eta bizimoduetan ere aurkitu izan dut inspirazioa. Horrez gain, nire inguruko pertsonek asko inspiratzen naute, eta hori bueltan oparitzea gustatzen zait. Maite ditudan pertsonei noizbait nire marrazkiren bat oparitzen diet, gorde dezaten.
Artearen munduan ba al duzu erreferenterik?
Erreferente handienen artean Banksy aipatuko nuke. Munduko artista ezagunenen artean kokatzea eta inork bere identitatea ez jakitearen ideiak interes handia sortu izan dit beti. Eta, nola ez, bere obrak orain arte ikusitako originalenak bezala deskribatuko nituzke. Bestalde, duela gutxi ezagutu dudan Andrea izeneko neska bat ere asko gustatzen zait [@aandriiiu].
Inoiz zure obrak erakusketaren batean jartzeko aukerarik izan al duzu?
Bai, iaz Donostiako Convent Gardenen erakusketa bat egin zuten Gipuzkoako Leinn graduko ikasle batzuek, eta bertara gonbidatu ninduten, beste artista batzuekin batera. Gazteek abiatutako horrelako proiektuak garrantzitsuak iruditzen zaizkit, eta eskerrak eman nahi dizkiet beraien inplikazioagatik. Bestalde, margoketako nire irakasle izandako Patxik eta Rakelek antolatutako erakusketa batean ere egon zen nire koadroetako bat, Ordizian.
Margolaritzan zein dira zure helburuak?
Teknika ezberdinetan hobetzea eta jendea inspiratzea, esango nituzke. Helburu zailagoen artean, nire margolanak hainbat lekutan zintzilik ikustea, adibidez.
Gaur egun, artisten egoera nola ikusten duzu?
Artisten egoera beti izan da zaila eta konplexua, eta, askotan, ez zaie eman beharreko aitortzarik eman. Ikusten ez diren lan ordu asko daude tailer eta estudioetan, eta hori ez da baloratzen.
Eta, zehazki, zein da emakume artisten egoera?
Beste hainbat alorretan bezala, egoera are zailagoa da. Gaur egun, lehenago ezagutzen dugu munduaren beste puntako pertsona ospetsu bat, gure gertuko argazkilari, aktore, abeslari edo margolari bat baino.■