2019-2024 urte artean Goierrin botatako 8.961 hektarea zuhaitzen ondorioak nabariak dira eskualdeko paisaian. Goierriko paisaia asko aldatu da. Aldaketek aukera berriak sortzen dituzte.
Goierriko paisaia erabat aldatzen ari da, batez ere 2018ko udan sartu zen banda marroiaren gaitzaren ondorioz intsinis pinua bota ondoren. Goierriren kasuan, 2019 eta 2024 urteen artean, 7.266 hektarea intsinis pinudi bota dituzte. Horiez gain, beste espezie batzuetako beste 1.695 hektarea zuhaitz ere bota dituzte. Zuhaitzen botatzeen ondorioz, mendiak eta lursailak biluztu dira eta agerian geratu dira hainbat baserri, txabola, mendi tontor, bide edo lurgorritutako eremuak.
Hausnarketa eragiten duten paisaiak sortu dira. Baina paisaia aldaketa hori ez da berria. Historikoki, eta garai bakoitzeko gizarteari, baserritarren bizimoduari eta egoerari lotuta, paisaiak aldatzen joan baitira mendeetan eta urteetan zehar, Kronologia atalean ikus daitekeen bezala.
Batez ere lur jabe pribatuen (Gipuzkoan %78,5 dira) esku dauden lur eremu txikiek osatu dute Goierriren kolore eta forma desberdineko pasaia, zelai berdeez gain, berezko basoekin zein baso landatuekin (Gipuzkoan %45), zuhaitz hostozabalen edo koniferen hostoen koloreekin. Dena den, estetikatik harago, basoen funtzioak anitzak eta garrantzitsuak dira.
Arrazoiak
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru baso elkartek osatzen dute Basoa Fundazioa, Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundea; 6.500 lur jabe baino gehiago daude hor. Aitor Onaindia Bereziartua zuzendari teknikoak eman dizkio Goiberri-ri azken urteetan hainbeste pinu botatzearen arrazoiak, eta, bere esanetan, banda marroiaren izurriteak eragin du azken urteetan hainbeste pinu botatzea. «Banda marroiak gogor jo du Gipuzkoa orokorrean, baina baita Goierri konkretuki ere. Pinuak beti hiltzera ez badira heltzen ere, oso itxura txarra hartzen dute eta beraien hazkundea kolokan jartzen da. Batetik, egurra gutxiago edo ezer ez delako ekoizten, eta bestetik, beste izurrite edo arazoak jasateko zaurgarritasun handiagoa izaten dutelako. Horregatik, askok, dagoena moztu eta landaketa berri batekin abiatzea erabaki dute».
Beste arrazoi bat ere gehitu behar zaio: egurraren prezioa: «Momentu honetan, adibidez, pinu egurra nahiko prezio onean dago eta egur erosleen aldetik eskaera badago. Horrek ere bultzatu du pinudiak orain moztera».
Onaindiak zehaztu duenez, pinudiak botatako lur eremuetarako aukera desberdinak egin dituzte lur jabeek. Taulako datuek ere horrela erakusten dute: «Batzuk pinua moztu eta, espezie berdinarekin ez bada ere, antzeko kudeaketa eta etorrera izango duen ordezko batekin bide bertsutik jarraitu nahi izan dute, hazkunde azkar samarreko koniferoak sartuta, kriptomeria, sekuoia edo itsas pinua adibidez». Beste batzuk hostozabaletara pasatu dira. «Pago, haritz eta horrelako landaketak nahikotxo ugaritu dira, nahiz eta horiek kudeaketa pinuarekiko zertxobait desberdina duten, edo izan beharko luketen».
Baso lur saila «bertan behera utzi» dutenak ere badaude. «Landare dinamikak berez ernetako basoa ekartzera eramaten du normalean, baso misto atlantiarra deiturikorantz. Horrek ere, gure ustez, kudeaketa konkretu bat beharko luke». Landa edo zelai bihurtu dutenak ere badira. «Beraz, aukera desberdinak ageri dira, norbanakoen eta lekuaren arabera, bat edo beste etor daitekeelarik».
Kudeaketa
Dena den, Onaindiak nabarmendu duenez, Basoa Fundazioaren nahia basoarekin jarraitzea da. «Gu, ahal den neurrian, kudeatua izango den baso bat izaten jarrai dezala bultzatu nahian jarduten gara. Ez dadila bertan behera utzitako basoa horrenbeste hedatu; egotea ez da txarra, baina asko egotea bai». Izan ere, gizarteak eta inguruneak baso kudeaketa mantentzearen «premia handia» duela argitu du, «berauengandik jaso genitzakeen onurak horren menpe baitaude, hein handi batean». Era horretan, «baso jabeei basogintzarako grina ekarri nahian», espezie desberdinekin kudeaketa nola egin azaltzen eta laguntzen die fundazioak, «egurraz gain beste merkatu batzuk ere ezarri eta eragin nahian».
Baso jabe pribatuen fundazioak nabarmendu duenez, basoen kudeaketa alboratzeko joera gero eta nabarmenagoa da. «Hein handi batean, baserri munduko gizarte bat izatetik, gizarte kaletarra izatera igaro garelako da, baserrian bertan jaiotako pertsonak barne. Horregatik, gero eta baso jabe gutxiago arduratzen dira beren basoen kudeaketaz. Lanak kontratatuta egiteko ere, etorkinen ekarpenari esker dihardugu, gure gizartean inork gutxik izan nahi baitu baso lanetako langile».
Baina, aldi berean, klima aldaketagatik, ekonomia zirkularraren zabalkundeagatik, bioaniztasun eta bestelako aldagaien galeragatik, gizarteak basoetatik «onura mota asko jasotzeko premia gero eta handiagoa» duela uste du Onaindiak: «Basoak egurra, ura, bioaniztasuna, karbono xurgapena, aisialdia eta paisaia eman diezazkigun nahi eta behar dugu».
Basoaren onurak
Era horretan, «gizarteak gure bertako basoek eskain diezaiekeen onura mota asko behar-beharrezko dituenez, behar horiek guk geuk kudeatu eta baliatu beharko genituzke, kanpotik garestiago, menpekotasun gehiagorekin eta era ez jasangarrian jaso ordez. Gainera, baso mota asko eta basogintza mota desberdin asko ezartzeko aukera oso egokian gaude, beste lurralde asko ez bezala. Horretaz jabetu behar gara, eta gure gizartea horretarantz joan dadin lagundu eta bideratu».
Fundazioren ustez, beharrizan horien aurrean, gizarteak zer eta nola eskatzen duen «oso garrantzitsua» da. «Eskaera zuzentzeak zuzenduko digu ekoizpena, batak bestea baitakar. Eta, momentu honetan, okerren dagoena eskaera hori da: egurraren ordez jasangarriak ez diren beste material mordoa erabiltzeko joera dugu, hemen ekoitzia izateari ez diogu batere garrantzirik ematen, egurretik aparte beste onurak ez ditugu ordaintzen, eta derrigorrean eskain diezazkigutela nahi dugu. Joera horiek aldatu beharko genituzke, horrek aldatuko bailituzke –nahiago dugun bidetik– kudeaketa, horretan jardungo duen gizartea eta, azkenerako, paisaia bera ere».
Epe luzerako erabakiak
Estetikaz eta ekonomiaz haragoko garrantzia dauka basoak, funtzio ugari betetzen baititu; are eta gehiago aldaketa klimatikoaren garaian. Mikel Sarriegi mendi ingeniari beasaindarrak hausnarketa egin du baso landatuen inguruan: «Une honetan, batez ere aldaketa klimatikoak eragindako eszenaratze berri baten aurrean gaude. Ingurumenari dagokionez, zenbait atalase kritiko gainditzen ari gara, eta horrek osasuntsu mantentzen ez ditugun ekosistemen gainbehera sortzen du. Gure baso-sistemak gaur egun ez dira ekosistema osoak eta osasuntsuak, are gutxiago probetxu ekonomikorako landaketak. Horrexegatik, ez daude behar bezala prestatuta jasaten ari diren aldaketei aurre egiteko».
Era berean, basoen dinamikan eta basogintzan epe luzerako erabakiak hartu behar izaten direla, eta «tentu handiz» ibili behar dela dio Sarriegik. Lur jabeei aholku bat eman die: «Mendietako lursailek daukaten kapital nagusia lurzorua bera, ondo zaintzea eta ez arriskuan jartzea da. Lurgorritzeak, gehiegizko ustiaketa, lurrazalaren higadurak eta suteak zorrotz saihestu behar dira. Hor dago aberastasun handiena. Hortik aurrera, norberaren helburuen eta ahalmenen esku geratzen da kontua, baina orain ziurgabetasun izugarri handi baten aurrean gaude, baita adituak ere. Ekonomialari klasikoen lekuan jarriz gero, ez dirudi inbertsio arriskutsuak egiteko unea».
Administrazioa
Administrazioen papera ere aztertu du. «Lehenik eta behin, mendiek eta basoek ‘dohainak’ eskaintzen dizkiguten zerbitzuak, gaur egun adituen artean ‘zerbitzu ekosistemiko’ izendatzen direnak, modu eraginkorragoan kontuan hartzen ikasi beharko lukete. Oso ezkutuan geratzen zaigu baso-sistema osasuntsuek jokatzen duten papera, ez bakarrik biodibertsitate, landaretza eta fauna aldetik daukaten aberastasunaren ikuspuntutik, baizik eta aberastasun horrek adierazten duen onura-bide guztiagatik. Ez gara konturatzen zein garrantzitsuak diren airearen garbitasunari, klima erregulazioari, uholdeekiko babesari, uren kalitateari, eta abarri dagokienez».
Garrantzitsuentzat horixe jo du: «Behar bezala jabetzen ez garen bitartean, nekez egingo da landa-eremuaren antolamendu eta kudeaketa egokirik. Denok garbi daukagu basoak gure ongizatearen parte direla, baina ez gara konturatzen onura horiek dirutan jarriz gero zer nolako kopuruaz ari garen, zenbatzen ez ditugulako, edo ez dakigulako. Baina hori guztia zerbitzu publikoa da, eta horrela ezagutu, aitortu eta kudeatu beharko litzateke».
Paisaiaren barruan gertatzen ari dena «funtsezkoa» da. «Funtzionalitatea, alegia. Ikuspuntu horretatik, garbi daukat desiragarriena sistema osasuntsuan oinarritzen den paisaia dela, naturaren berezko balioetatik zenbat eta gertuago, orduan eta hobe». ■
Basoaren bilakaera
- Historiaurrea eta Antzinaroa. Gizartea abeltzaina zen ia erabat, eta nekazarien baso-mozketak jasangarriak ziren basoentzat. Haritza, gaztainondoa, ametza eta pagoa ziren nagusi.
- Erdi Aroa. Demografiak gora egin zuen. Murrizketak hasi ziren batez ere haritzaren eta gaztainondoaren ustiapenean.
- XV. mendea. Burdinolak eraikitzearekin, handitu egin zen egur eskaria. Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartu zen herri bakoitzak urtean 500 haritz edo gaztainondo landatzea.
- XVIII. mendea. Burdingintzak, ontzigintzak, abeltzaintzak eta nekazaritzak basoen egoeran eragin zuen, eta Konbentzio eta Independentzia gerrek egur kontsumo handia eragin zuten. Basorako dirurik ez zegoen, eta tokiko landareak birlandatzeari utzi zioten.
- Aro garaikidea. 1860. urtean, ‘gaztainondoaren tinta’ gaixotasuna sartu zen, eta, 1907. urtean, oidioa haritzetan.
- XX. mendea. Gipuzkoako Aldundiak basoak berreskuratzeko Baso Zerbitzuak sortu zituen. Udalekin batera, intsinis pinua (Pinus radiata) landatu zuten 400 metrotik behera, eta, hortik gora laritza (Larix sp.) eta larizio pinua (Pinus nigra).
- 1950etik aurrera. Baserritarren bizitza aldatu zen: laborantzako lurrak uzten eta pinua landatzen hasi ziren, gero paper-fabrikei saltzeko. Landaketa gehienak jabetza pribatuko lurretan egin ziren.
- 1984-1993 urteen artean, egurraren salneurriek krisialdi sakona izan zuten.
- 2018ko udan, banda marroiaren izurritea iritsi zen pinudietara.
(Iturria: Basoak.eus)