Sahatsa Izagirre eta Estitxu Izagirre segurarrak atzerrian bizi dira gaur egun. Lehena Gold Coast hirian dago, Australian, eta bigarrena Montevideon, Urugain. Lana egiteaz gain, ingurune berriak ezagutzen dabiltza.
Geroz eta gehiago dira atzerrira ikastera edo lan egitera joaten diren gazteak. Askok, erakundeek eskainitako laguntzak baliatzen dituzte, hala nola, Erasmus programa edo Global Training bekak; beste batzuek, ordea, euren kabuz joatea erabakitzen dute. Bi kasu horien adibide dira Sahatsa Izagirre eta Estitxu Izagirre segurarrak. Egun, biak kanpoan bizi dira, munduko herrialde banatan.
Estitxu Izagirreren kasuan, urtarrilaren 13an abiatu zen bikotekidearekin Montevideora (Uruguai), eta uztailera arte han egongo dira. Izagirreren bikotekideak Eusko Jaurlaritzaren beka bat lortu zuen herrialde hartan lan egiteko, eta bi aldiz pentsatu gabe aukera aprobetxatzea erabaki zuten. Oraingoz, lana biltzen ari da Izagirre, eta bitartean inguruko txokoak ezagutzen ari da.
Sahatsa Izagirreren kasuan ere bikotekidearekin joan da bidaian, Australiako ipar-ekialdean kokaturik dagoen Gold Coast hirira. Urriaren 21ean iritsi ziren hara, eta gaur egun hotel batean ari da lanean, baita janaria banatzen ere. Sahatsak, hasieratik, «argi» izan zuen «ahalik eta lan gehien» egin nahi zuela, lortutako diruarekin bidaiatu ahal izateko.
Ohitura eta kultura berriak
Bi segurarrak bizi-ohitura berrietara egokitzen ari dira pixkanaka. Hala nola, eguraldia, hizkuntza eta bizitzeko filosofia dira atzeman dituzten desberdintasun batzuk. Estitxuk dio Montevideon etxetik kanpoko bizitza «asko» egiten dela. «Eguraldi ona izanez gero, kaleko edozein lekutan ikusten dugu jendea ‘asado’ bat egiten, parkean, hondartzan edota etxe pareko espaloian».
Sahatsa Izagirrek ere Australiako «bizi erritmoan» ikusi du aldaketa nabarmenena. «Hemen pertsona goiztiarrak dira, eta beraien ordutegiak eguzkiarenera egokitzen dira. Goizean goiz jendea ikusten da hondartzan, kirola egiten edo kafetegian gosaltzen. Eta iluntzean, aldiz, goiz erretiratzen dira». Bestalde, bizi estilo erlaxatuagoa daramatela ere badio, eta hori bertakoen izaeran ere islatzen dela. «Bakoitza berean ibiltzen da, gauzei ez die garrantzia askorik ematen».
Hizkuntzara ere ohitu behar izan dute bi segurarrek, eta horrekin lotutako anekdotak ere izan dituzte dagoeneko. Estitxu Izagirrek gogoan du itsasteko zeloa erostera joan zenekoa. «Hemen ‘cinta adhesiva’ deitzen diote zeloari. ‘Celo’ hitzak ‘zeluan egon’ edo ‘estar en celo’ esan nahi du, eta, behin, dendari batekin nahiko buruhauste izan genuen».
Bestalde, Sahatsak ere badu zer kontatua. Duela aste batzuk, zikloi batengatik alarma egoeran egon ziren Gold Coasten. Hala eta guztiz, segurarrak dio biztanleak ez zirela asko larritu. «Jendea hondartzan zebilen lasai, itsasoan zikloiaren eraginez sortutako olatuak surfeatzeko aprobetxatzen».
Jomuga berriak
Lagunak, familia eta etxeko janaria faltan sumatu badituzte ere, biak «irrikan» daude inguruak ezagutzen eta esperientzia berriak bizitzen jarraitzeko. Oraingoz, bidaiatzeko aukera gehiegirik izan ez badute ere, badituzte jomuga batzuk buruan. Estitxuk Cabo Poloniora (Uruguai) bidaiatzeko asmoa dauka, eta Aste Santuan, berriz, Patagoniara (Argentina) joango da. Sahatsa ere ez da geldi geratuko. Apirilean Zeelanda Berrira egingo du bidaia, eta geroago ekialdeko Asian hilabete batzuk igaroko ditu. ■