Euskal Herrian albokaren indarra hedatuz joan da eta Goierrin ere nabaritu dira zenbait aurrerapauso. Lazkao da horren adibiderik garbiena,Emilio Olaso irakasle dela albokari berriak ari dira sortzen.
Alboka Euskal Herriaren luze-zabalean mantendu den haizezko instrumentu tradizionala da, mendetan zehar Pirinioetako musika folklorikoaren pieza adierazgarrienetako bat izan dena. Zurezko bi hodik osatzen dute tresna, bat bestea baino luzeagoa, eta jotzen den aldiro bi nota entzuten dira aldi berean. Kasu batzuetan, bi notak berdinak dira, eta beste batzuetan tarteak sortzen dira, batzuk harmonikoak eta beste batzuk musikalki hain garrantzitsuak ez direnak. Antzinako garaietan alboka soroko lanetan erabiltzen zen batez ere, baina denboraren poderioz kultur nortasunaren eta ondare immaterialaren ikur gisa zuen garrantziari eutsi dio.
Bere balio kultural eta historikoa gorabehera, albokaren tradizioak gainbehera progresiboari aurre egin behar izan dio, belaunaldien arteko errelebo faltagatik edota musika estilo berrien eraginagatik. Hala ere, zenbait tokitan oraindik mantentzen da albokaren kutsua. Lazkaon, esaterako, astero-astero musikari talde bat elkartzen da alboka mantendu ahal izateko. Gaur-gaurkoz, instrumentu hori ikasteko aukera bakarrenetarikoa da Goierrin.
Emilio Olaso da bertako taldearen irakaslea. Arnasketa zirkularra, digitazioa eta apaingarri eta tarte harmonikoak egiteaz gain, «albokaren teknika» erakusten du. Baina ez hori bakarrik. Partituren analisia ere lantzen dute asteroko saioetan, ikasleei «musika-egitura ulertzen laguntzeko». Azpimarratu du lau konpaseko esaldi batek istorio txiki bat kontatzen duela, eta zortzi konpaseko batek, berriz, «zabalagoa edo osoagoa». Hori hasieratik barneratuta izatea «ezinbestekoa» da berarentzat.
Ebidentzia historikoak
Alboken familiako tresnen presentziaren ebidentzia grafikoak XII. mendetik aurrera daude, besteak beste, garaiko kapitel erromanikoetan ikus daitezkeenak. Zenbait dokumentu historikok berretsi dute hainbat alditan erabiltzen direla. Olasok azaldu duenez, XV. mendeko Arrasateko udal akta batean, erromerietan jotzeagatik albokari bati egindako ordainketa erregistratuta dago. Urte batzuk geroago, 1747an zehazki, Ordiziako Udalaren akta batek dantzetan alboka erabiltzeko debekua islatzen dela esaten du, «Elizak hala eskatuta».
Duela 50 urte arte, albokak ez zeuden «tenperatuta». Horrek esan nahi du ez zutela eskala bera, eta, beraz, ezin zirela elkarrekin jo. Bere gainbehera instrumentu berrien agerpenarekin hasi zen, hain zuzen XIX. mendearen amaieran trikitiaren agerpenarekin eta orkestren gorakadarekin. Albokaren erabilera nabarmen murriztu zen, eta ondorio jakina ekarri zuen atzetik: XX. mendearen azken herenean ia ez zen albokari tradizionalik geratzen, eta zeuden gutxi horietatik gehienak adinekoak ziren.
Hala ere, gainbeherari eta desagerpen arriskuari buelta eman, eta albokak berriz indarra har zezan, albokari, folklorista, musika-tresnetan aditu eta luthier batzuek alboka berreskuratzeko lanari ekin zioten. Horien artean, albokari izandako Mariano Barretxeneak (Galdakao, 1937) eta Juan Mari Beltranek (Donostia, 1947) «instrumentua tenperatzen eta grabazioak biltzen» lagundu zuten. Urte batzuk geroago, Ibon Koteron alboka irakasten arituko ziren musikari berriak sortzen hasi zen, eta Ossesek, luthier gisa, «instrumentuaren diseinua ikertu eta hobetu» zuen, bere familiaren gama zabaltzeaz gain. Ahalegin horiei esker, «suspertze-prozesuari» ekin zitzaion.
Gaur egun, alboka Euskal Herriko herrialdeen artean hazten, finkatzen eta koordinatzen ari da. Urtero hainbat topaketa antolatzen dira eta 70 albokari inguruk eta pandero jotzaile kopuru berdintsuak parte hartzen dute. Gainera, plataforma digital bat sortu dute herrialdeen arteko koordinazioa hobetzeko.
Albokarien eragina Goierrin
Duela ia hiru urte, Emilio Olaso Barakaldotik Lazkaora bizitzera iritsi zenean, herrian zegoen musika jarduera handiak harritu zuen: musika eskola, musika banda, abesbatza… Horiek gutxi ez, eta ostiralero, 10:45etik 11:15era bitartean, ikastolako ikasleak plazan elkartzen dira abestu eta dantzatzeko, trikitiak, panderoak eta atabalak lagunduta.
Etorri eta gutxira, behin Lazkaon finkatuta, Olasoren bikotekideak –panderojolea da– eta biek Maizpide euskaltegiak antolatutako festa batean jo zuten, baita pare bat alditan gehiagotan ere, herrian bertan. Emanaldi horietan jendeak albokarekiko «interes handia» erakutsi zuen. Barakaldon bizi zenean jotzen zuen alboka, eta urte askoan Euskal Herriko herri ugaritan jo izan du.
Hala ere, harritu egin zuen Goierrin duela ehun urte baino gutxiagora arte alboka jotzen zela ez jakiteak. Albokariak baziren herriotan ere, hala nola Zegaman (Gorrotxategi), Idiazabalen, Seguran, Ordizian eta Zerainen. Olasoren harridurarako, Zegamako informazio zentroan ez zuten herrikoen berririk; Patxi Gorrotxategi, adibidez, 1990era arte aritu zen jotzen eta grabatzen.
Erretiroa hartuta zegoenez, alboka jotzen irakats zezakeela pentsatu zuen. 2024ko abuztuan, Gerriko elkarteak eskaintza hori sustatzen lagundu zion, kartelen bidez, eta 13 lagunek eman zuten izena ikastaroan. Argi geratu zitzaion ez zela eskaririk falta, «eskaintza baizik».
Auzolanaren konstantzia
Ikastaroa urrian hasi zuten, 30 eta 50 urte bitarteko 10 lagunekin. Aurretiaz musika esparru desberdinetatik zetozen: hiru txistulari, bi dultzainero, trikitilari bat, saxofoi jotzaile bat eta biolinista bat. Eskaintza hain handia zenez, hasieratik argi geratu zen beharrezkoa izango zela bizpahiru laguneko taldeak osatzea, behar bezala aurrera egin ahal izateko eta «ikasle guztiek garapen pertsonalerako atentzioa» izan zezaten.
Arnasketa zirkularra ikasten hilabete igaro ondoren, eskolak Jotake Lazkaun Elkartearen lokalera pasa zituzten. Aurtengo urtearen hasieran, taldea berregituratu eta lau azpitalde osatu zituzten: bi eskarmentu handieneko musikariekin eta beste bi gainerako parte-hartzaileekin. Eskolen arduradun Emilio Olasok ematen die aurreneko bi taldeei ikastaroa, eta aurreratuen doazen lau kidek, berriz, ikasitako teknikak gainerako parte-hartzaileei erakusten dizkiete. Horrela, irakatsi eta ikasteko prozesua «auzolanaren lan kolektiboan» oinarritzen da, non kide guztiek parte hartzen duten. Lau taldeetako bakoitzak astean eskola-ordu bat hartzea bermatzen dute. Errepertorioan pixka bat gehiago aurreratu bezain laster, ekitaldi baterako entseatzen hasiko dira, parte hartzaileen «motibazioa eta konpromisoa oso handia» baita alboka kalera ateratzeko. ■