Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Super, Hiper, Makro… handia, dena handia behar dugun garaian bizi gara. Handizaleak gara! Begiratu besterik ez dago geroz eta ugariagoak diren zuzeneko kontzertuei: urtebete lehenago iragarriak askotan, leku handietan emanak, soinu eta argiztapen festa, kontsumoa… Batzuetan, talde baten agurra izan ohi da, hainbat musikari nahiz talde gonbidaturen laguntzarekin, ezagunen gantxoarekin eta, beste batzuetan, talde askorekin osatutako makro-kontzertuak, bakoitzak kanta pare bat jo eta guztien artean saioa osatuta. Logika kapitalistaren filosofiarekin antolatutako kontzertuak izaten dira erabat. Handiaren industria indartsua.
Taldearen azkena, ‘agur kontzertua’, izango dela-eta jendea airean erne!, ‘galdu ezin den saioa’ dela sinetsarazi, sarrerak lortzeko eginahalak egin eta to!, minutu batzuetan denak saldu direla. Hala, bada, beste saio bat edo bi antolatu eta segi sarrerak saltzen, segi ‘azken saioak’ antolatzen…
Bertsolaritzan ere beste horrenbeste gertatzen da: lau urtean behin BEC erraz bete, bai, baina jendetza horretatik zenbatek entzuten du saio bat finaletik finalerako tartean? Eta berdin dantza-munduan, kirolean… Puntaren puntan dabiltzan kantariak, musikariak, dantzariak, bertsolariak, kirolariak ikusi nahi ditugu, eta ez bidea egiten, ikasten ari direnak.
Hori baldin bada artistek eta jendeak nahi dutena, hortik jo beharko da, baina igualakoxe goxo egoten gara areto txikietan, artistak ia ukitu ditzakegula, beraiekin hitz egin eta bihotzera iristen zaizkigula. Zenbat pilota-partida eder ikusi izan ditugun eta ikusiko ditugun, adibidez, herrietako pilotalekuetan, festa-giroan, askotan doan.
Hementxe, adibidez, musika arloko neurri ‘txikiko’ bi adibide eder: egun hauetan Tolosako kaleetan, Tolofolk eta udazkenean Lazkaoko Gerriko Txokoan, Hitz&Musik. Gozatu hurbiletik!
Handiak txikia jango ote du? Guztion mesederako, ez bedi hala izan. ■