Harrabotsa sortu zuen 1920ko hamarkadan aurreneko kableak Ataunen, eta ospetsuak izan dira ordutik belar kableak. Malkar arteko haranean egonda, aldapa pikoetako belardietatik belar sortak ganbararaino zuzenean garraiatzeko erabiltzen zituzten. Aitzindaria, ekarlea eta muntatzailea ataundarra izan zen, Bixente Eskisabel Urbiztondo, San Gregorioko Artaditxulon jaioa, 1899an. Baserriko semea zen, eta nahiz eta formazioz ikasketa tekniko berezirik ez izan, XX. mendearen erdian enpresari garrantzitsu izatera iritsi zen. Haren lanak argitzeko asmoz hasi zen Xabier Eskisabel biloba kablegintza ikertzen.
Noiztik daramazu kablegintza ikertzen?
2010-2011 inguru hartan hasi nintzen. Gure familian ez zegoen hautemangarria izan zitekeen dokumentaziorik. Aitak eta osabek urrutiko erreferentzia batzuk zituzten, gure aitona Bixente Eskisabel kableak instalatzeko garaian Ataungo figura mitikoa zela ziotenak.
Kableez ari garenean, baina, ez dira Ataunen garai hartan instalatutako 197 kable soilik. Teknologikoki sinpleak ziren, eta aurreneko aldiz duela ehun urte instalatu zuen Bixente Eskisabelek, 1924an. Aitona zenak, 25 urterekin, Artaditxulo gure baserrian kablea muntatzeko baimena eskatu zion Ataungo Udalari. Hori zen esku artean nuen aurreneko erreferentzia, baina ezer gehiago ez, eta gure familian ere ez zegoen ezer.
Hori izan zen, beraz, gehiago ikertzen jarraitzeko arrazoia?
Bai, erreferentzia horretatik tiraka hasi nintzen, gutxika-gutxika. Aurrena, oraindik bizirik zeuden garai hartako zenbait pertsonaia elkarrizketatu nituen, desagertzen ari zen belaunaldia baitzen. Inazio Munduaterekin ere bildu nintzen; Ataungo kontuak jasotzeko eskarmentua eta afizio itzela zuen berak, eta berarekin egin nituen aurreneko irteerak. Nafarroara joan ginen, Orotz-Betelura eta Iruñeko Artxibo Orokorrera. Han hasi ginen hemerotekak arakatzen, aitona hil zen eguneko hemeroteka, esaterako. Orduan aurkitu genituen gure familiak ez zekizkien zenbait kontu.
Eta horren ondoren?
Orduan pentsatu nuen Lurdes Altunak Kablea Ataunen liburuan jaso zituen Ataungo kableen inbentarioaren antzeko zerbait egin nezakeela, baina Nafarroan zentratuta, Bixente Eskisabelek Nafarroan instalatu zituen kable guztien zerrenda ateratzeko modu bakarra baitzen. Izan ere, aitonak Nafarroan kableak instalatzeari ekin aurretik, El Irati SA enpresak Nafarroako Foru Aldundiaren mendi instalazioan baimena eskatzen zuen. Enpresa hori zen Nafarroako industrializazioko enpresa aitzindaria.
Aurkitutako erreferentzien arabera, Bixente Eskisabelek Nafarroan muntaturiko aurreneko kablea 1934koa da, Ataunen aurreneko kablea muntatu zuenetik hamar urtera. Jauzi handia dago, bai denboran eta baita teknologian ere; alegia, alde handiak daude Ataungo kable baten eta Nafarroako beste baten artean. Ataungoa, teknologikoki, sinplea da, eta Nafarroakoa, berriz, trikablea, hain zuzen, gaur egun eskiatzera goazenean dauden tele-aulkiek duten kablearen tankerakoa.
Non ikasi zuen aitonak kableak muntatzen?
Aurreneko kablea muntatu eta hurrengo erreferentzia hamar urtera aurkitu dudanez, garrantzitsua iruditzen zait garai hartako Euskal Herriko mapa politikoa hartu eta Zuberoak, Nafarroak eta Nafarroa Behereak bat egiten duten puntu horretara joatea: Iratiko oihanaren bihotzera, alegia, Errekaidorrera. Euskal Herrian, lehenengo kablea, Mendibe herrian jarri baitzuten. Iratiko oihan hartatik Pedelucq anaien zerrategira zihoan hemezortzi kilometroko kablea muntatzen hiru urte pasa zituzten, 1924tik 1927ra. Sistema muntatzeko Italiatik Moretti anaiak ekarri zituzten. Nik susmoa daukat, nahiz eta frogatu ezin den, Bixente Eskisabelek trikableen ofizioa bertan ikasi zuela. Ataunen ikusten ohitutako kableen aldean erraldoiak eraiki baitzituen Eskisabelek.
Hortik, 1930-40ko hamarkadetan, balizko kableen instalazioaren monopolioa izan zuen Bixente Eskisabelek. Langile kuadrillak izan zituen hiru bailaratan: Erronkarin, Zaraitzun eta Aezkoan, besteak beste. Pirinioetan harago ere jardun zen, eta Huescara ere egin zuen salto.
Hori gutxi ez, eta duela pare bat urte, Jaengo ikerlari batek kontatu zidan RENFEren hango langileei kableak muntatzen irakasten jardun zela aitona zena. Izan ere, garai hartan, Gerra Zibilaren ondoren eta Bigarren Mundu Gerraren kontestuan, Espainiako trenbide sarea txikituta geratu zen, eta trabesak lortzeko behar handia zegoen. Hortaz, espainiarrek Esplotaciones Forestales Renfe (EFR) sortu zuten. Garai hartan kable teknologiaren loraldi nabarmena izan zen. Espainia autarkia ekonomiko batean zegoen, ez zeukan ez gasolinarik, ez eraikuntzarako porlanik, ez ezer. Horregatik, egurraren ustiapen masiboa gertatu zen.
Nafarroan ere muntatu zuen aurreneko kablea EFRk, Aralarren, San Migelgo bideko Guardetxearen inguruan, 1948an. Espedienteetan jartzen ez badu ere, susmoa daukat Bixente Eskisabelek muntatu zuela hura, batik bat Aralarko guardak espedientean jartzen dituen oharrengatik, eta garai hartan inguru hartan zeuden kableak aitonak muntatu zituelako. Garai hartan ez zegoen besterik.
Aurkitu al duzu beste erreferentziarik?
Familian eta Lurdes Altunaren liburuan Erremendiko kableari egindako zenbait erreferentzia agertzen dira. Han, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak mugalarre bat dauka, alegia, mendi publiko bat, hemezortzigarren mugalarrea, hain justu. Baigura mendiaren azpian dago hura, eta horren ustiapena Zaraitzuko Batzordeak El Irati SA enpresari esleitu zion.
Baso hura Agoitzeraino eramateko, 17 kilometroko kable sarea muntatu zuen: kable nagusi bat 14 kilometrokoa eta beste bi, bat kilometro eta erdikoa, eta bestea lau kilometrokoa. Izugarria zen. Banuen Erremendiko kablearen inguruan entzuna. Nire erreferentzietako batean, gainera, kable hori non hasi eta non bukatzen zen aurkitu ahal izan dut: Zaraitzutik Irati ibaiaren aldameneraino. Errekaren bitartez garraiatzen zuten egurra eta zura, ur-presa artifizialak egiten zituzten eta nahikoa ur zeukatenean, presak ireki eta urak egurra eta zura Agoitzeraino eramaten zuen. 1944-45 inguruan izan zen hori. Modu bakarra zen.
Nola bizi izan duzue familian kablegintzaren ondare hau?
Nire bi osabak ere zenbait urte igaro zituzten kableak muntatzen, bat Huescan eta bestea Orotz-Betelun ibili ziren, nahiz eta dokumentazio aldetik ez daukagun hautemangarria izan dakigukeen ezer. Duela 30 urte, gainera, gure baserria galdu genuen, eta familiartekoek ez zituzten han zeuden kontuak eta dokumentuak gorde. Horrek ere nabarmen zaildu izan du ikerketa-prozesua.
Hala ere, Inazio Munduaterekin batera elkarrizketatutako pertsonen artean zegoen nire izeba bat, Julina Aierdi. Hark kontatu zigun, nire osabarentzako traumatikoa izan zela garai hura, eta halako suminaldi batean, gordeta zituen dokumentuak bota zituela. Pentsa. Zer edo zer badaukat, baina oso gutxi. Gainera, zenbait artxibo kontsultatzea ere falta zait, Estatuko Baso Ondarearena, esaterako. Artxibo hori Madrilen gordetzen da, Lanbide Heziketako Institutu batean, San Fernando de Henaresen. Bertara joan nahiko nuke, ea baliagarria izan dakidakeen zerbait aurkitzen dudan. Baina zaila da, alde batetik bestera ibili behar izaten da.
Zenbat kable dituzu lokalizaturik?
160-165 inguru. Lokalizatuta diodanean, zera esan nahi dut: behintzat, kable horren ortofotoa aurkitu dudala, haien espedienteak kontsultatu ditudala, agian argazkiren bat ere badudala, edota testiguren baten hitzak jasoak dauzkadala. Horiek baldin badauzkat, susmoa daukat garai batean kablea egon zela leku hartan. Oraingoz, 1964. urtera arte dauzkat kontabilizatuak, baina oraindik, 1973ra artekoak geratzen zaizkit. Hala ere, esango nuke Nafarroan lasai asko egon daitezkeela 200 kabletik gora.
Eta hemen inguruan?
Hernion, esaterako, bada Bixente Eskisabelek muntaturiko kablea, Herniotik Asteasuraino iristen dena. Asteasun, kable horrek Peio Errota bertsolariaren baserriaren ondoan deskargatzen zuen. 1943an muntatu zen. Baina beste adibide batzuk ere badaude, esaterako, zenbait belar kable daude Aretxabaletan. Araitzen ere bia, zer esanik ez, Aralarren beste aldean. Araitzekoa kuriosoa da, 1923-24 inguruan muntatu zelako, Bixente Eskisabelek Ataungo bere baserrirako muntatu zuen aurreneko kablearen urte berean.
Imajinatzen dut ikerketa amaitu nahiko duzula.
Intentzioa badut, behintzat, baina badira faktore batzuk kontuan hartzekoak. Batetik, ni Euskadiko punta batean bizi naiz, Enkarterrian, eta nire ikerketa-interesa hain justu beste puntan dago, Goierrin. Eta, bestetik, interesekoak zaizkidan artxibo asko etxetik urrun daude. Badakit Huescan badela Bixente Eskisabelen informaziorik, baina hango basozain batek esan zidan Huescako Diputazioak ez omen duela baimenik ematen hori kontsultatzeko, ez baitaukate behar bezala antolatuta. Nahiko nuke, baita ere, Andaluziara joan, hango ikerlari baten kontaktua daukat eta hark ere esan izan dit Cazorlako mendizerran, Jaenen, kableren bat edo beste muntatu izan zuela Bixente Eskisabelek. Baina ez dago ezer. Eta orekak egiten ibili behar dut toki batetik bestera.
Kablea, iraultzarako tresna
Xabier Eskisabelek erakusketa berria aurkeztu du duela gutxi Aia auzoan, haren aitona Bixente Eskisabelen lanari eta Ataungo kablegintzaren historiari gorazarre egiteko. Bost panelek osatzen dute, eta XX. mendeko lehen erdian aireko kableak Ataungo eta Euskal Herriko mendialdeko baserrietan eta basoetan izan zuen eragin eraldatzailea azaltzen dute. Aiaren ondoren, erakusketa San Martinera eta San Gregoriora mugitzea aurreikusi dute.
Aireko kablean jarri du fokua, hain zuzen baserriko eta basoko garraio lanak errotik aldatu zituen teknologia izan zelako. «Mendiko bizimodu neketsuan iraultza ekarri zuen». Izan ere, baserriko eta basoko garraio lanek «esfortzu fisiko handia» eskatzen zutela azaldu du egileak. XX. mendearen hasieran, esaterako, etxerako ekoizpenak bizkarrean, lera bidez arrastaka edo gurdi gainean garraiatzea beste aukerarik ez zen. Horregatik, «berebiziko arreta» jarri du garaiko herri bizimoduan.
Ez hori bakarrik. Eskisabelek dioenez, kablegintzaren arlo guztia ez dago ulertzerik aitona zenaren figurarik gabe. Erakusketaren erdigunean kokatu du Bixente Eskisabel. Bere lanaren eraginak Ataungo mugetatik harago egin zuen jauzi: Nafarroako oihanetara, eta handik Andaluziara eta Huescara ere bai. Eskisablen kablelariaren ibilbidea borobiltzen duten El Irati SA enpresarentzat egindako lanek eta Erremendiko hamazazpi kilometro luzeko kable erraldoiak ere badute tokia erakusketan.
Ildo horretatik, Erremendiko kablearen «kasu paradigmatkoa» aurkeztu du ikertzaileak. Dozenaka urteko jarduera eta dozenaka langileren lana eduki zuen hark, denak egur ustiapenaren zerbitzura.
Erakusketan bi dimentsio uztartu ditu: oroimen historikoa eta etxeko transmisioa. Eskisabelek bere aitonaren figura historikoa «herriaren ondare kolektibo» bihurtu du, eta bide batez, XX. mendeko «Ataun industrial eta baserritar baten irudia» ere argitara ekarri du. Panel bakoitzak «iraganaren zati bat» islatzen du, eta publikoari aukera ematen dio «kablea baino gehiago» deskubritzeko: herri baten ausardia, moldakortasuna eta jakintza praktikoa.