Juan Mari Apaolaza: «Zaintza ez da egotea bakarrik. Zaintza maitasunetik egotea da»
Juan Mari Apaolazak 82 urte ditu. Ia egunero, arratsaldez, Zumarragako Argixao egoitzara joaten da emaztea bisitatzera. Alzheimerra du andreak, jada aurreratua, eta ia ez du hitz egiten eta ez du bere ingurua ezagutzen. Apaolazak, ordea, ez du huts egiten: bere presentziarekin, maitasunezko keinuz laguntzen dio. «Berak ni zaindu nau bizitza osoan; orain, niri dagokit berari zor diodana ematea», esan du, apaltasunez.
Zaintzaren bidea ez da erraza izan. Lehen sintoma txikietatik egoitza batera iristeko erabaki zaila hartu bitartean, urteak igaro ziren. Denborarekin batera, beldurra, neke fisikoa eta emozionala, eta, maiz, bakardadea. Baina horien gainetik, maitasunak hartu du bidea. «Ez nau ezagutzen, baina nik badakit nor den. Eta horrek ematen dit indarra», dio Juan Mari Apaolazak, bere kemena agerian utziz.
2017. urtean jaso zuten emaztearen diagnostikoa. Lehenengo, etxean zaindu zuen. Baina gaixotasunak aurrera egin ahala, egoitza bateko arreta espezializatua behar izan zuen emazteak. Hori ere ez zen erraza izan: «Bi egoitza desberdinetan izan zen Argixaora joan aurretik, eta neketsua izan zen prozesua». Emaztearekin dagoenean, batzuetan eskua hartzen dio, beste batzuetan ‘Habanera’ kantatzen dio, gozo-gozo. «Ez dit hitzik esaten, baina nabaritzen dut nola lasaitzen den».
Bidean, iluntasunak eta argitasunak ikusi dituzte. Ordurako Argixaoko egoiliar zela, Matiak kudeatzen duen arreta zerbitzuaren berri izan zuen. Horrela ezagutu zuen Nerea Manterola, programako psikologoa. Harreman hori funtsezkoa izan da Apaolazarentzat. «Lehen egunean ez nekien zer esan. Baina Nereak ez zuen presarik. Entzun, eta gero hitz egin zuen. Eta hor hasi zen niretzat benetako laguntza».
Manterolarekin izandako elkarrizketek sentitzen zuena izendatzen lagundu diote, eta arindua ekarri diote eguneroko zaintzaren pisuari. «Nolabait, bidelaguna dudala sentitzen dut. Berari esker, badakit nire sentimenduek leku bat dutela. Batzuetan negar egitea ere onartua sentitzen dut».
Horregatik, zaintzan diharduten profesionalen lana goraipatu nahi du Apaolazak. Ez bakarrik gaixoen alde egiten dutenagatik, baita zaintzaileak laguntzeagatik ere. «Gorputza zaindu behar da, bai, baina baita arima ere. Eta hor, Nerea bezalako profesionalek lan itzela egiten dute».
Zaintza ez da ohiko lan bat. Ez da soilik ikasi eta botikak, higienea edo arreta fisikoa eskaintzea. Zaintza, Juan Mari Apaolazaren hitzetan, enpatiatik abiatzen da. «Enpatiarik gabe ezin da zaindu. Bestea sentitu gabe, ezin da ondo lagundu. Eta hori egunero ikusten dut egoitzan: Nereak begiradarekin, tonuarekin, keinuekin transmititzen duenak balio handia du».
Lerro hauek baliatuz, Apaolazak «eskerrak» eman nahi dizkie Manterolak bezala, entzuten, laguntzen eta zaintzen dakiten langileei. «Haien lana funtsezkoa da, eta zaintza duina posible egiteko, ezinbestekoa da baldintza onak eta ratio egokiak bermatzea. Haiek ondo badaude, gu ere bai».
Argixao egoitzako bisitak xumeak dira eta Apaolazak badaki agurra gerturatzen ari dela. Baina beldurraren gainetik bakea sentitzen du. «Ez dut nahi oinazea izan dezan. Ez dut nahi bakarrik joan dadin. Horregatik, hemen nago, egunero. Eta inguruan ditudan profesional horien lana, nire ondoan egotea da». ■
Isiltasuna hausteko beharra