Zaintzaren atzean herri oso bat
Legorretan urrats bat gehiago egin zuten adinekoen eta nahi gabeko bakardadean dauden herritarren zaintzaren arloan, 2022ko maiatzean. Eguneko Arreta Zerbitzua ireki zuten, eta eredu berritzailea da Legorretakoa.
Legorretako erdigunean, herriko plazan dago Eguneko Arreta Zerbitzua (EAZ), 2022. urteko maiatzaren 30etik. Bi gela, bi komun egokitu eta terraza dituen espazioa da. Balioanitzeko gelan mahai tolesgarriak daude, eta egongelan butaka etzangarriak eta telebista. Espazio soil bat baino askoz ere gehiago da: mendekotasun arriskuan edo mendekotasun egoerako lehen graduan dauden legorretarren autonomia eta harremanak sendotzeko gune komunitarioa da. 2014an Legorretan hasitako bidearen emaitza da, laguntza eta prebentzio izaera duena. Egitasmo berritzailea da Legorretan sortu dutena, inguruan bakarrenetakoa.
Legorretan urteak daramatzate adinekoen zaintzari herri bezala erantzuten. Udalak 2014tik bi egitasmo komunitario ditu martxan adinekoei bideratuta, Itsaso Urretagoiena udaleko gizarte langileak gogoratu duenez. Batetik, Pikuak Kalera egitasmoa: «Ostegunero, jubilatuen elkartearen eta eragile desberdinen parte-hartzearekin eta laguntzarekin, ibilaldiak egiteko biltzen dira». Bigarrena, memoria eta autonomia lantzeko tailerra da, astean bitan, jubilatuen elkartean egiten zena, soinketa saioak.
Plan estrategikoa
Era berean, 2021ean Legorretako Udalak herritarrekin batera egindako prozesutik eraikitako 2030eko Legorretako Plan Estrategikoa ere urrats garrantzitsua izan zen, adinekoen autonomiari eutsi, ohiko bizimoduarekin jarraitzeko bidea eman eta harremanak sendotu ahal izateko espazio bat sortzerakoan. Izan ere, «plan estrategiko hartan erabaki genuen zaintza ardatz bezala sartzea», aitortu du Urretagoienak.
Gainera, plan estrategikoa egiteko garaian udaleko alderdi politikoek, teknikariek, eta eragileek eta herritarrek hartu zuten parte. «Denon artean osatutako plan bat izan zen. Abiapuntu ezin hobea zen, sostengua ematen duelako. Teknikari bezala ikusten dituzu behar batzuk, baina aldi berean herritarrek ere eskatzen dituzte eta politikariek ere sostengatzen dituzte».
Erronken artean, besteak beste, nahi gabeko bakardadearen egoera lantzeko beharra atera zen, eta beste bat, eguneko zentro bat sortzea, balioanitza izango zena. Gizarte Zerbitzuen Legeak ere, udalek eguneko arreta zerbitzu bat izan behar dutela edo izan beharko luketela nabarmendu du.
Dena den, bigarren mailako menpekotasunetik aurrera duten pertsonentzako Eguneko Zentroak foru aldundiaren konpetentzia badira ere, «udaletik aukera geneukan Eguneko Arreta Zerbitzua sortzeko, pertsona nahiko autonomoentzat». Denbora tarte horretan, aldundiak «gai horietarako diru laguntza lerro bat atera zuen eta laguntza hau baliatuz, lortu genuen 2022an, maiatzean, irekitzea Eguneko Arreta Zerbitzua». Lau erabiltzailerekin eta bi hezitzailerekin jarri zuten martxan.
Prebentzioa
Ate Irekiak antolatu zituzten egitasmoa bertatik bertara ezagutzeko. Izan ere, hasieratik «oso garbi utzi» nahi izan zuten «zerikusirik ez» daukala Eguneko Zentro batekin. «Ez zegoela gaizki egon beharrik horra joateko, autonomiari eusten laguntzea eta ohiko bizi ingurunean jarraitzen eta gizarteratzen laguntzea zela helburua».
Izan ere, prebentzioa da EAZren helburu nagusietako bat, bai adinekoen autonomiari, osasunari eta gizarte harremanei lotuta. «Azkenean, denok daukagu bakardade egoeran egoteko arriskua, edozein adinetan. Nahi gabeko bakardade hori herri mailan nola landu da gakoa, bakardadeak osasunean eta arlo emozionalean dakartzan ondorio negatibo horiek ahal den gehiena murrizteko. Ez iristeko isolamendu egoera batera, narriadura kognitiboak ez azkartzeko…».
Malgutasuna ardatz
Zerbitzua malgua izatea da EAZren beste bereizgarri bat. Astelehenetik ostiralera, 11:30etik 17:30era arteko zerbitzua eskaintzen dute, eguna hiru zatitan banatuta: 11:30etik 13:30era goizeko tailerrak; 13:30etik 15:30era bazkaria eta atsedena; eta 15:30etik 17:30era arratsaldeko tailerrak. «Erabiltzaile bakoitzak bere nahierara aukera dezake, ez dago dena hartu beharrik. 2022an martxan jarri genuenetik goizekoa ez dugu eskaini, eskaririk ez dugulako izan, baina aukera hori hor daukagu».
Kasu desberdinetako erabiltzaileak dituzte. «Badaukagu jendea astean hirutan etortzen dena bazkaltzera edo tailerretara, edo astean bost egunetan, edo arratsaldeko tailerretara egunero datozenak, edo bi egunetan datozenak… Norberak aukeratzen du zer nahi duen, gizarte langileari esanda, eta gizarte zerbitzuetan jarraipena eginda, antolaketa egokia egiteko».
Izan ere, Urretagoienaren esanetan, malgutasun horrek aukera ematen du beste plan batzuk egiteko ere. «Hau gai inportantea da, pertsona autonomoez hitz egiten ari garelako oro har, pertsona autonomoak izanik beraien bizitza antolatu dezaten beraien erara».
Erabiltzaileen profilari dagokionez ere malguak dira. «Ez dago mendekotasunik izan beharrik, adinean ez dago 65 urte baino gehiago eduki beharrik, baina, beti ere, beharrezkoa da gizarte zerbitzuetako balorazio bat. Hau da, programa horretan parte hartzeko pertsona egokia dela eta taldeari ez diola eragin kaltegarririk eragingo ziurtatzeko, edo ez duela taldearen dinamikarik hautsiko».
Adibide bat jarri du: «Adibidez: gizarte bazterketan egon daitekeen pertsona batek, nahiz eta gazteagoa izan baina bere bizi egoeragatik, bere gaixotasunagatik, bere ibilbideagatik egokia baldin bada, parte har dezake. Profiletan sartzen ez den pertsonaren kasuan, guk ezagutu behar dugu ondo bere egoera. Balorazioa egin behar da, sarrera ez delako automatikoa. Baina malgutasun hori inportantea da, zerbitzu honen bidez bakardade egoerak ere ekidin nahi ditugulako, eta beste egoera batzuei ere aurre egin».
Erabiltzaileen kopuruari dagokionez, gehienez hamabi erabiltzailerentzako tokia dago. «Denera, hasi ginenetik, hogei erabiltzaile pasatu dira. Momentu honetan 11 erabiltzaile dauzkagu, baina ez denak aldi berean, eta horrekin pozik gaude».
Bazkaria, Intsaustienekoa
Oinarrizko elikadura eta higiene premiak asetzen dituzte, jangela zerbitzuarekin. Intsausti tabernan prestatuta eramaten dute kalitatezko janari egin berria. Hori bai, bazkari zerbitzua soilik hartzea aukeratzerik ez dago. «Bazkaltzera etortzen denak tailerren batean ere parte hartu beharra dauka, ez genuelako nahi jangela kontzeptu batera mugatu. Nahi genuen, baita ere, harreman sozial eta lanketa horiek sustatu».
Une oro hezitzailez lagunduta egoten dira erabiltzaileak. Bazkal garairako laguntza pertsonala eskaintzen dieten langile bat ere badaukate, 13:30etik 15:30era. «Eta, gero, 15:30etik 17:30erako tartean hezitzaile bat dago tailerrak edo soinketak egin ditzaten».
Proiektu komunitarioa
Hamabostean behin Ugaro herri eskolako haurren bisita jasotzen dute, eta eurekin pasatzen dute arratsaldea, ekintza eta jolas desberdinak eginez. Eta eskolara ere joan izan dira adinekoak, Historia klaseetara 1936ko gerrako kontuak kontatzera, adibidez.
Herriko egitasmoetara «gonbidatzen eta joatea animatzen» ere saiatzen dira. «Hitzaldiak ere antolatu ditugu espazio honetan bertan, herritarrak gonbidatuta. Eskolako haurrak txertatzearena ere ikuspegi ireki horrengatik egiten da. Saiatzen gara zubi-lana lantzen». Izan ere, Urretagoienak argi du erabiltzaileez gain, proiektuaren atzean «herri oso bat» dagoela. Txangoak ere egin izan dituzte, eta zenbaitetan familiartekoek parte hartu izan dute.
Helburu horiek guztiak lortzeko bidean, arreta zerbitzua herriko plazan kokatuta egoteari garrantzia handia eman dio gizarte laguntzaileak: «Garrantzitsua da herriko plazan bertan kokatzea. Zaintza herrigunean bertan ematea, espazio ireki bat da, komunitarioa, eta ez aparteko toki batean, herriarekin harreman hori bermatze aldera».
Izan ere, «komunitatearen inplikazioa» oso garrantzitsua dela gehitu du. «Orain arte zaintza familiaren gain egon bada ere, sinisten dugu zaintza gizarte osoak sostengatu behar duela».
Balorazio oso positiboa
Hiru urte hauetako balorazioa egitea dagokio orain Urretagoienari: «Oso positiboa da. Gizarte langile bezala, oso tresna baliotsua da, herritarren beharrei aurre egiteko. Udal bezala, egia da apustu handia dela. Hasiera batean diru laguntzak bazeuden ere, orain udalak bere gain hartzen du kostua».
Legorretan bizi direnentzat bakarrik den zerbitzuaren ordainketa, «ko-ordainketa» bidezkoa da. «Diru sarreraren arabera kalkulatzen da, beti ere gehieneko batekin; udalak finantzatzen du gehiena, baina erabiltzaileak ere zati bat jartzen du».
Erabiltzaileen familiek ere balorazio «oso-oso positiboa» egiten dutela nabarmendu du. «Familiak oso eskertuta daude. Familiei ere lan-zama arintzen zaie emozionalki, badakitelako ondo lagunduta dagoela eta jendearekin dagoela. Familiatik kanpoko harremanak mantentzea ere oso garrantzitsua da».
Ateak irekita
Gizarte Zerbitzuetatik gogorazi dute, arreta zerbitzua erabiltzeko interesa dutenek Legorretako Udaleko Gizarte Zerbitzura joan edo deitu behar dutela. «Plazaren bat geratzen da oraindik», bukatu du Urretagoienak. ■
Erabiltzaileak pozik zerbitzuarekin
Joxe Mari Iturriotz (86 urte) eta Martina Iriondo (87 urte) legorretarrak Eguneko Arreta Zerbitzuko bi erabiltzaile dira. Alargunak dira biak. Iturriotz egunero joaten da, bazkaltzera eta arratsaldeetako jardueretara. «Niretzako salbazioa izan da hau», aitortu du. «13:45ean edukitzen dugu bazkaria, Intsaustienetik ekartzen dute. Beti sukalde ona izan dute eta igual-igual jarraitzen dute. Niretzat soluzioa izan da».
Bazkal ondoren, 15:15a arte, «siestatxoa» egiten dute egongelako butaketan etzanda, mantatxoarekin goxo tapatuta, arratsaldeko jardueretarako indarra hartzeko. «Telebista ere badaukagu».
Iriondok bi arratsaldetan erabaki du EAZra joatea. Arratsalderoko eginkizunak finkatuta edukitzen dituzte, 15:30etik 17:30era. Iriondo astelehen eta asteazkenetan joaten da. «Astelehenetan bakoitzari geure karpeta ematen digute eta ariketak egiten ditugu: hizki zopak, pintatu… Ez ahazteko, mugimendua ez galtzeko dira. Mantenimendua egiten dugula esaten dut nik». Asteazkenetan, berriz, eskulanak egiten dituzte. «Margotzea oso gogoko dut eta eskulanak egitea ere bai. Ezertarako balio ez badu ere, nik disfrutatu egiten dut. Nik neuk egiten dudan lanari balio handia ematen diot».
Astearteetan gimnasia egiten dute, ostegunetan ariketak eta ostiraletan behera, tabernara jaisten dira, kafea hartzera. «Txandaka ordaintzen dugu», gogoratu du Iturriotzek. Bi astean behin eskolako haurren bisita ere jasotzen dute. ■
Helburuak
Erabilitzaileak
- Eutsi. Ahalik eta autonomia mailarik handienari eustea, horretarako programa egokiak garatuz.
- Sustatu. Gaitasun kognitiboak, funtzionalak eta sozialak sustatzea.
- Indartu. Segurtasun sentimendua indartzea.
- Integratu. Komunitatean integratzea eta bakardade egoerak konpentsatzea.
- Hobetu. Bizi kalitatea hobetzea, autoestimuan eta ongizate emozionalean arreta berezia jarrita.
- Garatu. Ikaskuntza berriak garatzea.
Familiak-zaintzaileak
- Informatu. Familiei edota zaintzaileei informazioa, orientazioa eta aholkularitza ematea. Atsedena ematea, gainkarga arriskua murriztuta.
- Hobetu. Erabiltzaileen bizi kalitatea hobetzeko ezagutza ematea.
- Prestatu. Gaitasunen garapenerako prestatzea, estresa gutxiagotzeko eta, era berean, emozio egoera hobetzeko.