Bizikletarekin eta eskiekin Alaskan

Ainhoa Unanue urretxuarra eta Bennett Pearce alaskarra Urretxuko Udalak ematen duen Xabier Ormazabal Bekaren eskutik joan ziren Alaskara. Proiektuak bi zati zituen: Eklutna Traverse eski zeharkaldia egitea eta beharrezko material guztiarekin kostaldeko Valdez herritik Anchorage hirira joatea, bizikletaz. Lehen zatia ezin izan zuten egin, elurraren baldintzak ez baitziren behar bezain onak.
Unanue 2001ean jaio zen. Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, eta Ingeniaritza Informatikoa ikasi ditu, eta Urretxuko Smartlog enpresan lan egiten du. Kirolzaletasuna etxetik datorkio. «Eskiatzera, mendian ibiltzera… umetatik joan izan naiz. 12 urte nituenean Chamonix-Zermatt trekking-a egin nuen etxekoekin, mendi aterpe batetik bestera. Gainera, hiru anai-arrebeten gazteena naiz eta beraiek irekitako bideari jarraitu diot. Urte asko eman nituen korrika Goierri Garaia klubean. Krosa egiten nuen eta mendiko lasterketetan ere parte hartu dut, baina utzita daukat. Krosean ez nintzen onena, baina asko gozatzen nuen», azaldu du kirolari urretxuarrak.
Kirola bere bizitzako ardatzetako bat da eta, hala, Erasmus non egin ere horren arabera erabaki zuen: Suitzan egin zuen. Bertan otu zitzaion Xabier Ormazabal Bekara aurkeztea. «Erasmus Suitzan egin nuen. Mendiagatik joan nintzen hara. Alaskako lagun bat egin nuen bertan [Bennett Pearce] eta berarekin joaten nintzen mendira eta eskiatzera. Beka deialdia aurkeztu zutenean, lagunak aurkeztea proposatu zidan».
Ez zuen espero beka irabaztea. «Herriko beka izanda, parte hartzea erabaki nuen. Beka lortu nuela jakin nuenean, sekulako sorpresa hartu nuen. Izan ere, parte hartzen duen jendea punta-puntakoa da eta oso proiektu handiak aurkezten dituzte. Miresten dudan jendea da. Guk, gure mugen barruan, abentura txiki bat aurkeztu genuen», aipatu du.
Xabier Ormazabal Bekak orain arteko abentura handiena bizitzeko aukera eman dio. «Alaskara joatea oso garestia da, eta bekak horretarako aukera eman digu. Gure helburua lauzpabost eguneko eski zeharkaldi bat egitea eta ondoren Valdezetik Anchoragera joatea zen, eskiak gainean genituela. Suitzan egon ginenean trena erabili genuen toki batetik bestera joateko eta askatasun sentsazioa ematen zigun. Eskalatzera, eskiatzera… trenean joaten ginen. Alaskan bizikleta erabiltzea pentsatu genuen. Izan ere, bizikletak ere paisaiaz gozatzeko aukera eskaintzen du», azaldu du.
Hiru aste igaro zituzten Alaskan. Zoritxarrez, eski zeharkaldia ezin izan zuten egin, elurra ez zelako behar bezain ona. «Hasierako zatian ez zegoen elurrik, eta aurreragokoan elur jausiak izan ziren. Hori dela eta, eski zeharkaldia ez egitea erabaki genuen. Zorionez, bizikletarekin egin nahi genuen bidaia egiteko ez genuen arazorik izan. Oso esperientzia polita izan zen. Gainera, urteko sasoi horretan oso jende gutxi joaten da Alaskara. Udan hasten da jendez betetzen. Alaskara joaten diren gehienak ehiztariak eta arrantzaleak dira. Alaskako populazioa Gipuzkoakoaren parekoa da, baina Alaska Gipuzkoa baino askoz ere handiagoa da. Hori dela eta, bizikletan egin genuen bidaian zehar apenas ikusi genuen jenderik».
Hala, naturaz gozatu ahal izan zuten. «Errepideak huts-hutsik zeuden eta dimentsioak izugarriak dira. Mendiak ez dira bukatzen. Mendi batzuetara helikopteroan edo abionetan bakarrik joan daiteke».
500 kilometro baino gehiago egin zituzten bizikletaz. «Graveleko bizikletarekin joan ginen, errepidez. Azkeneko bi egunetan bakarrik ikusi genituen autoak, hirira gerturatzen ari ginenean. Eskerrak, han ez baitaude bizikletak ikustera ohituta. Kontuz ibili behar da. Lehenengo 200 kilometroetan ez genuen dendarik eta gasolindegirik ikusi. Inguru hura hutsik zegoen sentsazioa hartu genuen».
Urretxuarrak Alaskara itzultzeko asmoa du. «Beste modu batera bidaiatzea eta beste toki batzuk ezagutzea gustatuko litzaidake. Alaskan toki asko daude ikusteko. Seguru asko, noizbait itzuli egingo naiz».
Oraingoz ez du beste abenturarik buruan. «Denetik pixka bat egiten dut, baina ez dut egitasmo berezirik. Mendira joaten naiz, bizikletan ibiltzen naiz, eta eskiatzera ere joaten naiz», aipatu du.
Lanari dagokionez, praktikak Smartlog enpresan egin zituen eta han jarraitzen du lanean. «Herrian lan egitea gauza handia da. Herrian halako enpresa izatea oso ona da gazteontzat», amaitu du kirolari eta abenturazale urretxuarrak. ■
