Pertsonen bizi kalitatea hobetuz
Inklusioa kalean, auzoan, kultur etxean, kiroldegian, boluntariotzan edo jaietan eraikitzen dela abiapuntu hartuta, Goienetxe fundazioak eguneko arreta eskaintzen die adimen desgaitasuna duten pertsona helduei Garaguneetan. Ordizian eta Legazpin bana daude.
Abuztuko oporraldi masiboa amaituta, gizartea ohikotasunera itzultzen hasia da irailarekin urtero bezala. Herriak eta auzoak betiko erritmoa hartzen hasita daude, ikastetxeak ateak irekitzear daude eta lan mundua egunerokoan murgildu da dagoeneko. Indarberrituta eta ilusioz batzuk, datorrenari kopetilun begiratuta beste batzuk, kontua da irailak etapa berri bat markatzen duela herritar gehienen agendan.
Garaguneetan ere antzera bizi dute eguneroko jarduerara itzultzea, baina ilusioa da nagusi. Atsedenaldiaren ondoren, bakoitzaren bizi proiektuan urrats berriak egiteko prest daude erabiltzaileak, erronka, aukera eta helburu berriak jomugan jarrita. Goienetxe Fundazioak (Fundacion Goyeneche de San Sebastian da izen ofiziala) adimen desgaitasuna duten helduei eguneko arreta zerbitzuak eskaintzen dizkien zentroak dira Garaguneak. Gipuzkoan hamazazpi daude, eta horietako bi, Goierrin daude.
Goierriko arreta zentro zaharrena Itsasondon ireki zuten 1999an, eta bertan egon zen 2007an Ordiziako Urdaneta kalera aldatu zuten arte, Garagune bihurtuta. Legazpikoa 2o04an jarri zuten martxan, Urtatzan, Gureak lantegiaren ondoan, baina Garagaune gisa 2011tik dago irekita, Aizkorri kalean, plazatik metro gutxitara.
Eredu pertsonalizatuagoa
Goienetxe Fundazioa historia luzeko erakunde soziala da, pribatua eta irabazi asmorik gabea, adimen desgaitasuna duten pertsona helduei Gipuzkoa osoan eguneko arreta eskaintzen diena, pertsona horien familien babesarekin. Horretarako dituen programetako bat lurralde osoan sakabanatuta dauden Garaguneena da, eta Pausoa eta Auzoan dira besteak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako departamentuaren laguntzarekin garatzen ditu hiruak.
Urte hauetan guztietan, gizartearekin batera eboluzionatu du fundazioak, eta horrek bere zerbitzuak, lan egiteko moduak eta antolaketa bera eraldatzera eraman du. Aldaketa horren oinarrian ideia nagusi bat dago: pertsona bakoitzak bere bizi proiektua eraikitzeko eskubide osoa eta parekidea du, behar dituen laguntzak jasota, eta bere komunitatearen parte izanda.
Horrek esan nahi du baliabideetan oinarritutako eredu tradizionaletatik, pertsonan arreta gehiago jartzen duten beste eredu batzuetara igaro dela erakundea. Hala, arreta hutsetik laguntasunera igaro da, eta komunitatean presentzia mugatua izatetik, partaidetzaren, ekarpenaren eta hiritartasunaren aldeko apustu garbia egitera. Azken batean, laguntza eredu pertsonalizatuagoa sortu dute, gertutasuna eta inguruarekiko lotura ziurtatzen duena.
Eredu hori, azken batean, pertsonan oinarrituta dago eta bizi kalitatea du helburu, eskubideekin konprometituta dago, eta komunitatearekin lotuta dago. Eta hori guztia posible da zentroetako profesionalen, familien, boluntarioen eta erakunde laguntzaileen ahalegin partekatuari esker.
Goienetxe fundazioak alor honetan garatzen duen lanaren ezinbesteko zutabea ikuspegi etikoa da, eta horrek pertsona bakoitzaren proiektu pertsonala eta partekatutako inguruneetan elkarbizitza, parekidetasuna eta tratu ona eraikitzea uztartzen ditu. Horrela, erakundeak ezinbestekotzat jotzen du pertsona bakoitzaren nortasuna errespetatzea eta onartzea, eta bere gaitasunak, lorpenak eta ekarpenak aitortzea. Gainera, herritar bezala dituen eskubideen aitortza eta gizarte inklusioa bultzatzea beharrezkotzat jotzen ditu, baita errespetuaren, konfiantzaren eta zainketaren bidez harremanen balioa onartzea ere.
Garaguneen egunerokorako tresnak
Egunerokoan eta Garaguneetan zentratuta, eredu berri horrek erabiltzaile bakoitzaren Plan Pertsonalizatuan du gida nagusia. Pertsona bakoitza hobeto ezagutzeko eta bere helburuak hobeto ulertzeko balio duten tresnak, solasaldiak eta praktikak daude jasota plan horretan, eta ezinbestekoa da laguntzak edo babesak sortzeko, komunitatea guztientzako espazio atseginagoa eta irisgarriagoa izan dadin.
Plan horren zutabeetako bat komunitatearekin loturak ezartzea da. Garaguneak herri erdietan daude kokatuta, herriko bizitza garatzen den lekuan bertan, eta horrek inklusioa errazago egiten du. Izan ere, inklusioa kalean, auzoan, kultur etxean, kiroldegian, boluntariotzan edo herriko jaietan eraikitzen da. Eta hori lortzeko, ezinbestekoa da erabiltzaileak eta komunitatea lotzea, eta horretan profesionalek egiten duten lana.
Erabiltzaile bakoitzaren interesak, talentuak eta nahiak identifikatu ondoren, komunitateko proiektu ezberdinekin, espazioekin eta pertsonekin harremanak eta loturak eraikitzen dituzte, komunitate konektatzaileren figurarekin. Topaketak eta topalekuak sortzea da helburua, harremanak sendotzeko eta laguntasun sareak zabaltzeko. Izan ere, benetako inklusioak esan nahi du gizartean parte hartze aktiboa izan behar dela eta eragin ahal izan behar dela, erabakietan parte hartzeko aukera izan behar dela, beste pertsonekin harremanak izatea eta sozialki baloratuta duten roletatik lagundu ahal izatea posible izan behar dela.
Eta hori guztia, jarduera edo ekintza programa bati jarraituz egiten da. Asteko programa hori tresna garrantzitsua da Garaguneetako erabiltzaileen eguneroko bizitza antolatzeko. Baina lan edo egitekoen agenda bat izan beharrean, pertsona horiek behar dituzten laguntzak antolatzeko, gizartean parte hartzeko aukerak zabaltzeko eta bere interesekin lotuta dauden esperientziak sortzeko balio du gehiago programa horrek.
Garaguneen egunerokoa antolatzeko beste tresna garrantzitsu bat Inklusioaren Mapa da. Erabiltzaile bakoitzarekin batera osatzen da, eta komunitatearen arlo desberdinetan nola parte hartzen duen eta txertatzen den ikusteko baliagarria da. Inklusioaren Mapari esker, harremanak, espazioak, laguntzak eta aukerak identifikatu daitezke, eta oso baliagarria da parte hartzerako bide berriak irekitzeko, eta horretan behar den laguntasunean hobeto orientatzeko.
Baina kanpora begira bakarrik ez, barrura begira ere lan egiten dute Garagauneetan, eta zentroaren antolaketan eta bizitzan ere hitza badute erabiltzaileek. Denen artean hartzen dira erabakiak, bilerak egiten dituzte horretarako, eta zentro bakoitzak du bere bozeramailea, Gipuzkoa osoko ordezkariekin osatutako batzordera proposamenak, kexak eta eskariak helarazteko. Bozeramaileen batzordea da Garaguneek duten adierazpen kolektiboko espazio nagusia. Batzorde horretan parte hartzen dutenek, aurretik bere zentroetan jasotako iritziak partekatzen dituzte, gai garrantzitsuak antzematen dituzte, eskariak egiten dituzte eta, orokorrean, erakundearen bizitza hobetzen laguntzen dute. Bozeramailetza lanak lidergoa, komunikazioa eta hiritartasun aktiboa praktikatzeko eta ikasteko aukera ekarri du. Horren barruan, azken urtean Garaguneek Talde Eragilea jarri dute martxan, gaiak hobeto prestatzeko, materialen irisgarritasuna hobetzeko eta erabiltzaileek egindako proposamenen jarraipena indartzeko.
Familiak, boluntarioak eta aliantzak
Baina hori guztia ez litzateke posible izango Goienetxe Fundazioaren ezinbesteko zutabea osatzen duten familien partaidetzarik eta laguntasunik gabe. Proiektuaren alderdi garrantzitsua dira fundazioko zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonen familiak. Zentro batzuetan, garai batean erabiltzaileen eta familien artean egiten ziren bilerak berreskuratu dituzte, eta balorazio positiboa egin dute. Dena dela, aitortzen dutenez oraindik badute zer egin bilera horietan partaidetza eta entzute mekanismo egonkorrak ezartzeko.
Eta ezin dira boluntarioak ahaztu behar. Erakundearekin eta ematen dituen zerbitzuekin zerikusia duen proiektu handiaren dimentsio baliotsua dira. Hurrengo urteei begira badago erronka bat boluntario lanaren inguruan, eta hori da egiten duten ekarpenari ikusgarritasun handiagoa ematea, duten harrera sendotzea eta partaidetza kanalak eta protokoloak hobeto ordenatzea. ■
Legazpiko Garagunea, urrats txikiz betea
Legazpiko Garagunea 2011tik dago Aizkorri kaleko lokalean kokatuta, herriaren erdi-erdian, plazatik metro gutxitara. Lokalak 230 metroko zabalera du, eta iga zentro guztien egitura bera du: sukaldea, jangela, lan eta bileretarako gela, gela txikiagoak… Espazio irisgarri, moderno eta erosoa da, erabiltzaileen goxotasunerako diseinatutakoa. Bertara 14 erabiltzaile joaten dira, astelehenetik ostiralera, eta Garagunetik kanpo desplazamenduak egiteko furgoneta egokitu bat dute. Arduradun bat du zentro honek, eta bi profesional ere bai arreta zuzenean. Alor honetan lan egitea erabaki duten ikasle batzuk ere izaten dituzte tarteka laguntzaile, praktikak egitera joanda.
Jardueraz, ekintzaz eta proiektuz beteriko egunak igarotzen dituzte Garagunean, aspertzeko denborarik gabe ia, baina agenda betea izateak baino gehiago, garrantzia handiagoa dute agenda hori osatzen duten hitzorduek pertsona horien bizitzan duten eraginak eta esanahiak.
Izan ere, ekintza bakoitzak zentzua hartzen du pertsonan izan duen eragina zein izan den begiratzen denean. Oso garrantzitsua da ikustea Garagunera joaten den pertsona batentzat zer izan den ilusioa egiten dion jarduera batean parte hartzea, erabaki handi bat hartzea, bere lagun sarea zabaltzea, komunitatean espazio berri bat aurkitzea, desio bat betetzeko pauso berri bat ematea, edo bizitzarako helburu berri bat ezartzea. Laguntza egokiekin, pertsona horiek beraientzat garrantzitsuak diren alorretan aurrera egiten dute. Batzuetan, lorpen ikusgarriak dira, baina gehienetan egunero egiten dituzten urrats txikiak dira balio handia dutenak: gauza bat edo bestea nahiago dutela adieraztea, talde bateko kide izatea, ekintza komunitario batean parte hartzea, lagun berri bat egitea, kalean agurtua izatea, zentzua duen errutinaz gozatzea, edo esperientzia berriak bizitzea.
Guztiak dira bizitza proiektuak, eta Goienetxe Fundazioak horien lorpenerako lagundu egiten ditu pertsonak, bakoitzaren nortasuna errespetatuz eta guztiek desioak, gaitasunak eta komunitateari eskaintzeko zerbait baliotsua dutela sinetsita.
Urrats txiki horiek
Legazpiko Garaguneko kideek egunero egiten dituzten urrats txiki horien artean makina bat eredu aurkitu daitezke, baina hiru aipatzea nahikoa da duten dimentsioa ulertu ahal izateko. Artea, musika eta kirola dira eredu horien ardatza.
Artea poltsetan egitasmoa da bat, Legazpiko herriaren bihotzean sormena eta konpromisoa batzen dituena, eta Ilinti merkatarien eskutik iritsi dena. Oihalezko poltsak margoekin apaintzea izan da egitekoa, baina poltsa horiek ez dira objektuak bakarrik, eskuz esku, komunitate osoa konektatzen duten mezuak baizik. Bego, Ana, Juana, Jesus Mari eta Eugenia izan dira proiektu honen motorraren parte, beste kide batzuekin batera, eta urte osoan zehar gauzatu dute, hainbat kanpainatan banatuta. Poltsetan emandako pintzelkada eta marra bakoitzak batasuna adierazten zuen, pertsonak helburu komun baterako elkartzen direnean sortzen den indarra adieraziz. Horrela, koloreen, ideien eta topaketen artean, arteak zerbait indibiduala izateari utzi eta auzokideen arteko zubi bihurtu zen, herriarekin loturak sendotuz.
Musikak ere badu lekua Garagunean. Bertakoak komunitateko herritar aktiboak direnez, asko dute besteei eskaintzeko eta laguntzeko. Juan Mari da horren adibide. Nagusilan elkarteko boluntario izateaz gain, musikarekiko egundoko pasioa du, panderoarekiko bereziki, eta horrek gogorarazten du diferentziek ez dutela bereizten, aberastu baizik. Diferentziak batasunera gonbidatzen du, elkarrekin gizarte bat eraikitzera, non ahots bakoitzak kontatzen duen, eta istorio bakoitzak garrantzia duen.
Kirolaren alorrean, Lauraren adibidea da aipagarria. Lauraren plan indibidualean ikusi daitekeen bezala, bere nahia eta eskubidea da bizi kalitate ona izatea, kirolaren eta jarduera fisikoaren bidez. Astero, Garaguenan , bere erabaki kontziente eta pertsonaletik abiatuta, helburu horiek lortzen lagunduko dioten kirol-jadruerak egitea erabaki du. ■


