Ataungo jardunaldia, Burdin Aroari begira

Murumendin Burdin Aroko kokalekua. Suhar arkeologia taldea indusketan, 2010ean. Zeramika piezak eta harresi zatiak aurkitu zituzten. / Suhar
EHUren Udako Ikastaroetan, Mattin Aiestaran arkeologoak Burdin Aroko herrixken azterketaren bilakaera azaldu du, Ataunen. Pirinioen mendebaldean batasuna iradoki du.
Beste urte batez, EHUren Udako Ikastaroek arkeologiako, historiako eta antropologiako jardunaldiak eskaini dituzte Ataunen. Lehengo astean, bi egunez, zortzi irakasle, katedradun eta idazle aritu ziren Jose Migel Barandiaranen ekarpena Arkeologia, Etnografia eta Euskal Mitologiara gaia jorratzen, hirugarren emanaldian. Tartean, Burdin Aroari buruzko klasea eman zuen Mattin Aiestaran arkeologoak (Tolosa, 1991), Barandiaranek 1957tik 1959ra Intxurren (Albiztur-Tolosa) abiatutako ikerketa bidearen emaitzak eta garapenak azaltzeko.
Burdin Aroak milurteko bateko iraupena izan bazuen ere, haren ikerkuntza zientifikoak Euskal Herriko Kantauri isurialdean hutsune nabarmenak izan ditu. Mendebaldeko Pirinioen eremuan egindako ikerketak eta lanak xehatu ditu Aiestaranek –besteak beste, Aranguren ibarreko Irulegiko indusketaren zuzendaria da, 2017tik–. «Pirinioena ez da inola ere eremu isolatua. Barandiaranek berak ere bildutako abelbideak eta trashumantzia bideak markatu ditugu mapa batean, eta baita gaur egungo ikerketek erakutsi dituzten erromatar bideak ere. Burdin Aroaren ondorengo bideak dira, baina pentsa dezakegu horiek jatorria lehenago ere edukiko zutela. Ondo lotutako eta konektatutako lekuak dira Pirinioen bi aldeak eta inguruak. Ez dute harresi bat edo muga fisiko pasaezin bat sortzen; aldiz, konexioak sortzen ditu bi aldeetara. Burdin Aroan ere hori ikusten da», azaldu du Aiestaranek.
EHUko Barandiaran Katedrak antolatu du Udako Ikastaroa Ataunen, hirugarren aldiz. Jose Antonio Mujika irakasle beasaindarra da zuzendaria, eta Jose Migel Barandiaranen ekarpena bistaraztea, hark irekitako bideen gaur egungo bilakaera erakustea, eta zientzia-ikerketak zertan diren azaltzea du helburu. Hain justu, Gipuzkoan Barandiaran hasi zen Burdin Aroaren peskizan, Lapurditik itzuli zenean. Hark induskatutako Intxurreko aztarnategia izango zen, luzaroan, herrialdeko herrixka harresitu bakarra, gaiari heldu ez izanaren hutsunearen erakusle.
Azken 25 urteotan, hala ere, asko garatu eta zabaldu dira Gipuzkoan Burdin Aroko aztarnategien bilaketa, miaketa eta indusketa. «Herrixka gehiagotan lan egin da, beste mota batzuetako bizilekuetan ere bai». Goierrin, Murumendin lehenik; baita azken urteetan Aralarren ere, Mujikak berak zuzendutako kanpaina arkeologikoetan. Euskal Herrian, 1980ra arte, mediterranear isurialdean (Nafarroa eta Araba) askoz gehiago landu zen Burdin Aroa..
480 herrixka katalogatuak
Gaur egun, nazio osoan, 480 herrixka gotortu daude katalogatuta, Burdin Arokoak. Horietatik «oso gutxi» ikertu dira, ordea, «sakon eta metodo berriekin». «Eremu gutxi ikertu dira miaketa intentsibo batez. Euskal Herriko mendialdean hutsune nabarmena dago oraindik ere. Bizileku sakabanatuetan, gune produktiboetan eta bestelako aztarnategi motetan ia ikerketa eza dago. Soilik nekropoli gutxi batzuk ikertu dira», laburbildu du Aiestaranek.
Hala eta guztiz, Kantauri isurialdean ikertutako apurraren kalitatea eta maila goraipatu du, azken urteetakoak izaki, azken teknologien eta metodologien arabera aztertu direlako. «Gipuzkoan eta Bizkaian herrixka asko ez daude, baina gehienak induskatuak izan dira, eta oso erregistro onarekin. Beraz, informazio oso aberatsa daukagu bizileku horiei dagokienez».
Aralarko aztarnategiari egin dio erreferentzia, berriz ere, Aiestaranek. «Beste bizileku mota batzuk dira hangoak: sasoikoak, artzaintzari lotutakoak. Urte askotako lanari esker, oso emaitza onak lortzen dira». Oro har, Burdin Aroko herrixkei edo bizileku finkoei jarri ohi zaie gaur egun ere arreta handiena. «Aztarnategi mota ezberdinak badaude ere, nagusiki arreta gehien ematen dutenak eta lurraldea gehien artikulatzen dutenak herrixka gotortuak dira. Burdin Aro hasieran hasi ziren agertzen, nahiz eta aldi berean topatzen ditugun babeserako gune txikiagoak, etxaldeak edo baserriak. Bilatuak izan diren tokian agertu dira azken horiek, baina dudarik gabe leku guztietan izango ziren».
Momentuz, Galiako erako aglomeraziorik edo Ebro ibarrean topatu diren oppida edo aurre-hiri harresitu handirik ez azaleratu Euskal Herrian. «Hori garaiko antolaketa soziopolitikoaren kontua litzateke. Beharbada, Arrolan eta Intxurren topa litezke, baina galdera askorekin». Brotze Aroaren amaieran eta Burdin Aroaren hasieran, herrixka gotortuetan bizitzen hasi zen gizakia. «Europa heze guztian gertatzen da fenomenoa, ez da isolatua. Bizimodu baten isla da: jendarte landatarra da, baina gerlaria ere bai».
Gogoeta batekin itxi du Aiestaranek jarduna, Irulegiko eskuaren inskripzioen ikerketak eman dezakeenetik jarraituta. Erromatar iturriek aipatzen duten atomizazioa –leinu ugari, banatuak, izen askotako komunitateak– arkeologian ere azaltzen dela aitortu duen arren, euskal eremuan batasun bat ere bada. «Oro har, badago zubi hori, eta badago berezitasun kulturalak erakusten dituen inguru homogeneo bat Pirinioen bi aldeetara. Horregatik da garrantzitsua Pirinioen bi aldeei metodologia berdinekin eta begirada bakar batekin begiratzea». ■